Uribarri-Erguingo gazte talde bat haserre dago auzo alkatetzarekin, jaiak direla-eta

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ira. 10a, 15:10

Aste bukaera honetan izango dira Uribarri-Erguin auzoko jaiak. Gazte talde bat haserre agertu da alkatetzak jaien egitarauan 'Erguin' hitza aipatu ez duelako eta idatzi bat bidali dio Kristina Zeziaga auzo alkateari. Idatzi horretan "Erguingoa izatearen sentimendua" aipatzen dute: "Beste herri edo auzo batera bizitzera joan zaitezke, baina nongoa zaren galdetzen dizutenean harrotasunez esaten duzu Erguingoa zarela". Kristina Zeziaga alkateak lasaitasunerako deia egin du: "Orain arte Uribarri-Erguin jarri izan dugu baina auzoaren izena Uribarri da berez. Hala ere, ez dugu liskarretan sartu nahi horregatik".

Zeziagak argitu gura izan du kaleko hizkeran Erguingo jaiak deitu izan diren arren, auzoaren izen ofiziala Uribarri dela: "Akaso auzoaren historiaren gaineko saio pedagogiko bat eman beharko dugu nondik gatozen jakinarazteko. Ez dugu liskarrik nahi eta auzoa banandu baino batzea da gure asmoa". Horretarako "auzotarren inplikazioa" eskatu du auzo alkateak: "Gazte talde hori haserre zegoela joan den egubakoitzean enteratu nintzen. Horren ordez lehenago etor zitezkeen eta gurekin berba egin. Erguingoa izatearen sentimendua ulertzen dut, baina sentimendu hori jaiak antolatzerako orduan laguntza emateko erabil dezatela eskatuko nieke". Azken sei urteetan martxoa edo apirilean etxez etxe jarri dituzte oharrak euro bateko "laguntza sinbolikoa" edo beste era bateko laguntza eskaintzeko: "Ideia berriak jasotzeko deia egin izan dugu baina sei urtetan ez da inor agertu".

Era berean, jaiak auzo guztiarendako antolatu behar direla esan digu Zeziagak: "Uribarri barruan Arimazubi, Gorostiza, Uribe eta Erguin sartzen dira eta guk jaiak auzoko gune guztietarako antolatu behar ditugu".


JAI EGITARAUA

IRAILAK 13, EGUBAKOITZA

Usaetxe plazan

17:00  Auzoko Ludoteka eta gaztetxokoren eskutik jolas eta tailerrak (ume eta gazteendako)

19:00 Suziri jaurtiketa auzoko jaiei hasiera emateko.

19.30 Bolo-bolo , Erraldoi txiki eta Buruhandiak umeentzako.

23:00 "UNA NOCHE SIN SABINA" kontzertua
        

IRAILAK 14, ZAPATUA

10:00 Diana

Iturripen

10:30-13:30 Tirolina,Ohe elastikoa ,San Migel kutxakin dorreak ,Arku jaurtiketa eta skate eta patin pista . 
 
11:00-14:00 Haur parkea, Puzgarriak

16:30-19:30 Tirolina, Ohe elastikoa, San Migel kutxakin dorreak, Arku jaurtiketa, Slackline eta Rapela
 
 23:00   Kontzertua: Malenkonia (Oñati), Mary May & Muppets (Arrasate), Ro (Oñati) eta PLC & The Poli-ticks (Aretxabaleta)

IRAILAK 15 IGANDEA

10:00 Diana

11:00-14:00 Puzgarriak eta Globoflexia

12:00 Triki-poteo

14:30 Auzo bazkaria Larrea plazan
 

Uribarri-Erguin auzoko gazte taldeak atera duen idatzia:

"Auzoko gazte talde bat gara, eta idatzi honen bitartez, kale bateko izena baino ez dela argudiaturik, jaien egitarautik Erguin izena kendu izanak min handia eman digula jakinarazi nahi dizugu. Igartzen da denbora gutxi daramazula auzo honetan, bestela, ez zenuke horrelakorik esango.
 
Erguinen esanahia zein den ez dakizunez, horixe bera azaltzera goaz:  Gutariko askok auzoko ikastolaren kamiseta defendatu izan dugu, eta gure aita eta aitonetariko gehienak auzoaren eraikitze lanetan aritutakoak dira.  Erguingoak herriko auzoetako azken jaiak izaten ziren eta horregatik, hain justu, bereziak izan dira beti.  Bigantxak ikastola pareko belardian, Udalpeko barraka, plazako musika jaialdiak…  Uribarriko jaiak, San Bartolome izenez ezagunak, betidanik abuztuan izan dira, eta zure erabakiarekin auzo horri bi asteburuko jaiak eman dizkiozu eta gu festarik gabe utzi.
 
Beste herri edo auzo batera bizitzera joan zaitezke, baina nongoa zaren galdetzen dizutenean harrotasun handiz esaten duzu Erguingoa zarela.  Gure amak betidanik kexatu izan dira erosketetako poltsekin Erguingo aldapa igo behar izateagatik, eta hori guztia, gure historia, di-da batean akabatu duzu auzoaren izena aldatzearen erabaki horrekin.
 
Auzotik buelta bat ematera gonbidatzen zaitugu, bere historia eta auzotarrak ezagutzeko; izan ere, jende askorentzat Erguingoa izatea sentimendua da, Erguin Arfegan hasten baita"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak