Jose Mari Erauskin abokatuak "zalantzan" jarri du Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea

Imanol Gallego 2013ko eka. 5a, 21:22

Debagoienako Kaleratzeak stop! plataformak (HMEI) Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizeari buruzko hitzaldia antolatu du. Bertan, Jose Mari Erauskin abokatuak indizearen arriskuez eta bankuen "trikimailuez" mintzatu da.

"Ia bizitza osorako kontratu bat sinatu arren jendeak ez ditu klausula guztiak irakurtzen", Erauskinek argi dauka. Bi aldeek ongi jokatuko dutela uste arren, bankuen kasuan hori ez dela betetzen salatu du abokatuak. Gehiegizko interesak, beharrezkoak ez diren seguruak... krisiak arazo horiek guztiak azaleratu ditu.

Erauskinen ustez "bankuek ez dute euren negozioarekin amaitu nahi" eta hori gutxi balitz gobernuaren interes eza ere salatu du. Bere hitzei erreparatuz gero, "BEZa igotzeko erabakia bi astetan hartu zuten bitartean, 13 hilabeteren ostean ez dute HMEI indizea ordezkatuko duen indize berria sortu". Erauskin oso kritiko azaldu da "bankuetatik ez dugu ezer jasoko, baina botere legegilea eta judiziala ere kontrolatzen hasi dira".

Beharrezko informazioa

Hitzaldi didaktikoa izan da eta Erauskinek HMEI indizea zer den eta nola kalkulatzen den adierazi ostean, bankuen gehiegizko praktiken inguruan luze jardun du. Bertan aipatu du azken bi urteetan izandako sententziek plataforma eta herritarrei arrazoia eman arren, "bankuek jarrera eskasa" izan dutela.

Amaitzeko, bertaratu diren zenbaiten banakako kasu zehatzei buruz hitz egin du. Hitzaldi honekin plataformak bere helburu bikoitza indartu nahi du; kaleratzeen kontra era aktibo batean lan egiteaz gain, jendeak bere maileguei buruzko ahalik eta informazio gehien izatea nahi dute.

Hitzaldia amaitu eta gero, Kaleratzeak Stop! plataformak hipotekarekin edozein arazo izanez gero, plataformak 688 823 154 telefono zenbakia herritarren eskura jarri duela gogorarazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak