Hiri hondakinen gainean galdetuko die herritarrei Arrasateko Udalak

Goiatz Arana Begiristain 2013ko ots. 19a, 20:15

Atez atekoak ez du atzera bueltarik Arrasaten; iazko ekainean hondakinak batzeko sistema horren aldeko erabakia hartu zuen Udalak osoko bilkuran eta aurrera egingo du. Udalak, hori bai, gaiaren inguruko hausnarketa bultzatu gura du herritarren artean eta dituzten kezka eta lehentasunak ezagutu. Horretarako, galdetegi bat banatuko du. Arrasate Irratian eman ditu xehetasunak Udaleko Ingurumen batzordeburu Josu Peredak.

Herriko etxe denetara bidali du Arrasateko Udalak hiri hondakinen gaineko galdetegia; anonimoa, laburra eta betetzeko erraza izango da. Helburua da hondakinen gaiaren inguruan hausnarketa bultzatzea herritarren artean, eta dituzten kezkak eta lehentasunak ezagutzea, Udaletik informazio lan egokiago bat egiteko. Galdetegia Arrasateko Udalaren webgunean ere bete daiteke.

Gaur eta bihar banatuko dituzte galdetegiak eta hilabeteko epea, martxoaren 22ra arte, egongo da horiek erantzuteko; eta behin beteta, Udal eraikinetan jarriko dituzten postontzietan utzi beharko dira. Udal webgunean ere zintzilikatuko dute galdetegia, eta gura duenak Internet bidez bete ahal izango du, beraz.

Galdetegiaren bitartez jasotako proposamen, kezka, zalantza eta kexuei erantzuna emango die Udalak, baina atez atekoak ez du atzera bueltarik izango Arrasaten; iazko urteko ekainaren 7ko osoko bilkuran hartu zuen atez ateko bilketa sistema ezartzeko erabakia eta aurrera egingo du.

Atez atekoa datorren urtean ezarriko da Arrasaten, baina zehazki noiz izango den esateko goiz da oraindik, Josu Peredaren hitzetan.

Lehen eskuko informazioa eguazten arratsaldetan

Bien bitartean, herritarrek Gazte Bulegora jo dezakete eguazten arratsaldetan, sei t'erdietatik zortzietara; bertan izango dira Udal ordezkariak hiri hondakinen gainean informatzeko gertu. Informazio bulego horrek ez du epe mugarik, zabalik egongo da herritarrek bertara jotzen duten bitartean. 

300 lagun auto-konposta egiten

Konpostajeari dagokionean, bestalde, kanpaina bat hasi dute orain gutxi eta helburua da herriko hiru gunetan auzo-konposta martxan jartzea, herritarrak animatu daitezen euren organikoa modu horretan kudeatzera. Bi auzotan egin dituzte batzarrak eta bihar egingo dute erdialdeko bizilagunekin; asmoa da gune horiek ahalik eta azkarren jartzea martxan.

2005ean ekin zion Mankomunitateak auto-konposta bultzatzeari eta 300 arrasatearrek egiten dute egun. Iazko udazkenetik hona, bestalde, 150 lagun gehioagok eman dute izena auto-konposta edo auzo-konposta egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak