Humberto Persano: "Botikak oso onak izan daitezke sintomak tratatzeko, baina ez dute bizitza konpontzen"

Leire Kortabarria 2013ko eka. 6a, 02:00

Mugako Pertsonalitate-Trastornoaren gaineko bi eguneko ikastaroa eman zuen Humberto Persano medikuak Arrasateko San Juan de Dios ospitale psikiatrikoan. Buenos Airesko Jose T Borda ospitalean, Mugako Nahasmendu eta Nahasmendu Bipolarrak Ikertzeko eta Prebenitzeko Zerbitzuko burua da, eta Buenos Airesko Unibertsitateko Buruko Osasuneko katedraduna.

Badago nahiko zabalduta Mugako Pertsonalitate-Trastornoaren gaineko informazioa?

Bai, orain dela urte batzuetatik hona dezente hedatu da gai hori gizartean. 

Zelakoak dira nahaste edo trastorno hori duten gaixoak?

Izaerako, pertsonalitateko, nortasuneko nahastea da, eta modu konplexuan agertzen da, mota askotan adierazten da. Ezaugarri nabarmenena hau da: desegonkortasun afektiboa, labilitate emozionala [negarra, lekuz kanpoko barrea edo, orokorrean, neurriz gaineko adierazpen afektiboak] eta sintoma inpultsiboak: erasoak, norbere burua erasotzea edo min egitea, suizidatzeko ahaleginak… Bizitza kaotiko eta desordenatua izan dezakete eta hori besteenganako harremanetan ikusten da. Bikoteko edo taldeko harremanetan liskar asko izaten dituzte. Beharbada sintoma horiek ez dira puntualak, baizik eta bizi osoan zehar.

Samur diagnostikatzen da?

Tresna aproposak izanda, bai, nahiko samur. Hainbat espezialista kontsultatu izan dituzten pertsonak dira, hainbat sintomagatik, izan ere, trastorno hori sintoma askokoa izaten da: depresioa dela, antsietatea dela… Normalean, bizitzan zehar askotariko sintomak izaten dituzte. Datu hori oso garrantzitsua da pertsonalitate-trastorno bat dagoela konturatzeko. Diagnostikorako tresna nagusietako bat elkarrizketa da.

Norbera konturatzen da arazo bat duela?

Ez. Normalean, sintomak euren pertsonalitatearen zati bat dira eta sintomekin bizi dira. Besteekiko harreman patologikoak, sintoma horiez betetakoak izaten dituzte, eta ingurukoek aholkatzen diote tratamendua.

Zenbat kasu egoten dira?

Kulturaren arabera. Ez dakizkit hemengo datuak; baina munduko biztanleen % 2 inguru diren datua dago, eta datu handia da. Segun eta non neurtu dugun, proportzioa handiagoa edo txikiagoa izango da: buruko osasuneko anbulatorioetara joaten direnen % 10ek izaten dute Mugako Nortasunaren Trastornoa; ospitalizazio-unitateetan, % 20 edo % 30 izan daitezke… Ospitalizazio hori hainbat konturengatik izaten da: suizidatzeko ahalegina, psikosi-krisia, depresioa… Izan ere, trastorno mota horiek bestelako trastorno edo gaixotasun batzuekin batera gertatzen dira: trastorno afektiboak, antsietate-trastornoak, elikadura-jokaeren nahasteak –adibidez, bulimia oso ohikoa izaten da paziente horien artean… 

Bestalde, adikzioak edo mendekotasunak izaten dituzte ere: sustantziak, alkohola, jokoa, abiadura eta arriskua, dirua modu konpultsiboan gastatzea…

Azkenik, bipolaritate-nahasteekin batera ere agertu ohi dira.

Hori dena kontuan hartuta, nondik oratu trastorno horri, nola tratatu?

Diziplina askotatik batera tratatzen da, normalean: premiazko egoeran, botikak, eta horiek psikoterapiarekin batera izaten da trastorno hori tratatzeko modu onena. 

Bestalde, mugako pertsonalitate-nahastea duten pazienteek, bizitzan zehar une batzuetan, ospitaleratzea behar izaten dute, eta orduan buruko osasun talde osoak parte hartu behar izaten du. Ospitalean ez dira luze egoten; normalean, gertaera larriak dituztenean izaten da. Luzeago egoten dira bere buruari min egin diotenean edo bizitza arriskuan dutenean. 

Ze nortasun izaten dute, zelakoa da euren pertsonalitatea?

Jokatzeko modu zurrunak dituzte, eta hainbat alderditan igartzen zaie: afektuetan, desegonkorrak dira; harremanetan oso sentiberak dira, bakardadea edo bakarrik utzi dituztela oso erraz sentitzen dute, bakarrik uzte hori benetakoa izan edo irudimenekoa izan; eta modu kronikoan sentitzen dira hutsik edo aspertuta. Hori, sentimenduei dagokienez; inpultsuen arloan, haiek kontrolatzeko zailtasunak dituzte; besteenganako harremanetan, biolentzia fisikoa edo hitzezko biolentzia egoten da; inpultsiboak dira ere sustantziak hartzeko moduan, jateko moduan edo arrisku-egoerak bilatzeko orduan; eta azkenik, pentsatzeko modua ez dute oso zehatza, esaten dutena ere ez. Erreakzio paranoikoak izaten dituzte eta besteenganako konfiantza falta izaten dute. Eta azkenik, bikote-harreman luzeak badituzte, denbora osoan krisian daude; eta oso gutxi irauten duten harremanetarako joera dute ere. Lanean, gauza bera: ibilbide profesional bat hasten dute, utzi egiten dute, beste bat hasten dute… edo lanpostu baten hasten dira, istiluak izaten dituzte, utzi egiten dute… Liskar egoerak edo apurketa-egoerak egon ohi dira.

Profesionalak gero eta hobeto prestatuta egon beharko dira…

Hain zuzen, San Juan de Dioseko ikastaro horren helburua izan da kontzeptu batzuetan, batez ere kontzeptu teorikoetan trebatzea profesionalak. Paziente horiei askotariko botikak ematen dizkiete, eta euren terapiak porrot egiten du kasu askotan. Beraz, profesionalen entrenamendua garrantzitsua da.

Bestalde, Buenos Airesen diharduzun Jose T Borda ospitalean, nahaste bipolarrean ere espezialista zara, ezta?

Bai. Afektuen nahaste edo trastorno bat da. Une jakin baten diagnostikoa egitea zaila da; nortasun-nahasteekin gertatzen den bezala, bizi osoa aztertu behar izaten da. Animu-aldaketak antzematen zaizkie, hau da, bizitasun handiko egoera eta depresioa. Nahaste bipolarrak orain dela gutxi antzeman dira, interes handiagoa ipini da horiengan, eta hobeto diagnostikatzen dira.

Badirudi azkenaldian nahiko modan dagoela nahaste bipolarra komunikabidetan. Hori fribolitatea dela uste duzu?

Egia da kontzeptua larregi erabiltzen dela. Baina, nire ustez, gai hori oso azaletik lantzea izan daiteke fribolitatea, ez gaia bera lantzea.

Entzuten da gero eta botika psikiatriko gehiago hartzen dituela jendeak, eguneroko bizitzari aurre egiteko ere. Zer diozu?

Afektuak medikalizatzeko arriskua dago. Hau da: denok gaude triste lehenago edo beranduago, eta tristura hori gaixotasun bihurtzen denean, aukerak daude. Gaurko eguneko munduaren ezaugarri bat da emateko errazak eta teknikoak diren tratamendu-moduak sortzea. Horrek kalte egiten dio mediku-asistentziaren kalitateari eta, beharbada, botika gehiago ematea dakar; tristura edo larregiko alaitasuna (bipolaritatean) kentzeko nahi baino botika gehiago emateko arriskuan jausi gaitezke.

Psikofarmakologia oso ona da sintoma klinikoak konpontzeko, baina ez du bizitza konpontzen, ezta harremanetan izan daitezkeen arazoak ere; hori psikoterapiarekin landu beharko litzateke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak