Goikobaluko antzinako erromeria berreskuratu gura dute, irailean

Ubane Madera 2013ko uzt. 29a, 12:41

Aurreko mende erdira arte Arrasaten egiten zen erromeria berreskuratu guran, opor osterako, irailaren 14rako hitzordua egin du Zuztarrak Errotuz elkarteak. Asmoa, 1950era arte ospatzen zen erromeria haren antzekoa egin eta, bide batez, ekimena Arrasateko Goikobalun izan zen gazteluarekin lotu eta hura ere aintzat hartu.

"Arrasateko Goikobaluko gaztelua Atxorrotzekoaren egoitza izan zela dio, adibidez, Sagredok. Eta entzundakoa da, baita ere, Atxorrotzetik bertatik Goikobalu ikusten zela, eta Goikobalutik Elosu", kontatu du Xabier Zubizarretak, Zuztarrak Errotuz elkarteko kideak.   

Elkarlanaren emaitza

Bada, historia eta antzinako ohiturak aintzat hartu eta herriko hainbat kultura elkarterekin harremanetan jarri ostean, egun osoko egitaraua prestatu dute irailaren 14rako: "12:00etan Seber Altuben kalejira hasiko dugu, txistulari, trikitilari eta bestelakoek lagunduta, 13:00ak ingurura arte. Orduan, Herriko Plazan elkartu, eta Goikobalurako igoera egingo dugu. 15:00etan jarri dugu bazkarirako ordua (norberak ekartzen duena bazkalduko dugu), baina lehenago bertsoak eta bestelakoak ere izango dira. Baita Aramaioko sagardogileak, Ekin elkartekoek egindako taloak eta txosna bat ere.

Arratsaldean, kalean ere bai

Eta arratsalderako joko eta bestelako ekitaldiak antolatu gura ditugu, erromeriaz aparte, jakina; izan ere, elkarlanean oinarritutako ospakizuna izango da", zehaztu du Larraitz Trojaolak Zuztarrak Errotuz elkarteko kideak. "Planteamendua da herriko kultura elkarte bakoitzak bere ekarpena egitea. Adibidez, bazkalostean Portaloia elkartearen eskutik kantuan egingo dugu…" , gehitu du Zubizarretak. "Eta 18:00etan denok batera jaitsiera egin eta Herriko Plazan, 20:00-20:30ak arte dantzaldia izango da; Goikobalura etortzen ez diren herritarrek ere ikus dezaten egun horretan zerbait berezia izan dela herrian", bukatu du Trojaolak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak