Koldo Zuazo: "Nazio bat ondo kohesionatuta dagoenean, hizkuntzan ere batasuna ikusten da"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko mai. 16a, 02:00

Koldo Zuazo (Eibar, 1965) hizkuntzalaria EHUko irakaslea eta euskaltzain urgazlea da. Arrasaten izan genuen aurreko astean, Nazio egitura eta hizkuntza gaiaz berbetan. Zuztarrak Errotuz taldeak, Nabarraldek eta Arrasateko Udalak elkarlanean antolatu duten Udaberriko Hitzaldi Zikloaren azken-aurrekoa izan da. Euskalkiak, Leintz aldeko berbeta, estatuak, nazioak, hizkuntzak... izan ditu berbetagai. 

Gaur egun ezagutzen ditugun euskalkiak Erdi Aroan sortu zirela diozu. Baita Leintz aldekoa ere?

Ziurrenera bai. Leintz aldea oso lotuta egon da Arabarekin eta, hain zuzen, Araban ikusten dut euskalkietako baten sorgunea. Araba ardatz zela, Bizkaira, Deba ibarrera, Goierrira eta Nafarroako mendebalera zabaldu zen: Burunda, Ameskoa eta Lana eskualdeetara. Beharbada, baita Burgos eta Errioxa aldera ere. ‘Mendebaleko’ euskalkia deitzen diot horri eta denetan zabalena eta inportanteenetakoa dela uste dut.

Debarroan zenbat euskalki bereizten dituzu?

Euskalki bakarra, baina hiru berbeta mota. Bata, Debagoienean egiten da, Leintzen, Oñatin eta Aramaion (Oleta auzoa kenduta). Bestea, erdigunean, Bergara, Antzuola, Elgeta, Soraluze, Eibar eta Ermuan. Hirugarrena Elgoibar, Mendaro eta Mutrikukoa da. Azken honetan oso indartsua da euskara giputzaren eragina. Deba bera gaur egun bete-betean ikusten dut euskara giputzaren barruan.

Arabako euskara da zure azken liburua eta bertan diozu, besteak beste, Mendebaleko euskalkiaren ardatza Araba eta, zehatzago esateko, Gasteiz dela, eta handik zabaldu zela inguruetara… Hasiera batean, harrigarria dirudi, ezta?

Bai. Orain arte beti esan digute Araba erdalduna zela eta euskalkiaren ardatza Bizkaia zela. Baina azken urteotan, Araban idatzi diren testuak agertu dira eta, horri esker, hango euskara zelakoa zen ezagutu ahal izan dugu. Horretaz gainera, Araba ondoko berbetak ere ezagutu ditugu eta garbi ikusten da Debagoiena batez ere, baina baita Goierri eta Burunda ere, Arabara begira egon direla. Hiru berbeta horiek bereziak dira eta Arabarekin eduki duten hartu-emanean dago, gehienbat, berezitasunaren arrazoia.

Mendebaldeko berba asko erabiltzen dira Nafarroako Burundan edo Gipuzkoako Goierrin ere. Hortik uler daiteke zeure teoria?

Bai, eta ez dira bakarrik berbak. Esate baterako, Debagoienean -ketan atzizkia erabiltzen da: bialketan, ezauketan, ezkonketan... Orain arte bertakoa zela uste genuen, baina azkenaldian ikusi denez, Arabako izkribuetan ere agertzen dira. Hori dala eta, ez du ematen Debagoienean sortu direnik; Arabatik hartu dituela baino. Beste adibide bat esango dizut. Debagoienean "gaztaie gustetan jat" nahiz "gaztaiek gustetan jat" esaten da. Beti "jat", gaztai bat nahiz gaztai asko izan. Gauza bera gertatzen da Goierrin. Han ere "gaztaiek gustatzen zat" esaten da, gazta asko izan arren. Eta hori ere Arabako izkribuetan agertzen da. Bai Goierrik eta bai Debagoienak handik hartu du jokabide hori.

Beste ze froga duzu zure teoria egiaztatzeko?

Hizkuntza bat zabaltzeko herri handiak behar dira eta antzina mendebal osoan zegoen herri handi bakarra Gasteiz zen. Gaur egun Bizkaian daude herri handiak: Bilbo, Getxo, Barakaldo, Sestao... baina horien handitasuna "atzo goizekoa" da. Bizkaiko herri handiak sortu zirenerako, euskalkia egituratuta zegoen.

Euskalkietan berezitu zara edo zeregin horrengatik zara batez ere ezaguna, baina Arabako euskara ikertzen ere urteak daroatzazu. Zer dela-eta?

1956 arte ez genekien ezer hango euskararen gainean eta ordutik hona lan handia egin da eta benetako iraultza bat gertatu da. Toponimia aztertu da, testu idatziak agertu dira, Araba inguruko berbetak ezagutu dira... horrek guztiak ekarri du Arabako euskararen gaineko teoriak egun batetik bestera aldatu beharra.

Nazio egitura eta hizkuntza izan da Arrasateko berbaldi zikloaren barruan erabili duzun gaietako bat. Nazio egiturak zerikusi zuzena dauka hizkuntzarekin?

Bai. Gure kasuan hobeto "nazio desegitura" esan. Azken batean, benetako herri bat osatzen ez dugulako dago hainbeste dialekto. Nazio bat ondo kohesionatuta dagoenean, hizkuntzan ere batasuna ikusten da. Ostera, herri bat zatituta dagoenean, hizkuntza ere halaxe egoten da. Zoritxarrez, horixe da guri gertatzen zaiguna. Euskal Herria zatituta egotea, benetako herri bat ez izatea da euskalkien ugaritasunaren arrazoia.

Hizkuntzaren garapena eta Nafarroako Erresumaren ibilbidea oso estu daude lotuta? Zergatik?

Ematen du Erromatarren ondorengo garaian euskara asko aldatu eta asko berdindu zela. Euskara berdintze hori Nafarroako Erresuma sortzearekin egon daiteke lotuta. Nafarroako Erresumak euskaldunak batu egin zituen, eta hizkuntzan ere ikusten da batasuna. Aldiz, badirudi Erresuma desegin zenean sortu zirela euskalkiak. Euskaldunen arteko batasuna galtzean, bakoitza bere aldetik ibiltzen hasi zen eta hizkuntzan ere horixe gertatu zen.

Zein da zure hurrengo proiektua; hau da, zer darabilzu esku artean?

Azkenengo hiru urteak Nafarroan egon naiz, Araitz-Betelu eskualdean. Hango euskara aztertu dugu eta, hori amaitzen dugunean, euskara horren egoera hobetzeko egitasmo bat antolatzen ahaleginduko gara. Une honetan horixe daukat buruan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak