"Zero zabor filosofiari irmoki eutsiz, hausnarketa prozesuan" dago Arrasateko Udala

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko maiatzaren 29a

Martxo amaieran galdetegiak bidali zituen Udalak etxez etxe, hondakinen gaiaren gainean arrasatearrok zenbat dakigun, zerk kezkatzen gaituen eta arazoaren aurrean lehentasuna zeri ematen diogun jakiteko. Atzo, martitzena, egin zuten galdetegi horren emaitzen berri emateko agerraldia Josu Pereda Ingurumen zinegotziak eta Inazio Azkarragaurizar alkateak. Prentsaurrekoaren ostean adierazi zutenez, "hausnarketa prozesuan" daude baina zero zabor filosofiari "irmoki" eusten diotela jakinarazi zuten. Galdetegia 2.551 pertsonek bete dute; arrasatearren %14ak, gutxi gorabehera.

Galdetegia erantzun duten 2.551 horietarik 401ek, galderak erantzun barik, protesta egiteko erabili dute galdetegia; gehienek bosgarren edukiontziaren alde edo atez ateko sistemaren kontra daudela adierazi dute: "Datu hori oso deigarria da, islatzen baitu ingurumenari dagokion gai honen bueltan zelako kezka sortu den Arrasaten ere", adierazi zuen alkateak.

Zero zabor filosofia ardatz

Zero zabor filosofia defendatzen dutela esan zuen, hasteko, Azkarragaurizarrek: "Udal gobernuan gaudenok ingurumen politika zehatz bat bultzatzen ari gara, Zero Zabor filosofia ardatz duena. Zentzu horretan, gure helburua da apurka-apurka pausoak ematea etorkizunean Arrasaten naturarekin orekan bizi ahal gaitezen. Momentu honetan hiru ildo nagusi ikusten ditugu ezinbestean indartu beharrekoak: baliabideak berrerabiltzea, berrerabili ezin direnak birziklatzea eta, noski, horretarako hondakin guztiak gaika biltzea; hondakinak nahasian jasotzen jarraituz gero, ez baita posible izango berrerabiltzea, ezta birziklatzea ere".

Auzo-konposta egiteko 100 familia

Era berean aipatu zuen hondakin organikoaren sorkuntza murrizteko pausoak ematen hasi direla. Besteak beste, hiru auzotan 100 familia inguru hasiko direla laster auzo-konposta egiten; aurrerantzean, landa auzoetako hondakinak behar den bezala, gaika banatuta, bilduko direla; hondakin industrialak, "behingoz",  ez direla hiri-hondakinekin batera bilduko; Garbigune ibiltaria delakoa, –Garagartzako garbigunera joateko aukerarik ez dutenei hondakin arriskutsuak jasotzeko zerbitzua emateko asmoz sortua– ekainaren 6an etorriko dela Arrasatera.

Galdetegietako datu batzuk

Josu Pereda Ingurumen zinegotziak galdetegiek eman dituzten zenbait datu interesgarri eman zituen. Galdetegia erantzun dutenen %63,5ak adierazi du ingurumenaren zaintzak arduratzen duela. Aldiz, %36,5arentzat, garrantzia handiagoa du erosotasunak eta estetikak.

Bestalde, gazteen presentzia eskasa ere aipatu zuen Peredak: "Belaunaldi gazteenaren parte hartzea oso baxua izan da (%16,76), belaunaldi zaharrenaren azpitik (%17,26). 30etik 50era artekoen eskutik jaso ditugu erantzunen %30,85 eta 50 urtetik 70 artekoak inplikatu dira gehien galdetegiarekin; %35,13: Zergatik ez dute parte hartu gazteek?", galdegin zuen.

Alkateak honako galdera ere egin zuen: "Erantzun dutenen %63,5a hondakinen aprobetxamenduaren alde egonik, zelan da posible egun Arrasaten sortzen ditugun hondakinen %30 bakarrik biltzea gaika?". 

%63,4ak bosgarren edukiontzia; atez atekoa, %28,8ak

Beste datu bat da galdetegia erantzun duten arrasatearrek nahiago dutela bosgarren edukiontzia atez ateko sistema baino: %63,4ak bosgarren edukiontziaren sistema hobetsi du eta %28,8ak atez atekoa: "Horren aurrean azpimarratu nahi dugu bosgarren edukiontziaz funtzionatzen duten herrietan –Aretxabaleta kasu– ez direla lortzen atez atekoaren tamainako emaitzak –Antzuola–. Eta arrazoia oso sinplea da: bosgarren edukiontziaren bidez organikoa aparte biltzea borondatezkoa da eta atez atekoaren sistemak herritar guztiak derrigortzen ditu hondakin guztiak gaika biltzera. Hortxe dago arrakastaren gakoa, derrigortasunean", esan zuen alkateak.

"Seriotasunez" jarduteko garaia

Peredak adierazi zuenez, heldu da garaia bizimodu jasangarriago eta sanoagoaren alde "seriotasunez" jarduteko: "Ez da nahikoa politikoki zuzenak izatea, ausartagoak izan behar gara: bakoitzak bere esparruan hasi behar dugu kontzientzia praktikan jartzen. Kontzientziatzeko modurik egokiena da jarrera praktikoak hartzea, konbentzituta gaude. Eta, zentzu horretan, Udal gobernutik apustu garbia egin dugu: Arrasate Zero Zabor filosofian heztea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak