Nondik sortu zitzaizuen erakusketa antolatzeko ideia?
Emakumearen garapena eta aukera berdintasuna helburu ditugunez, ingurune sozialak baldintzatutako emakumearen egoerak aztertzea eta ekintza zehatzak bideratzea erabaki genuen. Proiektu honen bidez, emakumearen errealitate bat aztertu nahi izan dugu. Hala, 36ko gerran eta diktadura frankistan, Debagoieneko emakumeek bizitako errealitatea aztertu eta ezagutzera ematea erabaki dugu. Eta nola ez, omenaldi txiki bat ere egin gura diegu guztiei.
Zer da, bada, erakusketan aurkituko duguna?
Debagoienean 36ko gerra eta frankismoa jasan zituzten emakumeak gogoratu nahi izan ditugu. Egoera latz horiei aurre egin zieten emakumeen egunerokotasunera hurbilduko gaitu erakusketak, argazkien bidez.
Irekiera egunerako zerbait berezirik prestatu al duzue?
Bai, erakusketa irekiko dugun egunean, martxoaren 8an, ateak zabaldu baino lehen erakusketari sarrera emateko antzezlan bat plazaratuko dute Arizmendiko ikasleek eta gurasoen Arizan antzerki taldeak. Antzezlan horrek, hainbat esketxen bidez, frankismoko emakumeen bizimodura hurbilduko gaitu.
Ba al da zerbait arreta piztu dizuena erakusketa prestatzerakoan?
Harrigarria iruditu zaigu hain denbora gutxian zenbat aldatu diren gauzak. Eta zenbaterainoko boterea zuen garai hartan elizak: elizaren morala emakumearen momentu guztietan zegoen presente. Emakumearen gizonekiko menpekotasuna ere oso deigarria da, edozer egiterako orduan gizonezkoaren baimena behar izaten zuen-eta.
Zergatik hartu dituzue emakumeen bizipenak abiapuntu moduan?
Emakumeak historian nahiko ahaztuta egon direlako. Gizartea orokorrean nolakoa zen edozein liburu edo pelikuletan erakusten dute. Emakumearen rola, berriz, oso gainetik eta kasu berezietan goraipatzen da, ez da inoiz emakumea kolektibo moduan lantzen, beti bigarren maila batean agertzen da. Gaur egun bogan dagoen memoria historikoa lantzea garrantzitsua dela kontutan izanik, funtsezkoa ikusten dugu duela denbora gutxira arte emakumearen bizitza nolakoa izan den erakustea, eta gaur egun lortu diren aurrerapausoak aldarrikatzeaz gain, gure ama, amona eta birramonei omenaldia egin gura diegu.
Bide batez, ezinbesteko galdera. Egun, emakumeen bizimodua asko aldatu dela esango zenukete?
Hein batean bai. Ezin genezake ukatu emakumeok garai hartan baino askeago bizi garela gaur egun, baina oraindik badugu nondik askatu. Ezin dezakegu esan aukera berdintasuna lortu dugunik. Oraindik emakumeak ez ditu gizonak dituen pribilegioak.