Jende xumearen historia kontatzen duzula diozu.
Bai. Liburu ofizialetan, gauza handiak agertzen dira: errege-erreginen gauzak, gerra handiko gauzak… Normalean, jende xumea bazterrean geratzen da eta gurea ez da salbuespena. Gauza batzuk azaltzeko, aitatxi-amatxiekin hizketan aritzea gustukoa dut. Eta haiek kontatzen dutena ez da garai bateko prentsan agertzen zena, eta argia ematen dute. Bestalde, artxibo-lan handia dago eta, noski, gai horien inguruan argitaratu diren gauzak irakurri egiten ditut eta, jendearekin hizketan, alderatzen dut ofizialki agertzen dena.
Historia de Navarra-ren 1. bolumena argitaratu duzu.
Iruñsheme-iruinalabak euskaraz karrikaratu dut, eta Historia de Navarra, gaztelaniaz, hori bai jarri dut lehen alea dela. Material pila dago; arazo bakarra da autoedizioa dela eta, beraz, poliki-poliki atera behar da. Nik pentsatzen dut liburu bat euskaraz eta bertzea gaztelaniaz urtero atera ahal izanen dudala.
Nafarroako Erreinuaren konkistaren 500. urteurrena pasata, oraindik badago gaiarekiko interesa?
Niretako, 1512a inoiz ez da konkista izan, Euskal Herriko lurralde batzuk 1200. urtean konkistatu zituztelakotz. Eta nahiz eta 1512a data garrantzitsua izan, Nafarroak bizi iraun zuen independente Nafarroa Beherean eta Bearnon, eta hori frantsesek 1620. urtean konkistatu zuten. Gakoa da hemen, hegoaldean, Espainiaren menpe bizi garela, eta normalean ahaztu egiten zaigu gure independentzia mantendu egin zela iparraldean. Batzuetan erraten da Euskal Herria eraiki behar dugula, eta egia da, baina gure aberria berreraiki behar dugu. Nafarroa militarki konkistatu zuten, eta hori ezin dugu onartu.
Betidanik gure gauzak ezkutatu dizkigute, gure hizkuntza, mundua, kultura ukatu dute eta beti landu behar izan ditugu ezkutuan. Orain ere, eskoletan, berdin gaztelaniaz, euskaraz, curriculumetan agertzen diren gaiak normalean Madrilek edo Parisek inposatzen dituzte. Gure gauzei buruz deus gutxi kontatzen da. Txikitandik gure benetako historia erakutsiko baligute, jendea matxinatuko litzateke.
Lizarrako autonomia estatutua, II. Errepublika garaikoa ere lantzen duzu.
Urte dezente pasa da eta orduko politikari eta jende erranguratsuaren arteko gutun pribatuak argitaratzen ari dira. Egia da hemengo jende anitz zintzoki aritu zela Euskal Herriaren alde, baina egia da ere goi-mailako jendearen artean egon zirela interesak. Jendeak ezagutzen ez duena hau da: Lizarrako balizko estatutua baino lehen, berez, horren bultzatzaileek independentzia proposatu zutela, eta independentzia bultzatu zuten lehenak izan zirela gero gerra zibila piztu zutenak. II. Errepublika ezkertiarra zen, hauek beldurtu ziren eta pentsatu zuten, eurak eskuindarrak izanda, Espainiatik bazihoazela. Harrigarria eta gogorra da zer egin zuten batzuek Errepublika garaian eta gero, gerran. Autonomia estatutuaren aldeko lan handia egiten ari ziren batzuk gero aritu ziren gerra zibilean gure gudarien aurka, eta justu gerran Gipuzkoa eta Bizkaia konkistatzen. Oso gogorra da, baina eskubidea dugu ezagutzeko gertatu zen guztia; batzuek jatorrak ziruditela, baina nahiko maltzurrak izan zirela eta krimenak egin zituztela.
Nazien Gurseko kontzentrazio-esparrua ere aipatzen duzu liburuan. Ez da hain ezaguna…
Pirinioetatik bertze aldera, Zuberoa eta Biarno arteko mugetan, ehunka euskaldun izan ziren kontzentrazio-esparruan. Ia herri guztietako norbait zegoen han. Gerra zibila galdu zuten eta saiatu ziren zer edo zer egiten beste aldean, frantsesek kontzentrazio-esparruan sartu zituzten eta, gero, preso zeuzkatenak dohainik eman zizkieten alemaniar naziei. Dena dela, naziek pentsatu zuten horiek hemengoak zirela, eta hor mantendu zituzten eta ez zituzten Auschwitz edo horrelakoetara eraman. Gure kasuan, nahiz eta eskuindarrak edo ezkertiarrak izan, pentsatu zuten gure borroka desberdina zela, nazionala, eta horregatik, ez gintuzten hil. Baina beldurgarria da zerrendak irakurtzea eta nola milaka euskaldun eduki zuten kontzentrazio-esparru hartan. Eta hainbat kasutan, jendeak ez daki. Bi pertsonak erran didate liburu hauei esker ezagutu dutela haien aitatxi non izan zen, eta horrek erakusten du merezi duela ikertzea.
Sorginkerien auziak ere landu dituzu liburuan…
Biografia bat egiterakoan, orokorrean, nahiko erraza da gizonezkoen datuak aurkitzea, baina emakumeenak ez dira agertzen. Nik emakume baten kasua hartu dut. Izen-abizenak ematen ditut, benetan gogorra izan zelako. Inkisidoreek nahi zutena zen iraultzailea, jatorra zen jendea desagerraraztea. Nafarroa Behereko Inesa izeneko emakume baten bizitza kontatzen dut: nola Nafarroa independentean jaio zen, eta oso gaztetan Hendaiara bizi izatera joan zen. Nafarroa independentea zen artean ez genuen Inkisizioa onartu, baina Hendaia Frantzia zen eta han torturatu egin zuten, elbarri utzi zuten…Hondarribira ihes egin zuen, eta hura Espainia zen. Han berriz atxilotu eta torturatu zuten, alaba kendu zioten eta txalupa baten izan zuten Bidasoan, Hondarribia eta Hendaia artean, inon ez zutelako nahi. Ez dakigu gero zer egin zuten berarekin.
Gizonezkoak ere zigortu zituzten, baina gehienak emakumezkoak ziren eta milaka eta milaka torturatu zituzten, ehunka bizirik erre zituzten, eta ematen du ez dela ezer gertatu. Inork ez du barkamenik eskatu. Eta pentsa, herri txiki batentzako zer zen emakumeak plazan torturatzen eta bizirik erretzen ikustea. Amek alabei bakarrik transmititzen ahal zieten beldurra; eta gero gure buruari galdetzen diogu zergatik ez garen gehiago matxinatzen, afektiboki zergatik ez garen aurrerakoiagoak… Ez digute uzten.
Gauza hauek oso gogorrak dira, baina umorezko pasarteak ere badaude liburuan, irakurleei atseden pixka bat emateko.
Euskaldunok badugu umore-zentzua, ala? Ez ote gara serioegiak?
Bertso serioa, hausnarketa sakona egiten dutenean bertsolari bati entzutea baino gauza ederragorik ez dago. Baina txantxa bat egiten dutenean, euskaldunon artean nola gozatzen den hori! Beti izan dugu umore onerako eta ongi pasatzeko zirrikitua.
Zu iruindarra zara eta Iruñean bizi zara. Nola bizi da abertzale bat gaurko eguneko Nafarroan?
Bueno, inon ez da erraza; ez dut uste Gipuzkoan errazagoa denik euskalduna edo abertzalea izatea. Egia da estatuak, agintariek, indarrik handiena egiten dutela haiendako garrantzitsuena den inguruan. Lanik handiena Nafarroaren aurka egiten ari badira zerbaitegatik da, estatu afera delako Nafarroa. Nafarroan gure historia ezkutatu nahi dute, gure sentimenduak, nortasuna, gizalegea… euskara ere behin eta berriz debekatzen dute… Udaberri honetan ez dakizu zenbat gauza egin behar izan dudan sendagile euskalduna izatekotz! Baina hala eta guztiz ere, hemen gara, eta pasadizo bat kontatuko dizut: 1936an Lizarrako alkatea, Fortunato Agirre euskaldun berria, fusilatu egin zuten, abertzalea eta euskalduna zelakoz-eta. Bada, duela aste gutxi bere bi alabekin hitz egin nuen, eta zera erran zidaten, eta oso polita izan zen: ze pena ematen zien aitak egungo egoera ezagutu ez izana. Orduan lau katu ziren euskaldun berriak, eta orain begira zenbat milaka dugun Nafarroa Garaian, edozein tokitan. Den-dena aurka egiten ari badira ere agintariak, hala eta guztiz ere gora ari gara. Hau da egokitu zaiguna, ondorengo belaunaldiak libreago bizi daitezen.