'4x4': hip-hop eta breakdance dantzen erakustaldia Arrasaten

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko uzt. 19a, 11:37

4 x 4 ikuskizuna da Ertza dantza taldearen azkena. Lau dantzari gaztek egindako hip-hop eta breacdance dantzen erakustaldi intentsu eta ikusgarria da; Arrasateko herriko plazan egingo dute gaur, egubakoitza, 20:00etan.

Dantza garaikidea da Ertza taldearen esparrua; horregatik, bada, kanpora jo zuten lan honetarako espresuki dantzariak bilatzera. Otsailean egin zituzten probetan, onenak zirela ederto erakutsi zuten Euskal Herrian orain sei urte bizi diren Chimid Badmaev errusiarrak, Republika Dominikarreko Pedro Alfonso Vilasek, Thiago Luiz Almeida brasildarrak eta Donostiako Sergio Nguemak. "Oso gazteak dira, 21 urte besterik ez dituzte; hala ere, ikaragarria da duten gaitasuna, sekulako indarra eta malgutasuna dute" dio Asier Zabaletak, koreografoak eta lanaren zuzendariak.

Garaikidearen ikuspegitik

Garaikidearen ikuspegitik abiatuta osatu zuen Zabaletak ikuskizunaren gidoia: "Dantzan egiteko motorra beraien arteko borrokan datza, euren artean sortzen diren dantza-gatazketan oinarritu naiz koreografia osatzeko orduan. Oilar borrokak irudikataz, hasieran lauren artean sortzen dute dantza-gatazka, bi taldetan banatzen dira gero, laurek elkarrekin egindako dantza-borrokekin borobiltzen dute ondoren saioa".

20 minutuko iraupena

Lan freskoa, zuzena eta edonoren begietatik bapatean eta samur sartzen dela dio Zabaletak. Musikaz gainera, ez dute beste osagairik erabiltzen.

Ikuskizuna hasi orduko harrapatzen dute ikusleen arreta. Musika elektronikoak markatutako erritmo bizian 20 minututako saio intentsua egiten dute. "Zaila da iraupen luzeagokoa egitea, leher eginda amaitzen dute, dena ematen dute lehenengo minututik. Aurrez beroketa lanak egiten dituzte. Kaleko dantzak diren arren, entsegu gogorrak egiten dituzte, alderantzizkoa dirudien arren, estudio lan handia dago atzean" dio zuzendariak.

Publiko zabalarentzako da Zabaletaren esanetan ikuskizun gomendagarria: "Ulertzeko erreza da, bizia eta azkarra. Orain artean egin ditugun emanaldiek oso harrera ona izan dute, bereziki haur edo gazteak dira gehien harritzen direnak. Saioa bukatuta, segituan hurbiltzen dira dantzariengana, sinadurak eskatu edo aholkuak eskatzera".

Leioako Umore azokan saria

Maiatzean estreinatu zuten Leioako Umore azokan eta Euskadiko Sari onenaren saria eskuratu zuten han. Harez gero erakutsi duten bakoitzean berretsi dute arrakasta. "Oso pozik gaude, agenda beteta dugu; Arrasatetik,  Poloniara goaz" diote Ertzatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak