Takolo eta Garaia arteko proiektua, ekarpenen zain

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ira. 9a, 20:00

Takolo eta Garaia arteko errepidearen proiektua fase erabakigarrian sartzera doa. Izan ere, irailaren 20an amaituko da alegazioak eta ekarpenak egiteko epea. Orduan proiektua ordenazio fasetik irten eta exekuziorako fasean sartuko da. Hau da, zehazki zein lan egingo diren idatzi beharko dute Hirigintza Saileko arduradunek.

Egun Diputazioarena den errepide zati hori horri –errepide izaeraz diseinatuta dagoena– kale izaera ematea da asmoa: "Kale izaera emateak esanahi ezberdina du errepidearen zatiaren arabera. Asmo orokorra, hala ere, autoen protagonismoa txikitzen joatea da", diote Hirigintza Saileko arduradunek.

Oinezkoei lehentasuna

Proiektuak jasotzen dituen lan aipagarrienen artean Arrasate Pasealekua oinezkoendako jartzea nabarmendu du Hirigintza Sailak: "Udala plazatik Foruen plazara arteko bide zatia oinezkoendako jarriko litzateke. Hau da, Arimazubi eta inguru horretan  herritarrei emango zitzaien protagonismoa. Maila berean jarriko litzateke, irisgarriago, inongo espaloi eta koska gabe. Bidegorria ere izango luke".

Olandixoko tunelaren irekierak herri barruan auto gutxiago ibiltzea eragin du eta horri esker kale izaera eman ahal zaio errepide zati horri. Oinezkoei eta txirrindulariei eman gura zaie lehentasuna. Udalak Mugikortasun Plana jarri zuen abian agintaldi hasieratik; herritarrek autoa utzi eta beste era batera mugitzen hastea gura dute, eta proiektu hori bat dator egitasmo horrekin.

Epeak, diruaren arabera

Takolo eta Garaia arteko planaren epeei dagokienez, Udalak proiektu osoa idatzita utzi gura du 2014ko lehen hiruhilekorako. Behin-betiko izaera izango luke, baina lanak martxan jartzeko dirua behar da. Ekonomikoki ez dira garairik onenak eta horregatik proiektua hasieratik faseka egiteko moduan antolatu da: "Fase autonomoetan egin daitezke. Hau da, proiektuaren zati bat egin daiteke bestea ukitu gabe. Aukera hori badago. Hala, proiektu osoa pixkanaka joango ginen garatzen".

Bederatzi fase dira baina Udalak oraindik ez ditu lehentasunak markatu. Horiek aurrekontuetan  zein gobernu batzarretan onartzen doazen heinean joango dira zehazten: "Garrantzitsuena da fase batek ez duela eraginik bestean; pixkanaka joango gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak