Igoera faseko lehen kanporaketan esan behar izan diozue agur Urrezko LEB mailara igotzeko aukerari. Igoera fasea jokatzea saria zen, ez zenuten presiorik, ala kolpe handia hartu duzue?
[Igartzen zaio nekatuta dagoela, domeka eguerdia da eta gauez egin dute Malagatik bidaia]. Ez, ez, kolpea hartu dugu. Igoera fasean lan txukuna egin nahi genuen, eta iazkoa errepikatu da. Iaz igoera fasea jokatzen hasi eta lehenengo kanporaketan joan ginen etxera, eta oraingoan berdin gertatu da. Oporrak hartuko ditugu orain, baina zapore garratzaz amaitu dugu urtea.
Kanporaketa berdindua izan da.
Clinica Rincon ACBko Unicajaren talde filiala da, oso jokalari gaztez osatutakoa, baina lehiakorrak dira. Azpeitian bost puntuko aldeaz irabazi genien, baina Malagan ezin izan diogu errenta horri eutsi. Zazpigatik galtzen, azken jaurtiketa bat izan genuen luzapenera joan ahal izateko, baina ez genuen asmatu. Egia da liga erregularrean Malagan jokatu genuenean 20 puntugatik irabazi geniela, baina emaitza hori ez zen erreala, egun txar bat-edo izango zuten, eta jokalari gazteak dituzunean halakoak sarri gertatzen dira. Baina, Azpeitian galdu egin genuen euren kontra, talde ona dute.
Eta, irailerako gauzak lotuta dituzu?
Ez, dena dago airean. Ikusteko dago kategoria guztietan zelako gorabeherak izango diren, ACBtik hasita. Baliteke kategoriaren bat desagertzea... Ikasketei emango diet orain lehentasuna, eta ea irailean non gauden.
Bigarren urtea egin duzu Azpeitian. Iaz ez zenuen askorik jokatu. Aurten presentzia handiagoa izan duzu.
Lehenengo urtea oso gogorra izan zen. Taldeak bost pibot zituen eta minutu gutxi izan nituen. Urte gogorra eta luzea izan zen. Koadrilakoak pankarta batekin egon ziren partidu batean, eta ez nuen minutu bat bera ere jokatu. Min handia egin zidan. Zorionez, egoera aldatu egin da.
Zer aldatu da iaztik hona?
Pibot gutxiago ditugu taldean. Gainera, denboraldi bukaeran entrenatzaileak esan zidan nigan konfiantza zuela eta gehiago jokatuko nuela. Taldearen lehen fitxaketa ni nintzela esan zidan.
Eta bete egin du hitza?
Bai! [Barre] Pibot amerikat bat daukagu taldean. Hura ez dagoenean, nik jokatzen dut. Egia esan, oso pozik nago.
Dena pikutara bidaltzeko gogorik izan zenuen iaz?
Bai, askotan. Nik saskibaloian jokatu gura nuen, eta Iraurgin lekurik ez nuela sumatzen nuen. Gurasoekin berba egin, eta LEB mailan jarraitu edo EBAn jokatzeko aukerak aztertu genituen. Nik esan nien saskibaloian jokatu gura nuela, minutuak behar nituela.
Azkenean, baina, LEB mailan jarraitzea erabaki nuen.
EBAn jokatzeko eskaintzarik izan zenuen?
Bai. LEB mailan minutu gutxi nituela jakinda, EBAko hainbat talderen deiak jaso nituen. Esan zidaten ni oinarri hartuta antolatuko zutela taldea. Eskaintza gozoa zen, baina nahiago izan nuen Iraurgin jarraitu.
Zuk oso ondo ezagutzen duzu EBA maila.
Hala da. Lau urte jokatu nuen EBA mailan. Ez dut hemengo taldeek jokatzen duten multzoan jokatu. Ni Mediterraneo aldeko multzoetan ibili nintzen.
Hori horrela, badaukat esperientzia EBAn, baina gorago jokatu gura nuen. Azpeitian jarraitzeko apustua egin nuen, eta, oraingoz, ez naiz damutzen.
LEB mailatik gora jokatzeko aukerarik ikusten duzu?
Ez dakit. Saskibaloiarekin disfrutatzen dudan heinean, jokatzen jarraituko dut. Ez dakit noraino helduko naizen. Urtez urteko plangintzak egiten ditut.
13 urterekin hasi zinen saskibaloian. Ibilbide luzea egin duzu.
Arrasaten, Ointxerekin egon nintzen gazte mailako adina bukatu arte. Ondoren, Utebora (Zaragoza) joan nintzen urtebeterako. Castellon bi urte egon nintzen eta handik Valentziara joan nintzen. Oraingoz, azken geltokia Iraurgi taldea da.
Ama gustura egongo da orain, etxean zaudelako.
Bai. [Barre] Egia esan, gurasoen babes osoa izan dut beti. Castellon eta Valentzian egon naizenetan bisitan etortzen ziren. Azpeitian jokatzeko aukera sortu zenean ama asko poztu zen, eta ni ere bai. Izan ere, pribilegiatua naiz: LEB mailan jokatzen dut eta etxean nago.
Ze ezaugarri dituzu jokalari moduan?
2,04 metroko altuera daukat. Pibota izan arren, kanpotik ere jokatzen dut. Hiruko jaurtiketetan trebea naiz eta errebotean nahiko ondo moldatzen naiz. Ezaugarriak ezaugarri, taldeko jokalaria naizela esaten dut beti. Taldekideei laguntzeko gertu dagoena.
Altua zara, baina argala.
Gazte mailan oso argala nintzen. Urtero pisua irabazi eta gorputza landu dut. LEB mailan jokalariek fisiko izugarria daukate.
Non ikusten duzu zure burua etorkizunean?
Ez dakit. SHEE ikasten dihardut, eta, alde horretatik, prestatzaile fisikoaren lana gustuko dut, baina zaila da horretatik bizi izatea. Azkenaldian, baina, ikasketak bukatutakoan atzerrira joatea daukat buruan. Akaso, master bat egitera eta saskibaloian jokatzera. Akaso, Txinara saskibaloian jokatzera. Hemengo lan eskaintzaren araberako erabakia hartu beharko dut.