Kurtzetxiki balioan jartzeko ordua

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko eka. 17a, 18:25

Arrasateko Udalak hiru egitasmo jarri ditu martxan Kurtzetxikin, mendiari balioa emateko asmoz. Herritarrei aisialdirako gune moduan proposatzea, basoa berreskuratzea eta azken hamar hektareetan larre bat egitea dira helburuak. Josu Pereda Ingurumen zinegotziarekin eta Pello Garai teknikariarekin igo ginen gailurrera eta han, paraje ederrean, azaldu zizkiguten xehetasun guztiak. 

Debagoieneko Ospitalearen atzetik San Josepeko harrobi ingururainoko gunea da Kurtzetxiki. Erraz egiten den mendia da, Arrasateko plazatik hiru kilometro eskasera dago gailurra. Eta handik ikusten den panoramikak merezi du, paraje ederrak dira benetan. Kurtzetxikiri balioa eman guran dabil Arrasateko Udala, ekimen ezberdinak antolatu guran. Lehen helburua da herritarrei gerturatzea, aisialdirako balia dezaten.

Horretarako bidea egokitzen ari dira: "Seinaleak ari gara prestatzen, edozein herritar Arrasateko plazatik irten eta hona galdu barik ailegatzeko. Dagoeneko garbitu dugu bide bat eta beste bidetxo bat egokitzen ari gara. Sei kilometroko ibilbidetxo bat izango da, oso polita", dio Garaik.

Basoa berreskuratzea

Bigarren egitasmoak, berriz, basoa berreskuratzea du helburu. 20 hektareako azalera duen artadi gazte bat babestuko dute itxituren bidez. Bertan ez dute ganadurik sartzen utziko, artadi gaztea heldu egin arte. Horrez gain, 30 hektareako artadi heldua eta baso mistoa dago eta beste itxitura baten bidez mugatuko dute lursail hori. Hor bai baimenduko dutela ganadua sartzea eta dagoeneko jaso dituzte behorrak sartzeko zenbait eskaera.

Protagonismo handiena, baina, gailur inguruko hamar hektareek izango dute. Larre bat egitea da asmoa, herriko abeltzainek euren abereak bertara bazkatzera eramateko tokia egokituz.

Lehen sektorea bultzatzea

Gainera, Kurtzetxiki jarduera ekonomiko berriak bultzatzeko eta lehen sektoreari bultzada bat emateko aukera moduan ikusten du Udalak: "Gaur eguneko krisi egoera honetan eta irtenbideak topatzeko helburuarekin, bai lanpostuak eta bai jarduerak bultzatzeko, ikusten genuen beste jarduera ekonomiko batzuk sortu daitezkeela inguruan eta bazela garaia lehen sektoreari bultzada bat emateko", adierazi du Peredak.

Interesa duten abeltzainek BAZera joz, Ingurumen Sailera deituz edo auzo-alkateen bidez egin dezakete egitasmoan parte hartzeko eskaera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak