Euskadiko enpleguaren % 3,5 Mondragonek ematen du

Leire Kortabarria 2013ko uzt. 26a, 14:50

Mondragon Korporazioari dagokio Euskadiko enpleguaren % 3,5, eta industriako enpleguaren % 8,4. Horrez gain, Euskadiren Barne Produktu Gordinaren % 3,2 sortu zuen 2011n.

TU Lankide aldizkariak ematen ditu datu horiek eta gehiago, Mondragonek euskal ekonomian duen pisua adierazteko.

Enpleguari dagokionez, Nafarrokoaren % 1,6 eta industria enpleguaren % 2,1 ematen du Mondragonek.

Enplegu zuzenaz gain, Mondragon Korporazioaren aktibitateak Euskadin beste 14.000 lagunendako lana sortzen duela kalkulatzen du, korporazioaren enpresek sortzen duen ondasun eta zerbitzu demandarengatik.

Barne Produktu Gordinari dagokionez, Euskadiren BPGren % 3,2 eta industriaren BPGren % 7,4 sortu zuen 2011n. "Hau da, sortutako 31 euro bakoitzeko euro bat talde kooperatiboak sortutako ekintzetatik etorri zen, eta konparaketa 14 euro bakoitzetik 1 da, industriara mugatzen bagara", esaten du TU Lankidek.

Euskadin dauden kooperatiba industrialen kanpo-salmentak Euskadiko enpresek egindakoen % 12,2 izan ziren; Nafarroaren kasuan, % 1,6.

Inbertsio industrialen kasuan, Euskadin sektore osoak inbertitu zuen guztia estimatzen bada, Mondragoneko kooperatibek horren % 10,7 inbertitu zuten.

17,2 milioi gizarte-helburuetarako

Azkenik, Mondragoneko kooperatibek 17,2 milioi euro ipini zituzten iaz COFIPen, hau da, kooperatiben hezkuntza eta promozioan eta interes orokorreko beste helburu batzuk finantzatzeko derrigorrezko fondoan. Kooperatibek legeak behartuta banatu behar dituzte helburu horietarako irabazi batzuk, eta batik bat I+G, formazio eta kultura ekintzak finantzatzen dira horrekin. Kooperatiba bakoitzaren soberakinen % 10 doa fondo horretara, eta iaz, esan bezala, 17,2 milioi ipini zituen Mondragonek.

TU Lankidek dioenez, iaz, "askotariko hezkuntza jarduera, euskararen promozioa, garapen bidean dauden herrialdeekiko kooperazioa eta kirol eta laguntza ekintza asko" sustatu ziren fondo horrekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak