Esandako moduan, bilera horietan proposatuko zaie hondakinen bilketa selektiboa egiteko modua eta epe bat utziko da landa-eremu bakoitzak aztertu dezan planteamendua eta auzo alkatearen bidez horren gaineko iritzia Udalari eman diezaion.
Komertzioei, industriei eta zerbitzuei dagokienez, bakoitzak zein hondakin mota eta zein kopuru sortzen duen hartu da kontutan bakoitzaren ezaugarrietara moldatzen den proposamena lantzeko. Udala maiatzean hasiko da batzarrak egiten bakoitzari proposatzen dion bilketa modua aurkezteko.
Galdetegiaren gaineko ondorioak, laster
Udala banan-banan aztertzen ari da jasotako galdetegi guztiak eta laster jendaurrean emango du arrasatearrek erantzundakoaren berri. Orain arte ikusitakoaren arabera, ondorio bat nahiko garbi atera daiteke, Udalak jakinarazi duenez: gehiengoak ingurumenarekiko eta pertsonen osasunarekiko ardura adierazi du eta hori erabat positiboa dela baloratzen du Udalak: "Abiapuntu ezin hobea da hondakinak selektiboki biltzeko proposamenak eztabaidatzeko".
Gazte Bulegoa zabalik, eguaztenero
Hondakinei buruzko edozein informazioa jasotzeko, galderak egiteko edota iritziak emateko Gazte Bulegoa zabalik dago eguaztenero. Udalak gogorarazi nahi die arrasatearrei bulego horretako ateak zabal-zabalik daudela 18:30etik 20:00etara; herritarrei "lasai asko" hurbiltzeko proposamena luzatu die.