Mundu mailako saria irabazi du Mondragon Taldeak. Garrantzi handikoa, inondik ere.
Oso garrantzitsua da. Ikusi besterik ez dago aldez aurretik saria irabazi dutenak zeintzuk diren: Google, Apple, Amazon, Fiat… Bestetik, saria eman duenak, Financial Times-ek esaterako, prestigio handia du. Non eta Londresen, gainera! Finantzen munduaren erdigunean, hiriburuan, city-an. Mondragon korporazioaren balioak kapitalismoaren hiriburuan saritzeak badauka meritu handia…
Izan ere, kooperatiben balioak kapitalismoaren ezberdinak dira…
Bai, eta uste dut, hain justu ere, horregatik eman digutela saria. Negozio ereduaren beste proposamen bat egiten dugulako, non pertsona den erdigunea.
Josu Ugarte Nazioarteko Eragiketetako zuzendariak jaso zuen saria eguaztenean eta aipatu du mundu "hobe, justu, solidario eta bidezkoagoa" egiten jarraitzeko laguntza ematen dizuela sari honek. Hala da?
Uste dut baietz. Mondragon konparatzen badugu munduko beste multinazional batzuekin, konturatuko gara balio oso bestelakoak ditugula eta gure kudeaketa eredua ezberdina dela. Gure enpresetako buruen soldatak ez dira horren handiak; irabazten duguna modu bidezkoagoan banatzen dugu denon artean… Hori ez da gertatzen beste multinazional batzuetan. Bestalde, gure ingurunearekin daukagun konpromisoa ere handiagoa da.
Bada, zer nabarmendu dute antolatzaileek Mondragoni sari hori emateko?
Fiat, Amazon, Google eta Apple berritzaileak edo ausartak izatearren izan dira sarituak. Gure kasuan, nabarmendu dute gure enpresa egiteko modu berezitua, ezberdina.
Azkenaldian, mundu mailako hainbat hedabidetan-eta, eredu moduan jarri dute Mondragon taldea, bereziki, krisi koiuntural honetan. Zergatik eredugarri?
Mendebaldeko herrialdeak krisian daude: Europa, Ameriketako Estatu Batuak… Eta eredu berriak ari dira topatu nahian. Testuinguru horretan, jakin-minez jarraitzen da Mondragoeko eredua. Bestalde, esan behar da kooperatibek, oro har, munduan ez daukatela fama oso onik. Nekazaritzako edo lehen sektoreko enpresekin lotzen dituzte; gobernuz kanpoko erakundeekin ere bai… Aldiz, hona etorri eta hemengo enpresak ezagutzen dituztenean, harrituta geratzen dira. Gure indarrak batu eta munduan lehiatzeko eta berrikuntzarako izan ditugun dohainak azpimarratzen dituzte.
Eta langileen konpromisoa?
Distira berezi bat ikusten dute hemen. Jendeak enpresarekiko daukan lotura, konpromisoa… Eta, hori, enpresan ez ezik, herrian ere ikusten dute.
Kanpotik datozen aitorpen berba edo sariak zenbateraino dira garrantzitsuak?
Oso inportanteak dira guretako. Begira, gu, oro har, oso kritikoak gara gure jardunarekiko, gure lanarekiko… Zail egiten zaigu ondo egindakoak aitortzea, nabarmentzea… Horregatik, aitorpenak kanpotik datozenean, indar handia ematen digu.
Hori inportantea da mundu mailan geroago eta gehiago saltzen duen Mondragon bezalako enpresa taldearendako?
Bai. Gu ez gara, ja, horrenbeste Debagoieneko enpresa bat, edo euskal enpresa bat. Munduko enpresa bat gara. Kanpoan ia 14.000 langile ditugu, 100 produkzio lantoki, industria parkeak Txinan eta Indian… Munduan kokatuta gaude. Eta munduan badaude beste kultura eta mundua ikusteko modu batzuk. Gurea ezohikoa da.
Azken urteotako dilema: geroago eta presentzia handiagoa munduan eta geroago eta txikiagoa hemen, baina kanpoan kooperatibarik ez.
Gure nazioartekotze politika multi-lokalizazioan oinarrituta dago, eta ez deslokalizazioan. Produkzio zentroak ez ditugu hemendik beste herrialde batzuetara eroan; munduan beste zentro batzuk sortu ditugu. Horrek sortzen du negozioa hemengo fabriketan ere: Copreci, Fagor Industrial, Fagor Etxetresnak… Jarduerak, enpleguak, irabaziek eta salmentek gora egin dute nazioartekotze estrategia horrekin. Orain, egia da: gure kanpoko filialak elkarte anonimoak eta hemengoak kooperatibak izateak arduratu egiten gaitu. Baina arrazoi ezberdinak tarteko, izan kulturalak, legedia aldekoak edota langileek eurek nahi ez dutelako, ezin ditugu kanpoko filial horiek egun batetik bestera kooperatiba bihurtu.
Ze egoeratan dago Fagor taldea une zail hauetan?
Etxegintzaren merkatua, kontsumoa, oro har, asko jaitsi da Espainian azkeneko bost urteotan. Gaur egun saltzen dira duela bost urte saltzen ziren etxetresna elektrikoen erdia. Egoera objektibo horren aurrean oso zaila da erabakiak hartzea eta Fagorreko langileek hartu dituzte. Azkena, plan estrategikoa: berregitea, aliantzak bultzatzea, finantzazio modu berriak topatzea… Egoera horretan gaude. Datozen hilabeteotan argituko dira kontuak. Edozelan ere, beste behin, agerian geratu dira ezberdin egiten gaituzten balioak: elkartasuna…
Mondragon korporazioa %5 eta %7 artean haziko da hazkunde handiko munduko herrialdeetan, Txinan, Indian, Brasilen…
2013a urte gogorra izango da eta austeritatean segitzea tokatuko zaigu. Espainian, %1,4eko atzeraldia espero da. Hortaz, kanpoko merkatuari esker haziko da taldea. Erreminta makinak, berrikuntzan aurreratuta daudenak, kanpoan saltzen dutenak…, sektore horiek ibiliko dira ondo; barruko kontsumoari lotutakoek, ostera, sufritu egingo dute.