Iñigo Etxebarria: "Dermatologoekin eztabaida dugu, baina eguzki pixka bat hartzea ona da hezurrendako"

Leire Kortabarria 2013ko uzt. 3a, 02:00

Debagoieneko Ospitalean zazpi urte eman ditu Iñigo Etxebarria gasteiztarrak. Traumatologia eta Ortopedia-Kirurgiaren Zerbitzuko arduraduna da. Debagoieneko VIII. Osteoporosiaren Ikastaroa egin berri da, berak antolatuta, eta Euskal Herriko eta Espainiako puntako adituak egon dira gurean.

Zortzigarren ikastaroa egin berri duzue. Pozik?

Bai. Urtero, osteoporosiaren gainean zer berri dagoen lantzen dugu. Nire interesa izaten da aditu garrantzitsuak ekartzea eta aurrez aurre elkarrekin hitz egitea. Jendea pozik dago ikastaroarekin, eta horrek aurrera jarraitzeko animatzen nau.

Ondo dakigu zer den osteoporosia?

Hezurra samur apurtzea eragiten du osteoporosiak; hezurra hauskor egiten da. Urteetan aurrera egin ahala ager daiteke. Beste faktore batzuek lagundu egiten diote osteoporosiari: tabakoak, alkoholak, menopausia 45 urte baino lehenago izateak…

Osteoporosia artrosiarekin eta hezurren desgastearekin nahasten da. Baina osteoporosiak ez du minik egiten, hezurra apurtzen ez bada. Beraz, helburu nagusia apurtu ez dadin lortzea da.

Emakumeen gaixotasuna den ustea dago.

Gehiago izaten dute emakumeek, bai. Euskadin, mokorra apurtu duten 2.000 paziente baino gehiago ditugu urtean, eta % 75 emakumeak dira. Estrogenoek hezurra babesten dute, menopausia izan arte. Gizonezkoengan, prozesua isilagoa da, baina ondorioak larriagoak dira.

Hezurra apurtze horrek ze beste ondorio ditu?

Mokorra apurtzen dutenen kasuan, ebakuntza egiten diegun pazienteen % 5 ospitalean bertan hiltzen dira, % 20 ebakuntza egin eta lehenengo urtearen barruan hiltzen dira, eta % 60-70ek ez dute funtzionaltasun osoa berreskuratzen. Prozesu larria da eta jende askok ez du ondo ulertzen; bakarrik hezurra apurtu duela eta segituan berriz lehengo moduan ibiliko dela uste dute. Baina pazientearendako agresio handia da: ospitalera joatea, ingresatzea, ebakuntza egitea, bere girotik kanpo egotea, botikak… 

Osteoporosiarekin, gehien, mokorra, eskumuturra, sorbalda eta ornoak, bertebrak apurtzen dira, eta aztarna funtzionalak uzten dituzten apurturak dira: eskumuturra ezin du ondo mugitu eta min ematen dio; ornoen kasuan, gero eta makurtuago dago eta bizi-kalitate txikiagoa du; mokorra apurtzeak heriotza arriskua dakar…

Gizonezkoengan zergatik dira, bada, larriagoak ondorioak?

Gehiago hiltzen dira, guregana etorri orduko kalte handiagoa dutelako. Emakumeak, orain arte behintzat, bizi-kalitate hobea izan du, horregatik bizi da luzaroago. Orain arte, tabakoa, toxikoak… gizonezkoengan ohikoagoak ziren. Orain, emakumeak gizonezkoen parean daude, eta beharbada etorkizunean ikusiko ditugu horren ondorioak. 

Ikastaroan, pediatriaren ikuspuntua ere landu zenuten…

Askoren iritziz, osteoporosia zahartzaroan agertzen da baina adin pediatrikoan, umezaroan eta nerabezaroan sortzen da. 30 urte arte, hezur-masa irabazten dugu; batez ere nerabezaro aurreko urteetan, hezurrak bentaja handia egiten du. Fase horretan, gazteek kirola egitea, ez erretzea eta alkoholik ez edatea oso garrantzitsua izan daiteke hezur-masa ahalik eta handiena izateko. 

Toxiko horiez gain, beste faktore batzuk daude; esan bezala, menopausia goiz izatea; bestalde,  hezurrari kalte egiten dioten botika asko daude, kortikoideak, esaterako, gaixotasun erreumatikoetan asko erabiltzen direnak; horrez gain, amak mokorra apurtu izanak edo, adibidez, norberak eskumuturra apurtu izanak beste hezurren bat apurtzeko arriskua handitzen du. Nola jaten dugun ere eragin dezake; zenbat kaltzio eta zenbat D bitamina hartzen dugun –eguzkiak bakarrik du D bitamina–, sedentarioak garen…

Horrelako datuak jakinda, osteoporosia izan dezakeen bat antzeman dezakegu. 

Beraz, prebenitu daitekeen gaixotasuna da.

Hori da ideia, bai. Hezur-masa irabazten den adina da garrantzitsua. Hori eta gero, beharbada ezin izango dugu masa handitu, baina ahalik eta gutxien galtzen ahalegindu gaitezke: ohitura toxikoak begiratu, eguzki pixka bat hartu… Horretan, eztabaida dugu dermatologoekin, baina, nire iritziz, eguzki pixka bat ona da; eguraldi onarekin, eguzkiak jo diezagun mahuka motzarekin irtetea oso garrantzitsua da. Labur esanda: bizimodu osasuntsua egin behar da, esneki nahikoa hartuta, eguzkiak eman diezagun, eta ariketa fisikoa egin. 

30 urtetik aurrera, esnekiak edo kaltzioa hartzeak laguntzen du?

Hezur-masa gutxiago galtzen laguntzen du, bai. Dena dela, zenbat eta kaltzio gehiago hartu, orduan eta hezur osasuntsuagoa izango dugun uste hori ez da guztiz zuzena. Egunean hainbeste kaltzio hartu behar da, bai; egunean esne edo esneki litro batekin nahikoa da. Baina hori baino garrantzitsuagoa da eguzki pixka bat hartzea, bizimodu aktiboa izatea eta arrisku-faktoreak zaintzea. 

Ikastaroko beste ideia bat hauxe izan zen: osteoporosiak gastu handia dakarrela.

Bai. Mokorra apurtu duen paziente bat atenditzen, ospitaleko atetik sartzen den momentutik, 12.000 euro gastatzen dira. Gastu handia da. Botikek ere gastu bat dakarte. Gero, zeharkako gastuak daude: bizi-kalitatea galtzea, norbera mendeko bihurtzea, zaintzailea behar izatea… Zeharkako gastu horiek, askotan, ez dira zenbatzen.

Lehen arretan ondo diagnostikatzen da osteoporosia?

Bai eta, gainera, lehen arretako medikuaren papera oso garrantzitsua da, ia gaixotasun guztietan bezalaxe, pazientea ezagutzen duelako eta haren familia ingurunearekin harreman bat duelako. Oso garrantzitsua da pazientea ez jaustea, eta berdin dio mokorra jausi aurretik edo jausi ondoren apurtu duen. Pertsona nagusi batek, kostata mugitzen denak, izan ditzakeen oztopoak zaindu behar dira: alfonbrak, dutxako arriskuak, logura ematen duten botikak… Lehen arretako medikua pazientearen etxera joan daiteke, badaki ze beste gaixotasun dituen… Hezurra apurtu duenean ikusten dugu guk pazientea, baina lehen arreta oso garrantzitsua da gaixotasunarekin pazientea zelan konpontzen den bideratzeko. 

Ze tratamendu ematen dira gehien gaurko egunean?

Apurturak txikitzeko botikak daude. Askotarikoak dira eta paziente bakoitzari ondoen datorkiona eman behar zaio, tratamendua jarraitu egingo duela ziurtatuz, izan ere, tratamendua ipintzen zaien pazienteen erdiek, urte betean, utzi egiten dute, eta tratamendu horiek epe luzerako dira; hortaz, hasi eta urte betera utzi egiten badu, dirua alperrik galtzen gabiltza. 

Zertan aurreratu da gehien, azkenaldian?

Batez ere, gaixotasuna ezagutzen eta fisiopatologian. Oinarrizko ikerkuntza handia dago eta oso interesgarria da hori. Gaixotasuna modu globalean gero eta gehiago ezagutzen ahalegintzen gara ikastaroan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak