Leo Harlem: "Aretxabaletan sarritan izan naiz oporrak pasatzen"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko eka. 17a, 18:40

Leonardo Gonzalez (Leon, 1962) Leo Harlem izenarekin ezagun den umorista ekainaren 29an Arrasaten izango da. Sergio Olalla monologista ere Amaia antzokiko taularen gainera igoko da.  Sarrerak 24 eurotan salgai daude Kutxasarrerak.net atarian.

Arrasatera etorriko zara laster; izan zara inoiz?

Autoz pasatu nintzen orain gutxi, Eibarrerako bidean, baina, egia esan, aspalditik ezagutzen dut zuen ibarra, garai baten Aretxabaletara oporrak pasatzera joaten ginen-eta. Leintz bailarako txokoak ondo ezagutzen ditut, herriak eta baita Urkulu urtegi zoragarria ere.  

Zer dela-eta Aretxabaletara?

Aretxabaletan jaiotako lagun bat nuen, orain hilda dagoena, eta haren familiaren etxera joan ginen hainbat alditan. Azkeneko aldiz orain 16 bat urte izan ginen. Oroitzapen politak ditut; gustura asko ibiltzen ginen, besteak beste, herrian txikiteoan eta baita duzuen ingurune paregabean ibilaldiak egiten ere. Kostaldea ere gertu eta ederra duzue; Getariara eta Mutrikura joaten ginen, besteak beste. 

Oraingoan, ikuskizun berriarekin, lanera zatoz. Zelakoa da?

Maiatzean Madrilen estreinatu genuen ¿Qué hay de nuevo? lanak egunerokotasuneko gaiak ditu oinarri. Orain arte egindakoaren bide beretik doa; hau da, jende arruntarentzako umorezko saioa da, baina inon argitaratu gabeko testuekin. Sergio Olallarekin joango naiz; nork bere zatia egingo du eta gero elkarrekin borobilduko dugu saioa.

Aurkez egiguzu Olalla.

Sarritan egin dugu elkarrekin lan; lankide jatorra eta dibertigarria da. Umore berezia duen sekulako profesionala da; niri gehien gustatzen zaidanetako bat. Askorentzako ezezaguna izango den arren, ziur nago harritu egingo zaituztela.

Nola sortzen dituzu gidoiak?

Gauza solteak idatzi eta gordetzeko ohitura dut eta apunte horietan oinarrituta osatzen dut hasierako gidoi orokorra. Ondoren, jendaurrean nagoenean, ikusleengandik jasotzen dudanaren arabera, zuzenean moldatzen dut tokian tokiko kontakizuna.   

Sarritan izan zara Euskal Herrian. Zelako ikusleak gara?

Ez dut inor lausengatu gura, baina umorea egiteko publiko onenetakoa zarete. Oso naturalak zarete eta sentitzen duzuena garbi adierazten duzue. Barre asko egiten duzue, ondo pasatzera etortzen zarete eta horrek energia handia ematen digu.   

Zelako gaiekin egiten dugu bereziki barre?

Umorearen tokian tokiko ezaugarriak dauden arren, orokorrean esango nuke ondo landutako edozein gai dutela askotariko ikusleek gustuko.   

Gai guztiak dira umorea egiteko balekoak?

Eliza kontuak, adibidez, ez ditut sekula ukitzen; jendea oso sentibera da gaiarekiko eta ez dut uste inor mintzeko beharrik dagoenik. Egunerokotasunak nahiko aitzakia ematen dizkigu modu sanoan gure buruaz barre egiteko. Lankide askok egiten badute ere, krisiaz ere ez dut berbarik egiten. Tipo arrunt eta klasikoa naiz eta ni neu naiz antzezten dudan pertsonaia. 

Baduzu beste batzuen lanak ikustera joateko ohiturarik?

Ez naiz zinemara edo antzerkira sekula joaten eta lagunen lanak ikustera, gutxiago. Aukeraketa egin beharko nuke, ezin-eta guztietara heldu, eta inor ez haserretzeko, ez noa inora, eta kito! Lagunekin trago batzuk jotzeko aprobetxatzen ditut libre ditudan une apurrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak