Arrazakeria eta xenofobia salatzeko eguna eguenean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko mar. 18a, 17:00

Eguen honetan, hilak 21, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Eguna ospatuko da nazioartean. Arrasaten elkarte bat baino gehiago dago etorkinekin lan egiten duena. Horietako bat da Elkarhezitzen. Elkarte horretako Maitane Igartuak jardun digu haien egitekoaz: "Hiritarren partaidetza piztea dugu helburu" dio.

Jose Luis Iñarra kaleko 30. zenbakian dute egoitza eta elkartearen helburu nagusia da Debagoienean sentsibilizazio eta kontzientziazio lana egitea, iparraldearen eta hegoaldearen artean ematen diren ezberdintasunen eta egoera injustuen aurrean kontzientzia pizteko: "Hiritarren partaidetza piztea dugu helburu; gizartean hobekuntzak sustatu eta norbanako ohitura zein jarreretan aldaketak bultzatu nahi ditugu, jarrera solidarioak sustatuz", adierazi du Elkarhezitzen elkarteko Maitane Igartuak.    

Krisi garaian, arrazakeriak gora

Arrazakeriari eta xenofobiari aurre egiteko mekanismoen artean hezkuntza eta sentsibilizazioa aipatu ditu Igartuak: "Kultura ezberdinen arteko lankidetza bultzatu eta aurreiritziak apurtzeko tailerrak ematen ditugu ikastetxeetan. Helduendako eta talde ezberdinendako ere egiten ditugu tailer horiek. Antolatutako edozein ikastarotan funtsezkoa iruditzen zaigu gai hori jorratzea. Horrez gain, bizi dugun murrizketa, eskubide sozialen galera eta bizi-baldintzen hondatzeari aurre egiteko herriko talde eta eragile ezberdinetan parte hartzen dugu, eta arazoei aurre egiteko lantaldeak sustatu".

Izan ere, krisi garaian arrazakeriak eta xenofobiak goranzko joera hartu ohi du, Elkarhezitzen elkarteko kidearen arabera: "Langabeziaren errua ez da etorkinena; eurendako gizarte zerbitzuak murriztuz ez dira gureak salbatuko".

Elkarlana, ezinbesteko

Elkarhezitzen-ek beste elkarte batzuekin egiten du lan; elkarlana ezinbestekoa da eurendako. Horietako bat da, adibidez, Harresiak Apurtuz Euskal Herriko etorkinen laguntzarako gobernuz kanpoko erakundeen koordinakundea. Bertako kide eta arrazakeria, xenofobia eta migrazio kontuetan  aditua den Trinidad Vicentek helduei zuzendutako ikastaroak ematen ditu eta ezaguna da Elkarhezitzen elkartekoendako: "Gai horien gaineko edozein zalantza, arazo edo erronka badugu, eurengana jotzen dugu", dio Igartuak. Sos Arrazakeria da beste elkarte bat: "Martxoan izaten den arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako martxan parte hartzen dugu."

Atzo egin zen martxa, Donostian. Era berean, Aretxabaletako eta Arrasateko emakume etorkin talde batek sustatutako Hemen aldizkarian ere kolaboratzen dute. Gurean bizi diren etorkinen kezkak eta ideiak ezagutarazi eta zerbitzu zein ekintzen berri ematen du aldizkariak eta tresna eraginkorra da eurendako.

Ekin elkartearen harrera plana

Ekin emakumeak elkartea ere ezin aipatu gabe utzi. Harrera zerbitzua eskaintzen dute Udalarekin elkarlanean eta dagoeneko bete dira zortzi urte zerbitzu hori eskaintzen dutenetik. Hala,  dagoeneko erreferente bihurtu da Ekin etorkinendako, Arrasaten zein bailara osoan: "Arrasateko etorkinen %80 pasa dira gure elkartetik, gutxienez. Saretxoa egitea lortu genuen eta orain sarea handitzen doa", adierazi zigun Tamara Perezek.

Etorkinei dagokienez, gehienak Espainiatik kanpo datozenak dira: 2012an gehienak Pakistan, Kolonbia, Sahara eta Nigeriatik etorri ziren. Bestalde, Udalak adierazpen instituzionala aterako du asteon.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak