Jon Goikolea: "Diru publikoarekin egindako euskal datu-base asko pribatuak dira"

Leire Kortabarria 2013ko uzt. 10a, 02:00

Arrasateko GoiHata itzulpengintza enpresak japoniera-euskara sagu-hiztegia sortu berri du, eta laster ipiniko dute Kotobai.com webgunean edozeinendako eskuragarri. GoiHatako Jon Goikoleak halako hiztegiak igartzen ditu faltan ingelesa ikasteko, euskarazko definizioak lortzeko…

Zelan erabiltzen da japoniera-euskara sagu-hiztegia?

Internetez, Japoniako edozein egunkaritan hitz baten esanahia jakin gura badugu, sagua horren gainean ipini eta berehala izango dugu horren esanahia euskaraz. 20.000 hitz inguru ditu. 

Japonierazko ideogramak banan-banan sartuta ditugu eta, kasu batzuetan, bi, hiru edo lau ideograma errenkadan. Ideograma bakoitzak kontzeptu bat adierazten du, baina, hitza osatzeko, sarritan bi kontzeptu behar izaten dira japonieraz. Bakoitzaren esanahia jakinda, antza ematen diozu zer esan gura duen idatzita dagoenak.

Zela egin duzue hiztegia?

Japonian eginda zegoen hiztegi bat egokitu dugu. Ingelesezko tresna sortuta zegoen, Rikaichan izenekoa, eta guk hori aprobetxatu dugu gurea gehitzeko. Firefoxen dabilen aplikazio bat da gure hiztegia, eta, Firefox bezala, software askeko aplikazioa da. Kotobai.com-etik deskargatu beharko da eta berehala instalatuko da ordenagailuan. Gero, hobespenetan, euskarazkoa lehenetsi behar da. Gaztelaniazko antzeko hiztegirik ez dago; kasu horretan, espainolen aurretik gabiltza [barre].

Hiztegia egiteko, batetik, atal informatikoa zegoen eta, bestetik, datu-basea. Bada, honako hiztegia elikatzen duen datu-basea Kotobai.com-etik aterata dago; hor lehendik geneuzkan hiztegiak datu-basean sartu ditugu.

Zeinendako da aproposa?

Japoniera ikasten dabiltzanendako, lanerako… Japoniera ikasten dabilen jende askorik ez dago, baina tresna hau eginda dago eta aurrerantzean, beharbada hemendik 15 edo 20 urtera, japoniera-euskara hizkuntza-konbinazio horretan lan egingo duen jende gehiago egongo da, harremanak estutzen doazelako.

Bestalde, beharbada sagu-hiztegi bat erabil ahal izango da txinera-euskara lantzeko. Gaur egun, munduan, ingelesa da, askogatik, gehien erabiltzen den hizkuntza nazioarteko harremanetan, baina txineraren beharra asko handituko da, eta hor erabilera txukuna egon daiteke.

Behin hiztegia lortuta, guk orain euskara-ingelesa, euskara-gaztelania, euskara-euskara… sagu-hiztegiak egon daitezen gura dugu; sagua hitzaren gainean ipinita, horren esanahia emango diguten hiztegiak.

Euskarazko hiztegi eta Interneteko tresna nahikorik ez dago, bada?

Eusko Jaurlaritzak enpresaren bati 500.000 euro eman zizkion, eta garatuta dauka euskara-espainola itzulpen automatikoa egiteko tresna bat. Hortik etortzen diren emaitzak hala-holakoak izaten dira. Beraz, hori egin aurretik, hasi beharko litzateke sagu-hiztegi bat egiten, lehenengo: esanahiak hitzez hitz ematen dituen hiztegi bat. Ingelesezko hitz baten gainean sagua ipini eta horren esanahia euskaraz ikusteko moduan egongo bagina, sekulako erreminta izango litzateke hori, eta interpretazio aldetik lehen aipatu dudan tresna baino fidagarriagoa izango litzateke. 

Euskarazko hiztegi-tresnak zer iruditzen zaizkizu, ze iritzi daukazu euskarazko hiztegien gainean?

Hemen alper-lan asko egiten da. Eusko Jaurlaritzak diruak ematen dizkie enpresa batzuei hiztegiak egin ditzaten eta, nahiz eta diru publiko hori erabili, hiztegi horiek ez dira publiko bihurtzen; denok ordaindutako laguntzak jasotzen dituzte, eta hala eta guztiz ere pribatu izaten jarraitzen dute datu-base horiek. Ez dakit hori guztiz zuzena den, eta ez bakarrik zuzena; gure baliabide piloa alperrik galtzen direla iruditzen zait. Sagu-hiztegia egiteko, hiztegiak eta datu-baseak badaude, baina horiek pribatuak dira, eta gainera, Eusko Jaurlaritzaren diruarekin eginda. 

Sagu-hiztegien kasuan, balioa dauka datu-basea osatzeak, demaseko lana delako, egunero-egunero ibili behar delako norbera datuak sartzen, zuzentzen eta abar. Euskarazko datu-baseak esku pribatuetan daude, eta ni jarri naiz pare bat enpresarekin harremanetan, ea horiek eskuratzeko biderik egongo litzatekeen, eta oraindik ez dut baiezko erantzunik jaso. Hiztegigintzan dabiltzan beste este enpresa batzuekin ere jarriko naiz harremanetan, baina ez dakit gure asmoa betetzea lortuko dugun edo ez.

Esan duzunez, lehen interes handiagoa zegoen japoniera ikasteko.

Bai; orain txineraren aldeko joera handiagoa dago. Txinak askoz biztanle gehiago ditu, eta ekonomikoki ere indartzen ari da. Orain 10 urte, Japonia zen bigarren herrialde indartsuena ekonomikoki, AEBen ondoren, eta Euskadik eta Espainiak askoz harreman handiagoa zeukaten Japoniarekin. Gaur egun, bigarren potentzia ekonomikoa Txina da, eta laster lehenengoa izan daiteke. Baina teknologia Japonian dago, eta gure pentsaerara Japonia gehiago hurbiltzen da Txina baino.  

Teknologia aldetik, Japonia izango da oraindik ere munduan erreferentzia-herrialdea?

Bai, bai. Punta-puntako teknologia japoniarrek ez dute Txinara eramaten. Balio erantsi txikiagoa duten teknologiak eroaten dituzte, baina patenteak-eta oraindik Japonian garatzen dira. Elkar ikasteko askoz gehiago daukagu euskaldunok Japoniatik Txinatik baino. Txinan fabrikatu egin dezakegu, baina ikasi, oraindik Japoniatik askoz gehiago ikas dezakegu Txinatik baino.

Hemengo enpresendako oraindik interesgarria da, hortaz, Japoniarekin harremanak sakontzea?

Bai. Pentsaera aldetik eta tratuak egiterakoan, berba Japonian oso garrantzitsua da, eta berba edo agindu hori jasotzea ez da samurra, baina, behin berba emandakoan, gero hori betetze aldekoak dira japoniarrak. Zentzu horretan, japoniarren eta euskaldunon arteko antzekotasun hori badagoela iruditzen zait.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak