Harri baldarraren xarma, San Telmon

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko mai. 24a, 10:20

Harri-jasotze munduan bi motatako harriak daude: homologatuak eta baldarrak. Arrasaten azken horren eredu bat egon da urteetan zehar, udaletxeko eskaileretan, ikurrinaren eta herriko banderaren artean. Altxatzeko harri zaila, arrazoi ezberdinengatik: 215 kilo ditu, zilindro formakoa da eta ez dauka heldulekurik. 

Arrasatetik Donostiara 

Arrasateko udaletxea utzita, Donostiako San Telmo museoraino bidaiatu du harriak. Maiatzaren 10a ezkero bertan dago irailaren 8ra bitartean ikusgai egongo den Harrijasotzaile. Harriaren indarra erakusketaren barruan. Kirol horren balioa aitortu eta aitzindari izan zirenak eta gaur egungoak omentzeko helburuarekin antolatutako erakusketa. Argazkiekin, ikus-entzunezkoekin, datu historikoekin eta harriekin dago osatuta. 

Patxi Jauregi Harria-Herria elkarteko lehendakariak azaldu duenez, Arrasateko baldarra hiru pertsonak bakarrik altxatu dute gaurdaino: "Federazioko dokumentuetan jasota dagoenez, Inazio Otaegik, Iñaki Perurenak eta Juan Jose Unanue Goenatxo-k bakarrik lortu dute". Berezitasun horrek erakarri zuen Jauregi harria erakusketan txertatzera. 

Orduan, Arrasateko Udalarekin ipini zen harremanetan. "Egin genion planteamenduarekin, interesatuta egon da lehenengo momentutik. Esango nuke lanaren alderik errazena izan zela hori, zailtasun nagusia 215 kiloko harria tokiz mugitzea izan baitzen. Horretarako, hiru lagun bertaratu ginen Arrasateraino, eta eskorga batean sartu eta poliki-poliki jaitsi genituen kalerainoko eskailerak, kostata!".

Santamas egunetan kalera

Arrasateko harriak inskripzio bat dauka: 1978ko abenduaren 22a. Santamas eguna. "Eta dakigunez, baldarra altxatzea lortu duten harri-jasotzaileek Santamas egunez altxatu zuten". 

 

Ofizialki plazetan altxatzeko harria izan aurretik, baina, zutoin edo euskarri bezala erabili zen Arrasatekoa, Jauregiren esanetan. "Oso zaila zen zegoenetan altxatzea, eta markak egiteko-eta erabiltzen zen arrazoi horregatik". Errekorra Inazio Otaegik egin zuen, 1993ko Santamas egunean,  sei bider altxatu zuen harria bost minutuan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak