Eskarmentua duzu kazetaritzan, egun langabezian zauden arren.
Bai, zoritxarrez lan bila nabil. Ikasketetako praktikak egin nituen ETBn eta albistegietan gustura jardun nuen gero. Eta Hamaika Telebistan modari buruzko saio bat egin nuen. Irratian ere ibilitakoa naiz, Durango Irratian, esaterako. Prentsa arloa ere probatua dut, besteak beste, Lekeitioko Hitza-n.
Benetako pasioa, baina: moda.
Bai, betidanik barruan izan dut amarengandik jasotako moda zaletasuna eta urteak aurrera, handitzen joan da. Txikitatik erakutsi dut janzteko orduan, izaera oso propioa.
Zaletasuna ogibide bilakatu duzu: personal shopper moduan jarduten duzu lagun batekin.
Lanik gabe geratu nintzenean, eta aurretik dudan blogaren arrakastak bultzatuta, arlo honetan sakonago murgiltzera animatu ninduen. Madrilgo Campus-Modan, personal shopper eta estilista ikasketak egin nituen orduan, on line bidez, eta lagun batek eta biok La belle vie estilismo aholkularitza sortu genuen 2011n.
Hasieran zaletasun moduan abiatutakoa, gutxika bagoaz eskaintza gero eta gehiago jasotzen. Estilismo asistentzia lanak egiten ditugu, bereziki, eta baita ezkontza festak antolatu ere. Sarritan esaten dut armairua osatzen diru asko botatzen dugula, jakin barik zer behar dugun. Hori da personal shopper baten lana; hau da, bakoitzaren gorputza eta atalen ezaugarriak aztertuta, benetan zer behar dugun erakustea.
Nola egiten duzue lan hori?
Bezeroaren beharretara moldatzen gara. Bulego ibiltari bat dugula esan genezake: batzuetan bezeroaren etxera joaten gara edo hotel baten edo lehenengo hitzordu horietarako dugun bulegoan elkartzen gara hasteko. Bezeroaren eskaera aztertuta antolatzen ditugu hurrengo urratsak. Estilismo azterketa oso baten eskariaren kasuan, gorputzaren ezaugarriak aztertu ondoren, bezeroaren armairura jotzen dugu gero. Han aurkitutakoaren arabera, bizitza osorako balio dion txosten bat egiten diogu.
Personal shopper-a, beraz, gastua baino gehiago inbertsioa da?
Duda barik; behin txosten hori eginda, normalean, bizitza osorako balio du; beraz, ondo datorkigun eta erabiliko dugun arropa erosteko oinarri moduan erabiliko dute gero. Izaten dira, baina, urtaro edo denboraldi hasieretan guregana jotzen dutenak, sasoi horretarako erosketak egiten laguntzeko. Era berean badaude arropa erosketak egiteko denborarik ez dutenak; aurrez adostutako erosketak egin eta etxera eramaten dizkiogu hari.Ze profiletako bezeroak dituzue?
Denetik, pertsona bakoitzak duen behar eta ahalmenetara moldatzen gara-eta. Gureak, gehienbat, ekonomikoki erdi mailakoak dira, modu baten esatearren, arropa kontuekin burukominak izaten dituztenak. Burukomin horiek kentzeko gaude gu. Lan horretan jarduten dugunok gero eta gehiago garen arren, Ameriketan, adibidez, aspaldiko ogibidea da.
Gaur egun bogan dago, bestalde, estilismo azterketa horiek oparitzea. Askotariko bonuak ditugu. Kontrakoa dirudien arren, horrelako txosten batek dirua aurrezten lagun dezake. Ez dakigu egoki erosten. Horretan ere burua erabili behar da!
Ezkontza prestaketak ere egiten dituzue. Zelakoak?
Bereziak dira, originalak, nahiz eta ohiko formatukoak ere prestatzen ditugun. Ospakizun hori modu berezian bizi gura dutenentzako; hau da, estereotipoetatik irten gura duen jendearentzako dira gureak. Horrez gainera, beste era bateko festak ere antolatzen ditugu; gertu ditugun jaunartzeak, esateko.
Harritu egiten gaitu krisian horrelako eskaerak jasotzeak.
Krisia igartzen da, noski, baina jendeak bizi-poza behar duela ikusten dugu eta horregatik prest dago, apur bat gehiago ordaindu behar badu ere, ospakizun pertsonalizatu baten alde egiteko.
Zuk, baina, moda ikusteko, ulertzeko eta ulerrarazteko ikuspegi ezberdina duzu.
Beti izan naiz neska handia eta ahalegin berezia egin behar izan dut gustuko arropak aurkitzeko. Dotore joateko eskubide bera dugun arren, ohiko neurrietan sartzen ez garenok ez ditugu aukerak berak. Ausartuko nintzateke esaten potolo gaudenok moda kontuetan sartzea ez dagoela oraindik ondo ikusita.
Horrela sortu zenuen 2009an El Rincon de Anatxu bloga.
Bai, horrela hasi zen guztia. Hasiera baten ez nuen kanpora begirako helburuekin sortu. Zaletasuna kanporatzeko sortu nuen bloga. Gero eta bisita gehiago izaten hasi nintzen eta asko ziren aholku eske etortzen zitzaizkidanak. Garbi hitz egiten nien eta zera erakutsi nien: potolo edo argal egon eta diru askorik barik modu politean jantzi ahal zarela. Nire argazkirik sekula jarriko ez nuela uste nuen arren, azkenean, jendeak eskatuta animatu nintzen, konturatu nintzelako hori zela gustukoa.
Ze garrantzi ematen diezu markei kalitatearen erakusle?
Bereziki aholkatuko nuke norberari ondo zerk ematen dion aztertzeko eta besteek zer esango dutenari garrantzirik ez emateko. Marka bat modan dagoelako, marka horretako prakak erosi eta gaizki geratuz gero, sarritan egiten dugun arren, nire ustez, ez du zentzurik.
Konplexuak barra-barra ditugu. Aholku asko eman dituzu. Eman guri ere.
Albo batera utzi behar ditugu konplexuak. Esatea egitea baino errazagoa dela dakidan arren, gure gorputzarekin pozik egoteko saiakera egin behar dugu. Gustatzen ez zaizkigun gure gorputzeko atalak ezkutatzen saiatu behar dugu; horiei horrenbesteko garrantzia eman beharrean, gustatzen zaizkigunak indartzen saiatu behar dugu.
Eta ez badugu ikusten gustatzen zaigun ezer?
Beti dago zerbait, belarria bada ere. Atal guztiak esplota daitezke, duda barik. Kontuan izan pertsona bakoitzarendako dagoela ondo joango zaion estilo propioa.
-----------------
Moda, Anaren begietatik
Moda ez da jantziak eta zapatak bakarrik. Moda bizi garen unearen erakusle da; gertatzen direnek modan zerikusia dute, ez da kasualitatea, krisi garaian, kolore beltza edota linea zuzenak nagusitzea. Sarritan, zerbait hotz eta fribolo moduan ikusten da, baina, nire ustez, ez da horrela. Azken finean, modu batera edo bestera, baina denok dugu zerikusia modarekin. Denok ditugu gure faboritoak, zer jantzi erabakitzeko orduan, bakoitzak du, beraz, bere moda propioa. Eta horixe da garrantzitsuena, norbera gustura egotea. Egunero jasotzen ditut blogeko jarraitzaileen mail asko, eta behar duten mezu positiboa emanez erantzuten diet. Pozten naiz nire barrenak askatzeko sortutako sareko txokoak jendeari laguntzeko balio duelako.