Natura eta eraikuntza, XXI. mendeko etxebizitza jardunaldietako aurtengo gaia

Goiatz Arana Begiristain 2013ko maiatzaren 9a

Arizmendi Ikastolak XXI. mendeko etxebizitza jardunaldiak antolatu ditu beste urtebetez; bihar, barikua, egingo da aurtengo edizioa, Arrasateko Kulturaten. Jardunaldien aretoan, gainera, Ekokaleak Hiri-Altzari Iraunkorraren V. Ideia Lehiaketaren lanak erakusgai egongo dira.

"Gure gizartea naturari bizkarra emanez garatu da, harrizko eta etsai-paisaia sortuz. Hala ere, azken urteotan bai obra berritan bai eta birgaitze lanetan ere natura txertatzeko joera areagotu egin da. Hau praktikara eramateko, faktore garrantzitsuak kontuan hartu behar dira teknikoki, eta estetikoki, bertan biziko diren pertsonen arteko elkarbizitza atseginagoa eta abegitsuagoa sortuko da". 

Ideia horretatik abiatuta, Arizmendi Ikastolak ikuskera berri hau eraikuntzako profesional guztiekin partekatu nahi du, gaian adituak diren hizlariekin, euren ikuspegia eta esperientzia ezagutzera eman ditzaten.

Nori zuzenduta

Eraikuntzako eta ingeniaritza arloko enpresei, arkitektura bulegoei, udaletako eta mankomunitateetako teknikariei, instalatzaileei eta alor horretan interesatuta dagoen edonori daude zuzenduta jardunaldiak.

Sarrera doan doan izango da, eta Arizmendiren webgunean eman daiteke izena.

Egitaraua

09:00 Agiria eta dokumentazioa banatu.

09:20 Ongi-etorria.

· Inazio Azkarragaurizar, Arrasateko alkatea.
· Alberto Gorroñogoitia, LKSeko zuzendaria.
· Edurne Erauskin, Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketaren arduraduna. 

09:30 Paisaia eta Hiria, Eduardo Rojo arkitekto doktorearen eskutik –Gasteizko Udaleko Espazio Publikoaren eta Natur Ingurunearen Zerbitzuko zerbitzuburua.

10:15 Lorezaintza, jendearen bizi kalitatea hobetzeko tresna bat, Mikel Baztanen eskutik –Noain-Elortzibarko Udalaren lorezaintza eta Agenda 21eko arduraduna.

11:00 Ekokaleak Hiri-Altzari Iraunkorraren V. Ideia Lehiaketaren sari banaketa.

11:15 Atsedena eta kafea.

11:45 Lastozko eraikin pasiboak, Iñaki Urquia arkitekto bioklimatikoarekin.

12:30 Fatxada eta estalki begetalak: ikuspegi orokorra eta energia ikuspuntutik apunte batzuk, Elena Morales Areizaga ingeniari industrialaren eskutik –Tecnaliako eraikuntza jasangarriaren sailaren ikertzailea.

13:15 Mahai ingurua. Hizlariek parte hartuko dute. Moderatzailea: Juan Antonio Urdangarin, Arrasateko Udaleko Hirigintza arduraduna.

14:00 Luntxa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak