Arrasate abizena ez dator Arrasatetik

Leire Kortabarria 2013ko eka. 16a, 02:00

Arrasate Realzale zintzo askoren herria izanda ere, zaletasunarengatik ez ezik, begi bistako beste arrazoi batengatik ere pozik hartuko zuten hurrengo entrenatzailea Jagoba Arrasate izango den albistea. 

Dena dela, konexioa ez da dirudien modukoa; izan ere, Arrasate abizena ez dator Arrasate herriaren izenetik. Hori diosku Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeko idazkariak, Mikel Gorrotxategik: "Baserri baten izenetik dator. Hiru lekutatik dator abizena: Bizkaitik, Mendexatik; Nafarroatik, Eritzetik; edo Antzuolatik". 

Jagoba Arrasateren kasuan, zehazki nondik datorren jakiteko, haren zuhaitz genealogikoa egin beharko litzatekeela dio Gorrotxategik. Baina Arrasateren aita Mutrikukoa dela jakiteak ematen du pista bat: "XVII. mendean, Arrasate deitzen ziren gehienak Mutrikun eta Pasaian bizi ziren. Beraz, seguru asko, Mendexakoa izango da abizena, kasu honetan".

Arrasate herritik ez etortzearen azalpena hau da: "Arrasate hiribildua sortu zenean, Mondragon izena ipini zioten. Beraz, oso-oso zaila da Arrasate abizena bertatik etortzea".

Espainiako Estatistika Erakundearen arabera, Hego Euskal Herrian eta Espainian 362 lagunek dute lehenengo abizena Arrasate eta 343k, bigarrena. Gehienak Bizkaian daude; gero, Nafarroan, Gipuzkoan eta Araban, hurrenkera horretan. Madrilen, Bartzelonan eta Kantabrian ere badaude batzuk.

Euskal leku-abizen asko

Kontrakoa gertatzen da Mondragon abizenarekin, ordea: hori "seguruenik" Mondragoetik datorrela esaten du Gorrotxategik.

Abizenak XVII. mendean sortu zirela azaltzen du Euskaltzaindiko adituak. Horren aurretik, beste sistema bat erabiltzen zuten: "Familia-izena eta, horri erantsita, norbera non bizi zen edo norberaren ezaugarri bat erabiltzen zuten", esaten du Mikel Gorrotxategik.

Leku-izenetan oinarritutako euskal patronimiko asko dago munduan zehar, eta batzuk, kasu ezagunak; tartean, Sofia Vergara aktorea eta Jorge Oñate musikaria, biak kolonbiarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak