Gotzon Urtzelai: "Beteranoen esperientzia eta gazteen presentzia dira Mondra berriaren ezaugarriak"

Mireia Bikuña 2013ko uzt. 9a, 02:00

Gotzon Urtzelai (Bergara, 1980) Mondraren entrenatzaile berria da. Klubak Erregional Preferentean egingo duen bidearen gidari izango da. Erronka handia, baina "gustura" hartu duena. Hiru urterako proiektua dela esan digu, eta helburu zehatz barik hasiko dutela liga txapelketa irailaren 22an.

Mondraren entrenatzaile zaitugu. Erronka handia, zaila, gogorra?

Erronkak gogotsu hartzen badira, oso positiboak izan daitezke. Gauzak ondo edo gaizki joan, aberasgarria izango da, ziur.

Jokalariekin lehen hartu-emana izan duzu dagoeneko. 

Aurreko astean egin genituen bi entrenamendu. Taldean 11 baja egon dira. Jokalari beteranoen artean lauk bakarrik jarraituko dute: Iker Lopezek, Jon Zabaletak, Gorka Dueñasek eta Ander Ruiz de Azuak. Horiek ezagutzen ditut, elkarrekin jokatu izan dugulako futbolean. Era berean, gazte mailako jokalari asko izango ditugu, arrasatearrak eta UDAtik datozenak. Jokalari asko adinez gazteak dira, baina talde polita osatzeko moduan gaudela esango nuke.

Aldaketa handia izango du Mondrak, orduan?

Bai, aldaketa sakona. Mondrak halako iraultza baten beharra zuen. Maila galduta, hutsetik hasi behar genuen berriro. Badakigu aldaketekin une zailak bizi izango ditugula, baina etorkizunerako proiektu baten beharra zuen klubak. 

Zer eskatu dizu Mondrak?

Azken urteetako gainbeheraren ostean, klubak garbi zuen apustu berri bat egiteko ordua zela: jokalari beteranoen esperientzia eta gazte mailako jokalarien presentzia handiagoa. Talde nagusira helduko diren jokalariak hazi egin behar ditugu. Euren helburuak talde nagusian jokatzea izan behar du. Mondrarenganako sentimendua piztu behar dugu. Hiru urteko proiektuarekin hasiko gara lanean.

Lehenengo helburua Ohorezko Erregional Mailara itzultzea da?

Ez zait epe luzerako helburuak ipintzea gustatzen, batez ere, animo aldetik eragin handia izan dezaketelako. 

Gure helburuak asterokoak izango dira. Partiduz partidu joango gara. Ez dugu maila ezagutzen, ez ditugu kontrarioak ezagutzen... Txapelketak aurrera egin ahala ikusiko dugu ze helburu ditugun. 

Ezustea izan zen Mondraren entrenatzaile izateko proposamena?

Bai. Urte sabatikoa hartu gura nuen, Aretxabaletako entrenatzaile lanak bukatuta. Mondraren deia ilusio handiarekin jaso dut. Lana ondo antolatzeko aukera nuela ikusita, baiezkoa eman nuen. Iaz ere jaso nuen taldea zuzentzeko proposamena, baina UDAko lana bukatu barik nuen. Ezin nion Mondraren bigarren proposamenari ezetzik esan.

Aretxabaletan alebinekin hasi zinen, eta irailetik aurrera Erregional Preferentean. Aldaketa handia.

Bai. Alebinetan, futbola eta hezkuntza eskutik doaz. Psikologo baten formazio lana egiten da. Mutikoek azkar ikasten dute, eta segituan gura dituzte emaitzak ikusi. Oso aberasgarria izan da eurekin lan egitea. 

Erregional Preferentea jokalari moduan ezagutzen dut. Ea, bada, aulkitxotik nola ikusten den.

Zer-nolako entrenatzailea zara?

Erraz komunikatzen duen pertsona naiz. Gertukoa. Gauzak sinpletasunez egiten dituena, laguntzeko gertu dagoena. Era berean, seriotasuna, ardura eta konpromisoa atsegin ditut.

Egoera zailtzen denean gauzak aurpegira esaten dituen horietakoa naiz. Ez naiz isiltzen.

Denboraldia ondo hastea inportantea da?

Bai. Oso inportantea. Hasieratik emaitza onak lortuta, beste lasaitasun batekin egingo dugu lan. Erosoago egongo gara.

Denboraldiak luzeak dira, eta talde guztiek izaten dituzte makalaldiak. Hori heltzen denean, ahalik eta puntu gehien izan behar dugu, sailkapenaren zuloan ez sartzeko.

Mondraren beste erronketako bat zaleak Mojategira erakartzea izan daiteke?

Ez dakit ziur erronka bat den. Atxabalpen jokatzen genuenean, betiko zaleen laguntza izaten genuen. Orduan, futbol zelaia Arrasatera eramatea ezinbestekoa zela zioten zalek erakartzeko. Kontuak kontu, Mojategira Atxabalpera beste zale joaten da. Futbol zelai dotorea daukagu, baina... Ez dakit zein den arrazoia.

Akaso, proiektu berriak edo emaitza onek lagun dezakete?

Ea, bada, horrela den. Azken bi urteetan taldea larri ibili denean, herritarrek ondo erantzun dute. Ondarroako Aurreraren kontrako lehian harmailak lepo bete ziren taldea animatzeko.

Egia da taldeak joko onarekin emaitzak onak lortzen baditu zaleak errazago animatzen direla. Ikusiko dugu zer gertatzen den irailetik aurrera.

Belauneko lesio larri batengatik utzi zenuen futbola. Jokatzen duzu oraindik?

Oñatin bizi naiz, eta hango lagunekin ibiltzen naiz herriko txapelketetan. Oraindik belaunak 20 bat minutu jokatzeko tartea ematen dit. Askoz gehiago ez. Apur horrek barruko harra baretzen dit. [Barre]

Medikuak behartuta utzi nuen futbola orain dela lau urte. Belauna txikituta nuen denboraldi oso bati aurre egiteko. Lesio hori izan ez banu, futbolean jokatzen jarraituko nuke. Ez dakit ze mailatan, baina jokatzen. Ez daukat zalantzarik.

Bergararra jaiotzez, Oñatin bizi zara, eta bailarako talde gehienetan jokatu duzu futbolean. Ze oroitzapen dituzu?

Oso onak. Urte aberasgarriak izan ziren. Bergara, Aloña, UDA, Mondra, Elgoibar... Talde eta maila asko ezagutu ditut, baina, batez ere, egin ditudan lagunak azpimarratuko nituzke. Izan ere, betiko lagunak izango dira asko. Horiek izango dira futbolak emandako oroitzapen onenak. Berdin dio non eta noiz jokatu dudan. Futbolak emandakoa nabarmentzen dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak