Arnau Vilardebo: "Kontu-kontari ibiltzeak bizipen bikainak izatea ahalbideratzen digu"

Erabiltzailearen aurpegia Ander Etxeberria 2013ko api. 14a, 02:00

Arnau Vilardebo katalana aktorea da, eta gidoigilea ere bada antzerki, zinema, telebista eta bestelakoetan. 1997an Els Joglars eta Albert Boadellaren La Trona-n egin zuen lan. Antzerkian ere lan eginikoa da, Ricard Salvat, Joan Olle eta Xavier Albertiren gidaritzapean. Irakaslea ere izandakoa, gaur egun Bartzelonan egiten du lan 88 infinitos ikuskizunarekin. Atzo eta gaur Euskal Herrian da, Munduko Kontu Kontalarien nazioarteko jaialdian, eta harekin hitz egiteko aukera izan dugu.

Zer iruditzen zaizu urtez urte halako nazioarteko jaialdi bat egiteko aukera izatea?

Ikaragarria da halako kultura, hizkuntza, ahots, irudimen joko... denak batu eta halako bi egun ikusgarri izatea. Nork bere herrialdearen ikuspuntua, ironia, drama… ekartzen du, nork bere modura kontatzen ditu gauzak, eta, gainera, besteek zer eta nola kontatzen duten entzuteko aukera izatea paregabea da, ze askotan ez baitugu elkar ezagutzen, eta esperientzia bikaina izaten da.

Katalunia, Argentina, Euskal Herria, Txile eta Uruguai: bost herrialde, bost kultura desberdin; zer dugu batera?

Ba, azkenaldian, gauza asko, kultura hedatzen ari da eta gauza asko ditugu batera. Eta gero, ba, jaialdian parte hartzen duten askok bidaiatu egiten dute, munduko txoko desberdinak ezagutzen dituzte, eta, hortaz, antzeko gauza asko ditugula konturatzen gara. Adibidez, Kolonbiara joan nintzenean, nik pentsatzen nuen greziarren inguruko mitologiaz hitz egin eta inork ez zidala ulertuko, eta, nire gozamenerako, gauza askoren berri zuten bertaratutakoek.

Jaialdiaren helburua herrialde desberdinetako kultura ezagutzera ematea da, baina gaur egun behar hori existitzen dela uste duzu?

Adierazteko beste modu bat da, jaialdi honetan zuzenean gaude eta jendea metro gutxi batzuetara dago; orduan, ikusleen emozioa, barrea, emozioak sentitzen dituzu, eta haiek zureak, ezta? Eta hori, azken baten, bizipen bilakatzen da, ez dago pantailarik tarteko, ez dago elektronikarik, ez da informaziorik jasotzen, baizik eta bizipen bat. Horrenbestez, beharra badagoela pentsatzen dut; hau da, kultura ezagutzera emateko beharra ikusten dut egungo egoeran.

Divinas seducciones istorioa kontatuko diguzu; zerbait aurreratzerik bai?

Urteak dira mitologia greziarraz hitz egiten dudana esklusiboki. Beste ipuin batzuk ere baditut, baina horretan dihardut, gure esentzia bertan dagoela uste dudalako. Izan ere, gizakiak Jainkoak sortu zituenean, bizipenen, beldurren, bizioen, desiren eta beste hainbat konturen bitartez konexio bat egoteko asmoz egin zuen; horrenbestez, esan daiteke Jainkoen berdinak garela. Gainera, nik aukeratutako istorioak pikanteak, erotikoak dira; beraz, konturatuko gara mekanismoak berdinak direla, eta grazia egiten du.

Euskal Herrian ibilia zara?

Bai; Oihulari Klownekin zirkuitu bat egiten ibili nintzen, Bergara eta beste hainbat herri ezagutu nituen, eta asko gustatu zitzaidan. Gainera, desberdintasun asko ikusi nituen bertan; adibidez, Bergaran egon nintzenean ikusi nuen jendea ohituta zegoela kontuak, ipuinak entzutera, eta giro bikaina izan genuen bertan; bizi izan dudan giro hoberenetakoa izan zen, gainera. Beste herri batzuetan, aldiz, ikusleek begiratu egiten zidaten aurpegi serioarekin, eta ez zuten ezer esaten, baina, antza, asko gustatu zitzaien; beraz, pozik geratu nintzen bidaiarekin eta esperientziarekin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak