Lezetxikik oparoa izaten jarraitzen du

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko uzt. 16a, 16:49

Errinozero baten masailezurra eta lehoi baten metakarpoa izan dira, besteak beste, aurtengo Lezetxikiko aurkikuntza nagusiak. Beste animalia batzuen hezurrak ere topatu dituzte eta baita harrizko 20 bat tresna ere. Egubakoitzean amaituko den hamazortzigarren kanpaina honetan 15 bat ikasle aritu dira lanean, Euskal Herrikoak gehienak: "Ikasleen mugimenduan ere krisia ere igartzen da, jende gutxiago mugitzen da", adierazi digu Aranzadi zientzia elkarteko Alvaro Arrizabalagak.

Lezetxikiko aztarnategiak oparoa izaten jarraitzen du. Aurtengoa 18. indusketa kanpaina izan da eta oraingoan ere Aranzadi zientzia elkartekoek aurkikuntza interesgarriak egin dituzte: "Aurkitu ditugu, besteak beste, errinozeroaren pare bat masailezur eta baita beste animalia espezie batzuen hainbat hezur. Horrez gain, 20 bat harrizko tresna ere topatu ditugu", esan digu Alvaro Arrizabalaga indusketen zuzendariak.

Errinozerontearen masailezurraz aparte, aipatzekoa da, adibidez, lehoi baten metakarpoa aurkitu dutela. Uztaileko lehen astean hasi ziren indusketak eta egunotan 15 bat ikasle aritu dira lanean bataz beste. Aurreko kanpaina batzuetan ez moduan, aurten Euskal Herriko ikasleak izan dira gehienak.

"Oso aberasgarria da"

Ikasleendako oso aberasagarria izaten da Arrasateko aztarnategi berezia. Izan ere, unibertsitatean landutako arlo teorikoa praktikara eramatekoa aukera ezin hobea izatean dute: "Indusketa eremuan, azken finean, materialak zuk zeuk ateratzen dituzu lurretik eta horiei dagozkien prozesu ezberdinak bertatik bertara jarraitzen dituzu. Gainera, estratigrafia urtez urte aldatzen doala ikus dezakezu, dena aldatzen da. Eta hori oso aberasgarria da", uste du Alejandro Prieto jaiotzez Salamancakoa den ikasleak.

Ez dira ikasleak aurkikuntza arkeologikoez interesatzen diren bakarrak. Gaur bertan Inazio Azkarragaurizar alkatea eta Udaleko beste zenbait ordezkari izan dira aztarnategian, Arrizabalagaren zein Mari Jose Iriarte arkeologoaren azalpenak jarraitzen. Baita ikasleetako baten aita ere, azken urteetan hutsik egin ez duen arkeologia zaletu bat: "Aztarnategi oso inportantea da Euskal Herrian eta sekulako aberastasuna dauka animalien zein gizakiaren aztarnei dagokienez", dio Anjel Garciak.

Egubakoitz honetan amaituko da hamazortzigarren kanpaina, baina lana ez da hor amaituko. Jasotako aztarnak aztertu beharko dituzte gero laborategian, kanpainaren balorazioa zehatza egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak