Arrasatearrak, tontorrak aktibatzen

Leire Kortabarria 2013ko abu. 2a, 02:00

Arrasateko hiru irratizale eta Durangoko bi Pirinioetan ibili ziren uztaileko lehenengo aste bukaeran, Summit On The Air (SOTA) izeneko nazioarteko txapelketan parte hartzen. Txapelketa horrek aurrera jarraitzen du, eta orain bi aste bukaerakoa bertako proba puntuagarrietako bat izan zen.

Beste irratizale batzuekin topatzeko aitzakia ederra izan zela esan digute, eta "oso ondo" joan zela proba bera: 24 puntu lortu zituzten. Hain zuzen, Belaguan, Nafarroko iparraldean jokatu dute proba hori.

Mendiak aktibatzea da lehiaketaren helburua; bestela esanda, Gotzon Altube taldekide arrasatearrak azaltzen digun moduan, "tontor batera igo norberaren emisora eta antenarekin, emititzea eta gutxienez lau lagunekin hitz egitea lortzea". Arrasatearrek eta durangarrek osatutako taldeak Ingalaterrarekin, Frantziarekin, Italiarekin, Portugalekin eta Euskal Herriko jendearekin berba egitea lortu zuen.

Tontor bakoitza aktibatzeak puntu kopuru bat ematen dio hori egiten duen taldeari; gehiago edo gutxiago, tontorraren arabera. Altubek dioenez, taldeak "helburua betetzea" lortu zuen: hiru tontor aktibatzea. "Puntuak geuk irabazi eta beste batzuei eman egiten dizkiegu, gurekin kontaktatzen dutenek ere puntuak lortzen dituztelako, beste sailkapen baterako". 

Gotzon Altuberen esanetan, "txapelketak elkarrekin egoteko modua dira" irratizaleendako, eta hamarretakoan ere primeran pasatzen dutela esan digu.

Hurrengo proba puntuagarria irailean izango da. Huescara joango dira. "Hiru mila metroko tontorrak aktibatu beharko direnez, proba gogorragoa izango da", esan digu Gotzon Altubek.

"Kalitate handia dago" 

Poltsikoko telefonoek eta Internetek terreno handia jan dieten arren, oraindik badaude irratizaleak gure inguruan, Gotzon Altubek dioen moduan: "Debagoienean hamar bat egongo gara. Arrasatekook elkartea dugu eta aldiro-aldiro batu egiten gara".

Altuberen esanetan, irratizaleen munduan espezialitateak ere badaude: "Gure kasuan, mendira igotzea eta handik hitz egitea; beste batzuek irrati bidez sateliteak kontaktatzea. Irratizale kantitate handirik ez dago, baina kalitatea, bai".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak