SANJUANAK • Astelehena, jai-egun lasaia baina ekintzaz betea, asteburukoak eta gero

Goiatz Arana Begiristain 2013ko eka. 24a, 00:39

Kantu afaria, Dragoi Jana, makala jasotzea eta Errementari dantza ziren atzo, bezperan,  ekintza jendetsuenetakoak. Suaren bueltan jendetza batu zen gauerdian eta danborradan Mondrak jaso zuen herritarren beroa. Hain zuzen, 100. urteurrena ospatzeko danborradan konpainia berezia atera zuen futbol taldeak. 80 urtetik gorako jokalari ohiek omenaldi berezia jaso zuten udaletxeko balkoian, gainera. Gaur, astelehena, San Juan eguna, da arrasatearrentzat jai egun handia. Arrasate Musikaleko bandak kontzertu berezia egingo du 11:30ean eta 80 urtetik gorakoen omenaldiaren eguna ere bada gaurkoa. Gauez zezen suzkoa eta The Groovies-en kontzertua egongo dira.

ASTELEHENEKO EGITARAUA ı ASTEBURUKO KRONIKA

BIDEOAK



ASTEBURUKO KRONIKA

Lan astea bukatzeaz batera, egubakoitz arratsaldean, hasi zen jai giroa gailentzen, apurka, Arrasateko herriko kaleetan: errubera gainean erakustaldia egin zuten hainbat gaztek, Nafarroa Etorbidean; musika eta dantza saioa txikiek, Amaia antzokian; eta eztarria urratu arte kantuan egin haur, gazte eta helduek, Jose Letona plazan Lurtaro taldearekin egindako kantu afarian. Taldeko musikariek entzule izatetik kantari izatera pasarazi zituzten herritarrak, eta gogotsu jardun zuten guztiek, 60 abestiko liburuxka eskutan hartuta proposamenak eginez, hasi Iparragirretik eta Zea Mayseraino.

Dragoi Janean ere presarik ez

Lasai esnatu zen zapatua, baina orduek aurrera egin ahala jendez betetzen joan ziren kaleak, eta jende asko arrimatu zen Herriko Plazara, parrillan erretzen ari ziren dragoi okelaren usain goxoak erakarrita. 300 lagun batu ziren afaritara, ohi baino gazte gehiago tartean; prezioa merkatu izanak izango zuen horretan eraginik.

Ohi baino gazte gehiagorekin, beraz, eta ohi baino patxada handiagoz ospatu zuten Dragoi Jana, hilaren 24tik 2ra aurreratuta, egitarauak arnasa hartzeko aukera eman baitzien bertaratutakoei. Beste urte batzuetan baina patxada handiagoz gozatu zuten jan-edanez eta baita afal ondorengo egonaldiaz ere. Arrakasta izan zuen tribial erraldoiak eta baita bertso jaialdiak ere, okerrera egindako eguraldiagatik udaletxeko arkupetan bukatu behar izan zuten arren. Euskal giroa berpiztu gura izan zuten, eta bai lortu ere.

Benetako festa

Gaur, domeka, lehertu da, baina, benetako festa. Goizeko lehen orduetan etxera erretiratu ezinik gazte dezente zebiltzan arren, asko eta asko izan dira parranda botatzeko San Juan bezperaren zain egon direnak; eta eguna ailegatuta, 12:00etarako hasi dira txosnagunera hurbiltzen. AEDren 30. urteurrena dela-eta, euskara elkartekoek izan dute aurten txupinazoa botatzeko ohorea eta Eñaut Muxikak jaurti du, sanjuanetan ondo ibili eta euskaraz gozatu! bertsotan kantatu eta gero.

Koadrilen eguna izan da gaurkoa eta kamiseta laranjekin jantzitako gazteekin bete egin da Uarkape pilotalekua herri bazkarirako. Egiaren ordua iritsi da orduan, iaz barruan geratutako arantza ateratzekoa: gazteek euren kabuz makala jasotzekoa. Txopo-poteoan motorrak berotuta, airoso egin dute Herriko Plazarainoko ibilbidea, Zurgin kantoitik parrokiara arteko izkinan maniobra batzuk egin behar izan dituzten arren. Herriko Plaza gainezka zegoen ordurako eta, aurreikusi moduan, bi polearekin beharrean hirurekin eta soilik 60 lagunen artean, jaso dute makala eta atera dute arantza; zutitu eta berehala ez dute baina enborra zuloan sartu eta une batez hustu egin dute plazaren alderdi bat, segurtasunagatik. Hortik aurrera izan dira txaloak, algarak eta kantuak; ostean, sua eta dantza; eta gero, danborrada.

Astelehena: kale-kontzertua eta oilasko-jana

Atrratsaldeko 7etan, Irati gaineko plazatxoan Itziarren Semeak talde bizkaitarrak kontzertua eman du. Herriko Plazan, Goikobalu abesbatzakoek oilasko-jana egin dute. Eguraldi gozoa eta kalean jendea gora eta behera. San Juan egunaz gozatzeko aproposa.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak