Mondragonen Industria arloak nazioarteko 4.000 milioiko salmentekin itxi du iazko ekitaldia

Leire Kortabarria 2013ko eka. 17a, 19:04

Mondragon Korporazioko Industria arloak 4.004 milioi euroko salmentak egin zituen nazioartean 2012. urteko ekitaldian. Korporazioa pozik agertu da nazioartean iaz lortu zituen emaitzekin: "Egoera ekonomikoa zalantzaz beterik egonik ere, Mondragonek kanpoko presentzia indartu zuen, 11 filial produktibo berri irekiz; nazioarteko salmentak dagoeneko % 69ra iritsi dira, eta atzerrian 14.000 pertsona enplegatzen ditu".

Horrez gain, Mondragonen Industria adarra BRIC (Brasil, Errusia, India eta Txina) merkatuetan hazi dela ere nabarmendu du korporazioak: 2011ko ekitaldiarekiko % 20 inguru. BRIC herrialdeetan bere burua zabaltzea estrategikoa da Mondragonendako.

2012ko ekitaldiar itxi orduko, 105 planta produktibo zituen Mondragonek Europan, Txinan, Indian, Mexikon eta Marokon.

2009tik 2012ra, nazioarteko salmentak % 26 hazi dira, eta hamar puntu portzentual inguruko progresioa izan da.

2012an, Industria arloaren salmentak, denetara, 5.812 milioi eurora iritsi ziren. "Portaera horretan eskariaren jaitsierak badu eraginik, krisi ekonomikoaren eta kontsumoaren beherakadaren ondorioz. Industria Arloaren salmenten guztizkoak aurreko urtearekin alderatuta atzera egin du pixka bat (% 2)", esan du Mondragonek. Industria arloaren Ebitda 469 milioi eurora iritsi zen, hau da, salmenta zifraren % 7,8 aipagarria.
Inbertsioei dagokienez, Industria Arloak 307 milioi euro inbertitu zituen, batez ere I+Gko proiektu berriak garatzeko eta atzerrian produkzio lantegi berriak martxan jartzeko.

Astero, patente bat

Horrez gain, I+G+b atalaren aldeko konpromisoan 160 milioi euro erabili ziren. Mondragonek asmakuntzako 564 patente familia ditu, nazioarteko 91 proiektutan parte hartzen ari da, aeronautika, energia, IKT edo nanoteknologien sektoreetan, besteak beste, eta berrikuntza bultzatzen du. Sarreren % 19 azken bost urteetan garatutako produktuetatik etorri dira.

Astero, Mondragonek asmakuntzako patente bat erregistratzen du. "Horrek ezagutzaren abangoardian kokatzen du Taldea", esan dute arduradunek. Korporazioan 15 erakunde elkartzen dituen zentro teknologiko eta I+Gko unitateen sare bat dauka, eta esklusiboki I+G gaietan diharduten 2.000 pertsona enplegatzen ditu.

Korporazioaren zifra globalei dagokienez, 12.903 milioi euroko salmentak egin zituen iaz, 2011n baino % 7,6 gutxiago, "batez ere merkatu nazionalaren beheranzko portaeraren ondorioz, hein batean nazioarteko salmenten igoerarekin (% 1) pixka bat konpentsatu bada ere", esan du Mondragonek. 2012an Ebitda 1.289 milioi eurora iritsi zen, hau da, aurreko ekitaldiaren antzeko zifra, eta % 10 salmenten zifrarekiko.

Enpleguari dagokionez, plantilla % 3,9 murriztu da, eta urteko lanpostuen batez besteko zifra 80.321 izan da. "Lanpostuen jaitsieran eragin handia izan du etxearen arloari lotutako negozioen bilakaerak, krisi testuinguruan jarduera murriztu behar izan dutelako eta, ondorioz, baita lanpostuen kopurua ere", azaldu du Korporazioak.

Horrez gain, 2012an egindako inbertsioetan 331 milioi euro erabili dira, hau da, aurreko urtean baino % 70 gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak