Aitor Astaburuaga: "Gogoan daukat behin tanga bat fotokopiatu behar izan nuela"

Imanol Gallego 2013ko eka. 10a, 02:00

Aitor Astaburuaga ez da oso izen ezaguna izango, baina, Ttukun aipatuz gero, Arrasate osoak zein dendariz ari garen erraz asma dezake. Bere irribarrea "ongi etorri!" esateko erabiltzen duen tresna eraginkor horietako bat da. Jatorra, zintzoa, etxerako modukoa. Kopiatu baino gehiago, fotokopiatu ezin den arrasatear atsegin horietako bat da.

Zu arrasatearra zara, ezta?

Bai. Egia esateko, 1963. urtean Arrasaten ez zegoen ospitalerik eta garai hartan etxean edo Bergarako ospitalean jaiotzen zen. Ni Bergaran jaio nintzen, hemen ospitalerik ez zegoelako! Hala ere, arrasatearra naiz.

Zenbat urte fotokopiak egiten?

Uf... 26 izango dira!

26 ez da zenbaki makala! Fotokopia-denda lehen aukera izan zen?

Ez. Aitaren lokala zen eta bertan zer jarri pentsatzen hasi ginen. Hasieran, paper-denda bat jartzeko ideia otu zitzaigun, baina, azkenean, fotokopia-denda jartzea erabaki genuen.

Zenbat fotokopia egin dituzu?

Zenbakia diozu? Ideiarik ere ez. Ez ditut inoiz zenbatu. 

Jendeak etxean inprimagailuak jarri dituela sumatu duzu?

Beti igartzen da. Egia da jendea gutxiago etortzen dela, baina horrekin ere aurrera egitea besterik ez zaigu geratzen.

Ttukun ez da fotokopiak soilik egiteko leku bat.

Askotan, herritarrak elkartzen diren puntu bat dirudi. Herriko elkarteek, adibidez, euren liburuak hemen saltzen dituzte eta gure ateak iragarkiz beteak daude. Denda ezagutzera emateko beste modu bat da. Gure zerbitzuengatik etortzen ez direnak hemen ditugun iragarkiak irakurtzera etortzen dira eta horri esker denda ezagutzera ematen dugu.  

Hala ere, zure denda fotokopiak egiteko toki bat da. Ze izan da kopiatu behar izan duzun objekturik  arraroena?

Tanga bat.

Barkatu?

Bai, bai, tanga bat. Eskuan ekarri zidan eta nik fotokopiatu egin nuen. Ez da objektu bitxi bakarra izan. Gauza kurioso gehiago fotokopiatu izan ditut. Bularretakoak, harriak, bitxiak...

Zertarako?

Ez dakit. Nik ez dut galdera askorik egiten. Fotokopiatu egiten ditut eta listo. Eurek jakingo dute zertarako behar duten harri edo tanga baten fotokopia.

Fotokopia kuriosoez gain, beste gauza arrarorik egin duzu inoiz? 

Ba, psikologo lana, akaso! Nire iritziz, dendari guztiok doan ematen dugun zerbitzua da hori. Gertuko zerbitzua eman nahi den heinean, horrelako gauzak egin behar dira.

Zure denda oso leku ezaguna da.

Herri erdialdean dagoenez oso eskura dago, eta horregatik izango da. Beste denda edo taberna batzuekin ere gauza bera gertatzen da. Kokaleku kontua da.

Kantoi honek bizitasun handia izan du. 

Lehen, Biona zegoenez, kantoiak bizitasun handia zuen. Hemendik pasatzen ziren, eta, askotan, fotokopiaren bat egiteko aitzakiarekin, trago bat hartzen zuten tabernan. Alderantziz ere bai: tragoa edan bitartean fotokopiak egitera ere etortzen ziren.

26 urteren ostean, garai onak eta txarrak bizi izan dituzu. Zelako garaia da hau?

Nire ustez, okerrena. Lehen, kooperatibak diru eta lan asko sortzen zuen, baina egun, soldatak asko jaitsi dira. Orain, autoa samurrago eta maizago hartzen dugu eta merkatariok joera hori bereziki igarri dugu. 

Zenbat aldiz entzun duzu papera hilda dagoela?

Milaka aldiz! Jendeak ikasteko, irakurtzeko papera gustukoago du. Oraingoz, paperak ordenagailuak baino aukera gehiago ematen ditu. 

Inoiz sumatu duzu zurea aurpegi ezaguna dela?

Bueno, bai. Baina ez dit axola. Oporretatik bueltan norbaitek beti esan izan dit hemen edo han ikusi nauela. Jendearekin harreman ona daukadanez, ez zait gogorra egiten.

Beste herri batetik zer kopiatu edo fotokopiatuko zenuke Arrasatera ekartzeko?

Dudarik gabe, hondartza.

Eta non jarriko zenuke?

Epele ingurutik Elorregiraino jarriko nuke.

Eta Arrasatetik zer fotokopiatu eta esportatuko zenuke?

Jendea, giroa eta hemen lan egiteko modua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak