Deba, mozorrotutako altxorra

Iker Barandiaran 2013ko abu. 12a, 03:31

Gure Debagoiena gain honetatik behera ikusten den Deba herrian egona nintzen noizbait, baina ez nuen bere horretan ezagutzen eta nituen aurreritzi -okerrak- ezabatu zaizkit aspaldian, baita mamu berriak sortu ere.

Iazko abuztuan egin genuen bertan lehen egonaldia eta aurten errepikatu dugu; gustura gaudenaren seinalea, jakina. Ondo mozorrotutako altxor txikia da -diotenez- jatorri zeltiarreko izena duen herritxoa, udan jendez, ekintzaz eta giroz biderkatzen dena. Eibartar, elgoibartar, madrildar, frantses, herberetar eta 'peregrinoek' inbaditzen saiatu arren, debarrek beti lortzen dituzte terraza, plazatxo, kolunpixo eta hondartzan leku onenak eta parrandatan -abuztu osoan- beraiek abesten dute beti gehiago eta ozenago.

Berriez gain, betiko teknologiek ere dute lekua bertan (bai, Segura Irratia entzuten du)

Deba ibaia bertan hiltzen da eta orain gutxi arte zikin zetorren guretik, bai. Debako hondartzak, antza, ez dauka Zarauzkoak duen glamourra eta ezta Zumaia edo Getariakoen 'indie' kutsua. Probintziako familia eta jubilatuak trenean heltzen dira, gelditzeko, Debara. Ezinezkoa da autoa herrian aparkatzea, ezta Itziarreko bidean ere, eta Mendarotarrak zerga kobratzen hasi dira. Horiek guztiak egia erdiak dira, debarrek, beraien intereserako, zabalduak. Horietatik, hala ere, onartu beharra dago kostako herri honetako etxe bakoitzean hiru kotxe eta txalupa bana dutela aparkalekua hartzen.

Trenarena da, itsasokoaz gain, debarren ikuspuntua

Erretiratu, gazte, probintziako, madrildar, frantses, herberear eta Donue Jakue bideko peregrinoen artean oreka polita lortzen da Deban. Umeak ere ederto dabiltza oinezkoendako gune ugarietan: hondartza inguruan, Alameda zabalean eta baita Alde Zaharrean ere. Gurasoek horren beldurrik ez; ezta kaña eta ardoena ere; izan ere, Deban txikiteoa ez da kirola, derrigortutako zerbait baizik. Era berean, galerazita omen dago goizegi bazkaldu eta afaltzea, baita -esango nuke-, etxean jatea ere.

Umeak dira Deban, ordu txikiak heldu arte, agintzen dutenak

Hondartza, portu, Alameda eta Alde Zaharrean aspertzerik ez bada ere, natura eta lasaitasuna pixkat uztartu nahi duenak erraz du Casa Campo ingurura jotzea. Han marismetarantz jo eta, besteak beste, ahate eta ahuntzak aurkituko ditu paraje ederrean.

Ilunabar ederra Debako hondartzan

Eta kostaldeko herri legez, bertako herritarrek, itsasora begira bizi direnek, edozein aukera baliatzen dute lagunartea eta nostalgia, biak batuta, argi eta ozen abesteko; ordu txikietan bada, are eta hobeto. Hala ere, aitortu beharra dago inprobisaziotik hainbeste ez dutela, halakoetan ezerezetik gitarra eta soinua aterata jartzen direlako kale erdian luze abesten eta dantzan.

A, eta egun oso gutxi barru San Roke jaiak hastear dira, (autoen aparkalekurako ez bada) legerik gabekoa den herri honetan. Ausartzen bazara, ongietorria izango zara, ziur!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak