Marta Izagirre: "Artzamendiri, eskolaren sortzaileari, hark egindako lana ez erortzea zor diogu"

Imanol Gallego 2013ko mai. 25a, 10:30

Gaur, zapatua, ospatuko dute Arrasate Musikalen 40. urteurreneko egun handia; hala ere, kurtso amaiera bitartean ekintza asko antolatu dituzte. Marta Izagirre 1995a ezkero Arrasate Musikaleko zuzendaria da, eta harekin, musika eskolak bete berri dituen 40 urteez gain, akademiaren etorkizunaz ere hitz egin digu.

Nola doa 40. urteurreneko ospakizuneko festa?

Gustura gaude. Otsail aldean hasi genituen ospakizunak bandaren kontzertu batekin. Orain, kurtso amaiera honetan, kontzertu eta ekintza gehiago antolatu ditugu. 

Gaur izango da ospakizun nagusia, ezta?

Hala da. Musika kalera atera nahi dugu. Egia da kontzertu gehienak eskolatik kanpo egiten ditugula, Kulturaten, Amaia antzokian... Kasu honetan, baina, kalera irten gura dugu. 12:00etatik aurrera, egun osoan zehar, Arrasateko kaleei musika jarriko diegu.

40 urteren ostean, zeintzuk dira Arrasate Musikalen erronkak?

Lortu dugun mailari eutsi nahi diogu. Azken urteotan, musika ezberdin ugari jorratu ditugu eta instrumentu ezberdinak sartu ditugu. Juan Artzamendiri, eskolaren sortzaileari, hark egindako lana ez erortzea zor diogu. Haren lan eta ilusioak aurrera egiten laguntzen digu. Dena den, instrumentu herrikoi gehiago irakastea gustatuko litzaiguke: txalaparta, alboka...

Instrumentuak ez ezik, ikasle motak ere ugaritu egin dira.

LOGSEa martxa jarri zenetik, adin minimoa 4 urtera jaitsi zen. Goitik ez dago adin mugarik, eta azken urteetan ikasle nagusi kopurua izugarri hazi da.

Lokalarekin aldaketa ugari izan dituzue.

Duela bost urte, Saiolan eraikinera joango ginela entzuten genuen, baina guztia geldi dago. Krisia aitzakia bezala erabilita ez nuke nahi proiektu hori kanpoan gelditzerik.

Zein izan da Arrasate Musikalen arrakastaren sekretua?

Taldeak aipatuko nituzke. Musika etxean eta eskolan ez ezik, taldeen bitartez beste arlo batzuetara ere iristen gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak