100 zuhaitz landatu dituzte Arrasaten

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko mar. 8a, 14:39

Zuhaitz Eguna ospatu dute urtero bezala, Arrasateko 6. mailako ikasleek. Bai herri eskolako neska-mutikoak eta baita Arizmendi ikastolako gune desberdinetakoak ere, Markulete inguruan izan dira gaur goizean zuhaitzak landatzen. Altzak, erramuak eta zipres edo altzifre mota bateko zuhaitzak landatu dituzte erreka bazterrean; guztira, 100 zuhaitz inguru.

Aitzurrak hartuta, gogoz landatu dituzte zuhaitzak gaztetxoek. Askorendako, gainera, zuhaitzak landatu dituzten lehenengo aldia izan da gaurkoa. Esperientzia ona izan da, beraz, gaztetxoendako gaur goizekoa. Zuhaitzak landatu ostean, gainera, txorizozko bokadiloak jan dituzte indarrak hartzeko eta oparitxo bat ere jaso dute; eskolarako zorro jasangarriak.

Bihar ere bai

Arrasateko 6. mailako ikasleek ospatu dute, beraz, Zuhaitz Eguna. Baina orain arte Arrasaten Zuhaitz Eguna egun bakar batez ospatu izan den arren, aurten bi egunetan ospatuko da eguna. Izan ere, ospakizuna "hankamotz geratzen zela iritzita, herritar guztiei parte hartzeko aukera zabaltzea" erabaki du Arrasateko Udalak. Eta, hala, aurten bigarren egun bat ere ezarriko dute, asteburuan.

Hala, bihar, zapatua, izango da herritar guztiei zabalik dagoen hitzordua. 10:00etan Institutuko goiko eraikinean elkartuko dira eta landaketak Zigarrolako auzoan Antoña erreka inguruan egingo dituzte. Intxaurrondoak eta gaztainondoak landatuko dituzte bihar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak