Neka Galan: "Entrenatzaile lana aberasgarria da, baina desengainu handiak bizi izan ditut"

Mireia Bikuña 2013ko eka. 11a, 02:00

Neka Galan (Arrasate, 1958) Bergarako entrenatzailea izan da azken bi denboraldietan. Lan ona egin du mahoneroekin, baina taldea uztea erabaki du. Urte sabatikoa hartuko du. Futbola alde batera utzi, eta aisialdirako denbora hartuko du: etxekoak, lagunak, bere burua… Entrenatzaile izan aurretik, 12 urtez Eskoriatza taldeko jokalari izan zen. Bere ibilbideaz jardun dugu.

Denboraldia bukatuta, entrenatzaile lanak utzi dituzu. Nekatuta?

Akaso, bai. Urte asko eman ditut entrenatzaile lanetan, eta atseden hartzeko beharra nuen. Denboraldi ona egin dugu Bergaran. Jokalari itzelak izan ditut: arduratsuak, konprometituak, langileak… Baina buruak atsedena eskatzen zidan, eta kasu egin diot. Kirol ikuspegitik urte ona izan da.

Jokalariek fisikoki esfortzu handia egiten dute denboraldian. Entrenatzaileek ardura handiak dituzue. Non sentitu zara erosoago?

Jokalari zarenean arlo fisikoa asko landu eta zaindu behar duzu. Entrenatzaile lanak, aldiz, beste ezaugarri batzuk eskatzen dizkizu. Ni eroso egon naiz bietan. Baina azpimarratu gurako nuke entrenatzaile izan naizen urteetan desengainu handiak bizi izan ditudala. Horiek gainditu eta futbolean jarraitzeko, erronka berriak topatu behar izan ditut. Dena den, desengainuak izan ditudan moduan, poztasunak ere izan ditut: entrenatzaile lana oso aberasgarria da. Asko ikasi dut futbolarekin.

Aberasgarria zein zentzutan?

Nik, zorionez, hainbat taldetan egin dut lan, eta horrek pertsona asko ezagutzeko aukera eman dit: jokalariak, arduradunak, zaleak… Hartu-eman zuzena izan dut haiekin, eta lagun asko egin ditut futbolean. Adibidez, Bergaran izan dudan jokalari taldea ikaragarria izan da. Haien jarrera asko baloratzen dut, baina, batez ere, pertsona moduan duten maila goraipatuko nuke. Horrek aberasten nau gehien. 

Liga txapelketa zortzigarren lekuan bukatu duzue, 49 punturekin. Denboraldiaren balorazioa?

Zenbakiei begira, ona izan da, duda barik. Denboraldi osoan egon gara lehen bosten artean. Maila ziurtatu genuenean, erlaxatu egin ginen eta zortzigarren lekuraino jaitsi gara. Iaz baino sei puntu gehiago batu ditugu. Hortaz, horregatik guztiagatik, urte ona izan dela esan beharra dago.

Baina nik neuk aurreko denboraldia nabarmenduko nuke. Lan handia egin genuen taldea Ohorezko Erregional Mailan gera zedin. 2011-12 denboraldian Bergarara heldu nintzenean, helburua mailari eustea zen. Gazte mailako bederatzi jokalariren beharra izan genuen liga hartan. Jokalari taldearen maila ez zen aurtengoa bezalakoa, eta klubeko ordezkariak arduratuta zeuden. Baina, lan handia eginez, bost jardunaldi falta zirela maila ziurtatu genuen. Lanerako tresna eskasagoekin, emaitza ezin hobea lortu genuen.

21 urterekin hasi zinen jokalari, Pedrusko taldean. Berandu samar, ezta?

Lehen Erregionalean hasi nintzen Pedruskorekin. Bi urte egin nituen, eta ondoren, maila berean zegoen Eskoriatzara joan nintzen. Han 12 denboraldi egin nituen. 34 urterekin, 1993-94 denboraldian, entrenatzaile titulua lortzeko ikasketak hasi nituen. Eta garai hartan topo egin nuen Nedzad Zivojevic-ekin. Bosniako gerra zela-eta Eskoriatzara bizi izatera etorri zen, eta entrenatzaile lanak egin zituen hiru hilabetean.

Mondra Hirugarren Mailara igo zenean, Zivojevicek hartu zuen taldearen ardura eta ni hasi nintzen bigarren entrenatzaile lanak egiten. Urtebete egin genuen Arrasaten. Mondrak maila galdu zuen.

Mondran hasitako bidea Bergaran bukatu duzu.

Halaxe da, bai. Mondrak maila galdu arren, Nedzad eta biok klubean geratu ginen, harrobiko beste talde batzuekin lanean. Hainbat urte egin nituen, eta handik Almenera joan nintzen koordinatzaile lanak egitera, lau urtez. Almenen kadete mailara arteko taldeekin egiten genuen lan. Gazte mailara heltzen zirenean, UDAren ardurapean jarraitzen zuten.

Handik Aretxabaletara joan nintzen, eta ondoren, Josu Zubiarekin batera, hiru urte egin nituen Bergaran. Nire lehen etapa izan zen. Handik Berrizera joan nintzen. Hiru urte egin nituen han, eta Eskoriatzara itzuli nintzen, areto-futbol taldearekin lan egitera. Azken etapa, oraingoz, Bergaran egin dut.

Nolako entrenatzailea izan zara?

Askok oso serioa naizela uste dute. Akaso, hori da ematen dudan lehen inpresioa, baina oso bestelakoa naizela esango nuke. Konpromisoa, lana eta diziplina  gustatzen zaizkit, baina, era berean, umore ona daukat, eta txisteak kontatu edo txantxaren bat egin behar denean, ez naiz atzean geratzen. Nahiko permisiboa naizela esango nuke.

Eta zer-nolako jokalaria?

Zentral postuan jokatzen nuen, defentsaren erdian, Juanito Barberanekin.  Jokalari beroa nintzen. Ahoberoa, batez ere Aloñaren kontrako partiduetan. Haiek ziren denboraldiko norgehiagoka politenak.  Lehia handia genuen, baina lehia sanoa zen. Eskoriatzako jokalariendako bailarako derbi inportanteena Aloñaren kontrakoa zen.

Debagoieneko futbol talde gehienen entrenatzaile izan zara. Aloña eta Antzuola falta zaizkizu.

Bai. Bergara, Mondra eta UDA ezagutzen ditut, baina Aloña gertutik jarraitzen dut. Lan itzela egiten dihardute harrobiarekin Oñatin. Urte asko daramat entrenatzaile lanetan, eta beti esan izan dut Aloña Mendi eta Bergara direla harrobiarekin ondoen lan egiten dutenak. Klub horiek duten filosofia eta lan egiteko modua asko gustatzen zait. Kluben etorkizuna harrobia da eta zaindu egin behar da.

Futbol barik aspertu egingo zara.

Ez dut uste. Futbola ikusten jarraituko dut, baina bigarren maila batean. Orain, denbora luzeagoa izango dut aisialdirako, familiarendako, lagunendako… Korrika egitea eta mendian ibiltzea atsegin dut. Gainera, etxekoendako denbora luzeagoa izango dut aurrerantzean.

Entrenatzaile aulkian ikusiko zaitugu berriro?

Ez dakit zenbat urte barru, baina ziur nago baietz. Nekatuta nagoelako utzi dut, baina errekuperatu bezain pronto… Bien bitartean, Debagoieneko futbol zelaietan elkar ikusiko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak