Arrasate Garbik dimititzera gonbidatu du alkatea, "arrasatear gehienak asebetetzeko gai ez baldin bada"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko eka. 18a, 13:30

Arrasate Garbi plataformak ez du ulertzen "alkateak nola ez duen atez atekoaren inposaketaren gaineko jarrera berriz hausnartzen". Udalak etxez etxe bidalitako galdetegien emaitzek "jipoia" suposatu duela eta alkateak hori bera onartu zuela dio plataformak. Beste herri batzuetako kasua aipatu du atez atekoaren aurkako taldeak: "Beste udalerri batzuetan, Elgeta, Zumaia eta Azpeitia kasu, akordioa lortu dute dagoeneko, zabor bilketaren gainean ezberdin pentsatzen duenak gogoetarako kontuan hartuta". Besteak beste, alkateari jarrera hori hartzea eskatu diote, Oñatiko alkateak hartu duen "inposaketa jarrera" hartu beharrean.

Horrez gain, Diputazioak iragarritako datu batzuk ere aipatu ditu Arrasate Garbik: "Debagoienean hondakinen %35,9 gaika biltzen dugu dagoeneko eta hori, gainerako zatiaren %55a den hondakin organikoen bilketa kontuan hartu barik. Hau da, organikoak biltzeko edukiontziak jartzearekin bakarrik, ziur gaude %60a gaika batzearen helburua lortuko genuela".

Horren harira, honakoa galdegin dute: "Beraz, zertara dator gaur egungo edukiontzien bitartez egiten den zabor bilketa gutxiesteko helburuarekin lortzen den lelo etengabea? %33a bakarrik birziklatzen dugula, aldi berean gaur egungo sistemaren gainbehera sustatzen delarik?".

"Predikatzeari utzi"

Alkateari honako mezua igorri diote: "Herri hau gobernatzen dutenak, predikatzeari utzi eta arrasatear gehienon alde lan egiten jar daitezela. Hau da, euren betebeharrekin bete dezatela, hondakinen gaikako banaketa hobea lortzeko, bosgarren edukiontzia ezarriz. Beti ere, formazio, kontzientziazio eta sentsibilizazio plan baten lagunduz".

Hala, Inazio Azkarragaurizar alkateari dimititzera gonbidatu diote: "Noiz arte jarraituko duzu zure burugogorkerian, Alkate Jauna? Gai honetan arrasatear gehienok asebetetzeko gai ez baldin bazara, Bergarako alkateak hartu duen antzeko pausoa hartu beharko zenuke, dimititu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak