Inazio Azkarragaurizar: "Hondakinen Mahaia eratuko dugu ordua delako konpromisoak hartzeko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ira. 3a, 15:36

Hondakinen problematikari irtenbide bat emateko Arrasateko Udal Gobernuak Hondakinen Mahaia eratuko du. 2011ko udal hauteskundeetan aurkeztu ziren alderdi politiko guztiak eta gaiarekin zerikusi zuzena duten eragileak deitu dituzte mahai horretara. Bihar egingo da lehen bilera, udaletxean. Inazio Azkarragaurizar alkateak udaletxean hartu gaitu Hondakinen Mahai horren nondik norakoak azaltzeko: "Iniziatiba hau hartu dugu pentsatzen dugulako arduraz jokatu behar dela. Ordua da konpromisoak hartzeko eta saiatu behar gara helburuetan adostasuna lortzen".

Hondakinen Mahaiaren lehen bilera bihar arratsaldean egingo da. Azken udal hauteskundeetara aurkeztu ziren alderdi politiko guztiak deitu ditu Bilduk eta Aralarrek osatzen duten Udal Gobernuak: EAJ, Alderdi sozialista, PP eta Ezker Anitza. Gaiarekin zerikusi zuzena duten eragile eta plataformak ere gonbidatu dituzte; horien artean, Stop Atez Ate, Arrasate Garbi, Ekologistak Martxan eta Arrasate Zero Zabor.

Jarraian duzue Udal Gobernuak Hondakinen Mahaia eratu izana azaltzeko bidalitako prentsa-oharra:

"Udal gobernuak, sei alderdi politiko eta koalizioz gain,  gaiarekin lotura zuzena duten lau eragile ere gonbidatu ditu, elkarrekin birziklapenean eta berrerabilpenean eragiteko aukera zabalduz. Irailaren 4an bilduko da lehendabizikoz hondakinen mahaia.

Hondakinen kudeaketarena mundu mailako arazo bihurtu da, bultzatu den gizarte ereduak hondakinak etengabe sortzera ohitu gaituelako. Erosi, kontsumitu eta bota; hemen horrelaxe funtzionatzen jarraitzen dugu oraindik ere, nahiz eta jakin badakigun hortik datorrela gaur egun dugun arazo larri bat: lehengai naturalak neurri barik ari gara xahutzen eta horren eraginak nabaritzen ari gara gure ingurumenean eta gure osasunean.

Arduraz jokatzen hasi beharrean gaude, ezinbestean eta ordezkari politikoei zein gai honekin lotura zuzena duten eragileei dagokigu iniziatiba hartzea. Izan ere, hondakinen arazoa ez da berria, ez da hiri hondakinen aferak piztutako gai bat; aurretik ere hondakinen inguruan hitz egin da eta aurrerago ere jarraituko dugu eztabaidatzen, arazoa konpontze aldera pausoak emanaz goazen heinean.

Gaur egun dugun kutsadura zelakoa den ikusi besterik ez dago, edo gaixotasun kopuruak zelan egin duen gora, orain arte egin diren ahaleginak nahikoa ez direla izan jakiteko. Udal gobernu honek argi du kutsatzea ezin dela inoren eskubide izan eta birziklatzea, berriz, ezinbestekoa dela gaur egun.

Pauso eraginkorrak eman beharrean gaude eta berrerabilpenean zein birziklapenean aurrerapauso garrantzitsuak eman ditzakegu; badira honez gero lorpen handiak egin dituzten herriak.  Eskualde honetan bertan ditugu bi herri sekulako emaitzak lortu dituztenak: Antzuolan %82 birziklatzen dute eta Oñatin bide berean doaz,  Arrasaten %35 soilik birziklatzen dugun bitartean.

Udal gobernu honek horregatik hartu zuen iaz Atez Atekoaren aldeko erabakia, birziklapen tasa altuak bermatzen zituelako, hain zuzen. Gaur egun ere jarraitzen dugu pentsatzen bilketa sistema efektiboena dela beste arrazoi bategatik ere: jendearen kontzientzia modu praktikoan lantzeko modu bakarra da gaur egun.

2014ko ekainean herri bakoitzak sortzen duen zabor kopurua (birziklatzen ez duena) neurtuko du Mankomunitateko Ingurumen zerbitzuak. Horren araberako ordainketa egin beharko dio herri bakoitzak Mankomunitateari (fiskalitate ekologikoa). Ez baita justua denek berdin ordaintzea herri batzuk beste batzuk baino zabor gutxiago sortzen dutenean edo gehiago birziklatzen dutenean. Zenbat eta zabor gutxiago sortu, gutxiago ordaindu.

Dena den, argi izan dezagun, bilketa sistemarena hondakinen arazoa konpontzeko landu behar den gaietako bat izango dela, beste askoren artean. Guk gutxiago sortu, berrerabili eta birziklatzearen alde egiten jarraituko dugu eta gogorarazi gura dugu azken bi urteotan zenbait pauso eman ditugula norabide horretan:

  • Auzo-konposta guneak eta autokonpostaje kanpaina berriak.
  • Zakarrontzi selektiboak kalean.
  • Kontsumo arduratsuaren aldeko apustua: Azoka.
  • Elkartrukearen postua azokan.
  • Herriko ospakizun ezberdinetako bazkari/afarietan hondakinak selektiboki biltzea.
  • Ekozenterraren aldeko apustua.

Arrasaten, gaur egun %35 birziklatzen dugu, baina aurrerapauso handiak egin ditzakegu denok hartzen baditugu benetako konpromisoak. Hondakinen mahaian denok arduraz jokatzen badugu:

-Guztion artean helburu batzuk markatuko ditugu birziklatzeari eta berrerabilpenaren inguruan. Eta helburu horiei begira eztabaidatu eta adostuko dugu, besteak beste, Arrasaterako hiri hondakinen bilketa sistema bat.

Mahai honetara gonbidatu ditugu Arrasaten azken Udal hauteskundeetan aurkeztu ziren sei alderdi politikoak eta koalizioak (Bildu, Aralar, EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Ezker Anitza) eta gaiarekin lotura zuzena duten herriko lau eragileak (Zero Zabor, Arrasate Garbi, Stop al PaP eta Ekologistak martxan).

Udal Gobernuak iniziatiba hau abiatu du helburu batekin: aukera berri bat zabaltzea  elkarrekin birziklapenean eta berrerabilpenean eragiteko. Irailaren 4an bilduko da lehendabizikoz hondakinen mahaia.

Azpimarratu gura dugu hau ez dela alderdiak eta eragileak hondakinen gaiaren inguruan bilduko dituen lehen mahaia. 2012ko maiatzean ere landu zuten gaia, arlo ezberdinetako 40 ordezkarik baino gehiagok, Hondakinen Kontseiluan elkartuta. Gaiari borondatez eskaini zioten arreta eta denbora eskertu nahi diegu parte hartu zuten guztiei. Orain, pauso berri bat ematera goazen honetan, kontuan hartuko dugu beraiek egindako ekarpen garrantzitsua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak