Gaikako bilketaren alde eta errauskailuaren aurka, herritar talde handia, Arrasaten

Jon Berezibar 2013ko eka. 12a, 18:52

Kontzientziazio lanetan hilabetez jardun eta gero, herrira begirako ekitaldi jendetsua egin zuen Arrasateko Zero Zabor taldeak atzo, martitzena, arratsaldean, Monterron pareko harmailak herritarrez josita. Babes horrekin, "orain arte bezala" ezin dela jarraitu esan zuten, herritarrak gogoeta egitera bultzatuz. Gaikako hondakin bilketa onurez eta errauskailuaren arriskuez ohartu zuten, beste behin ere.

Azken 20 urteetan zaborra bikoiztu egin dela azaldu zuten Arrasate Zero Zabor taldekoek, "%33 besterik ez" dela birziklatzen eta nahi duten %80ko birziklatze mailara iristeko gaikako bilketa ezinbestekoa dela aldarrikatu zuten beste behin ere. Argi adierazi zuten "inork ezin" duela "nahi duena egin" eta kutsatzea ez dela "eskubide bat" eta hori argi izan behar dela.

Arrasaten 15 urtez martxan egon zen errauskailua ekarri zuten gogora eta zelan, agertu zutenez, Aldundiak itxi egin zuen "dioxina, furano eta gas kopuru handiak  isurtzen zituelako". Honen aurrean, eta gaur egun errauskailu berri baten alde daudenei esan zieten "teknologia hobea dela dioten arren", "Chernobilen eta Fukushiman ere" argudio bera erabiltzen zutela eta "ikasia" dutela "teknologia berriek ere huts egiten dutela".

Debagoienera etorrita, Antzuolako eredua ipini zuen prentsa-agerraldian Arrasate Zero Zabor taldeak. "Gaika batzen hasi zirenetik, lehen hilabetetik, hondakinen %80 baino gehiago batu dira" sistema horrekin. Laster Oñatin gauza bera gertatuko dela adierazi zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak