Antonio Dupla: "Gizarte desberdina lortzeko aukerari ez diogu ukorik egiten"

Ubane Madera 2013ko api. 26a, 02:00

"Gaurkotasunak agintzen dituen gaiak era zorrotz eta iradokitzailean jaso" nahi dituen agerkari moduan ikusi du argia Galde-k. Atzo, eguena, aurkeztu zuten, Arrasaten. Izen handiak ditu, gainera, bultzatzaileen artean: Mariano Ferrer kazetaria, Agustin Untzurruntzaga Gipuzkoako SOS Arrazakeriako koordinatzailea eta Xabier Aierdi eta Antonio Dupla EHUko irakasleak. Azken horrekin izan gara:

Galde krisi garaian jaio da, eta, gainera, paperean, formatu digitala gailentzen den sasoian. Zela animatu zarete abentura honetan?

Esan digute ausardia nahiko  badela paperezko formatuan aldizkari bat argitaratzea gaur egun, baina Galde bultzatzen dugunok uste dugu garrantzitsua dela debate eta hausnarketarako espazio bat izatea, bereziki, gaur egun errealitatea horren konplexua eta kezkagarria den honetan halako tresnak faltan igartzen ditugulako. Oraingoz, lehen zenbakia kaleratu dugu eta erronka da bigarrena lortzea.

Ze kritika jaso duzue?

Jendeari gustatu egin zaiola. Interesgarria eta ausardiazkoa dela ikusten dute; baina, era berean, guztiek ikusten dute beharra dagoela bizi dugun egoera kezkagarri eta indignantearen aurrean eztabaidatu, ideiak eman eta proposamenak egiteko. Egia da, hala ere, apur bat atzera eragiten duela irakurtzeko ahalegina eskatzen duen aldizkaria izateak, artikulu sakonak direlako batzuk; baina halako aldizkariak beharrezkoak dira eta ahaleginduko gara tartekatzen artikulu sakonak arinagoekin. Eta hiruhilabetekaria da; beraz, bada irakurtzeko denbora. 

Ze irakurleri dago zuzenduta?

Hartzaile zabalei, progresistei, ezkerrekoei, baina ez haiei bakarrik… Egungo egoerarekin, politikak hartu duen bidearekin, desberdintasunen hazkundearekin… kezkatuta daudenei. Eta krisitik irteten laguntzeko ideia bila dabilenari zuzendutakoa. 

Galde-ren aholkularitza batzorde eta bultzatzaileetan unibertsitatearekin lotura duzuenak zaudete bereziki. Bada arrazoirik?

Hika aldizkarian parte hartzen genuenetako batzuk gaude; EHUko irakasle batzuk ere bai, baina baita ere gizarteko beste alor batzuetakoak. Talde plurala da, Bildurekiko gertutasuna dutenetatik hasi eta PSErekin gertutasun handiagoa izan dezaketenez osatutakoa; eta erdian denetik. Iritziak askotarikoak dira, baina egoeraren diagnostikoa bera da: proportzio izugarria duen ia sistemako krisiaren  aurrean gaude, eta kezkagarriagoa: desberdintasunen hazkundearen aurrean. 

Pentsamendu kritikoa, beraz.

Duda barik. Beharrezkoa da. Krisia ez da saihestu ezin den katastrofe natural bat. Krisia, edo gaur egun egiten diren proposamen politiko edo gobernuarenak, pertsona konkretuen erabaki zehatzak dira, kritikagarriak direnak, zalantzan jar daitezkeenak. Ikuspuntu horretatik mundu eta gizarte desberdin bat lortzeko aukerari ez diogu uko egiten. Beste kontu bat da jakitun garela bidea luzea eta zaila dela, errealitatea oso konplexua delako. 

Zerbait gura baduzu gaineratu…

Interes handia izan dezakeen lan-tresna izan daiteke; eta Interneten begiratu, eta harpidedun egiteko gonbita egingo nuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak