Ander Lasagabaster: "Oso burugogorra naizelako eskalatu dut 'Il Domani"

Xabier Urtzelai 2013ko ots. 8a, 11:11

Ander Lasagabasterrek (Arrasate, 1980) gainditu berri duen eskalada erronka ez da nolanahikoa, nahiz eta hark garrantzia kentzen dion. Arrasatekoak 9a mailako zailtasuna duen Il Domani bidea eskalatuz hasi du 2013a, eta aldizkari espezializatuek berehala jaso dute Baltzolan egindako lorpena. Lasaga-rendako, baina, kirol erronka bat baino gehiago izan da, proiektu hori partekatzen zuen Mikel Ziarrusta laguna hil zenean hartutako konpromisoa: "Gora iristean helburua biok lortu genuela sentitu nuen". Erabateko protagonismotik ihesi, Lasaga-k bailaran dauden eskalatzaileen maila azpimarratu du: "Hemen jende oso-oso ona dagoelako". Elkarrizketen oso lagun ez bada ere, GOIENAren galderei erantzun die, nahiz eta Harmailatik saiora etortzeko gonbidapena baztertu duen. Pena. Beste baterako.

Lehenengo aldiz eskalatu duzu 9a mailako bide bat. Txapeldunen Ligan egotea da hori [Euskal Herrian 9 lagun iritsi dira gradu horretara].

Bueno, nik ez dut hala ikusten, aldaratzeak eskaladan ez direlako horren sinpleak. Gauza bat da behin egitea halako bide bat, eta beste bat oso ezberdina behin eta berriro halako zailtasuneko bideak igotzeko maila izatea. Eta, nik, adibidez, Il Domani igotzeko saiakera mordoa behar izan ditut. Egia da oso jende gutxik egin duen zerbait lortu dudala [Il Domani igo duen laugarren pertsona da] baina ez ditut aldaratzeak gustuko. Erronka propioa izan da, niretako egin dudan gauza bat, eta ez horrenbeste eskalatzaile multzo baten barruan sartzeko.  

Patxi Usobiagari zor diogu Il Domani bidea. Zelakoa da?

Bide ederra da, benetan. Badirudi hori egin dudalako derrigor izan behar duela polita, baina ez, bizitzan eskalatu ditudan 10 bide politenen artean dago, eta ez da zailtasun jakin bat duelako. Iban Larrionek gomendatuta probatu nuen bide hori [Patxi Usobiagarekin batera bidea egin duen eskalatzailea], eta hasieratik gustatu zitzaidan. Bide naturala da, ez du helduleku artifizialik, txapak baino ez ditu jarrita. Eta neguan egitea komeni da.  

Non du zailtasuna?

Erresistentziako bide bat da, eta bidearen erdiko blokean zailtasun handiko pauso bat du (7c+). Hor behin eta berriro erortzen nintzen. Hasieratik lortu nuen, nahiko erraz, bide osoa behin bakarrik erorita eskalatzea, baina erdiko zati hori ezin nuen gainditu, behin eta berriro erortzen nintzen eta blokeatu egin nintzen tarte horretan. Horregatik uste dut psikologikoki Il Domani bide oso gogorra dela.  


Ander Lasagabaster, Il Domaniko tarte batean.

Fisikoki ezinezkoa da urte osoa sasoian egotea, eta psikologikoki ez dut pentsatu nahi zer izan behar den Baltzolara behin eta berriro lan berbera egitera joatea...

Leku horretan blokeatuz gero, uste dut eskalatzaile gehienek, aspertuta, beste bide bat aukeratuko zuketela. Baina egia da buru gogorra naizela, eta aste barruan lantegian lan egiten dudanez ez dudala urrunago dauden beste eskalada eskola batzuetara joateko astirik. Baltzolara aste barruan joan naiteke, eta horrek ere lagundu nau gauza bakarrean zentratzen. Abuztuan oporretan atseden hartu nuen, eta kanpora joan nintzen eskalatzera. Itzultzerakoan banekien indarra landu behar nuela, eta horretan ibili naiz udazkenean. Baltzolan bertan entrenatu dut indar maximoa, boulderra eginez, eta horri esker 8b zailtasuneko bi bide egin ahal izan ditut, Solaris plus eta Hay que masticar antes de tragar. Banekien indarra zela landu behar nuena, batez ere blokeatutako zati hori gainditzeko, eta lan horrek neguan eman ditu emaitzak. 

Amore ez emateko, emozionalki ere lotura estua zenuen Il Domani bidearekin. 

Mikel Ziarrusta lagunaren heriotzak eragin handia izan du lorpen honetan, zalantza barik. Bion artean ari ginen bide hau prestatzen, elkarri animatzen genion, eta haren heriotzak erabat markatu du erronka hau. Hasieran baztertu egin nuen proiektuaz jarraitzea, lehenengo egunak gogorrak izan ziren, oroitzapen larregi etortzen zitzaizkidalako burura eta haren hutsunea igartzen nuelako. Gero, baina, nire buruari esan nion lagunari zor nion zerbait zela Il Domani igotzea, hark behin eta berriro bultzatzen ninduelako saiatzera.  

Urtarrilaren 13 lortu zenuen igotzea, duela hiru aste.

Bai, gutxien espero nuenean. Euria egiten zuen eta, eta gainera, erdi gaixo nengoen. Goialdea bustita zegoen. Dena dela, goialdea bustita egoteak ez zidan ezustean harrapatu, lehenago ere eskalatuta neukan zati hori horrela. Onenean ez nengoela jakinda, presio gabe hasi nintzen, eta orduan igo nuen.  

Zer sentitzen da gehiago, poztasuna, ala zama kentzearen sentsazioa?

Momentuan asko emozionatu nintzen, oroitzapen asko etorri zitzaizkidan gora igotakoan, sufritutakoa, Mikelekin bizi izandako momentu asko... Egun batzuk behar izan nituen egindakoaz ohartzeko.

Helburua betetzeak exigentzia maila jaistea dakar, datozen hilabeteak lasaiago hartzea, ala…

Ez, hori du eskaladak, helburu bat lortu orduko beste proiektu batzuk dituzula buruan [Barre]. Gainera, gorputzaldi onean nagoela uste dut, eta gustura eskalatzen nabil. Negua aprobetxatu nahiko nuke.

Sarri gertatzen da, baina, horrenbeste kostatako helburu batengatik borrokatu ostean hutsik geratzea.

Bai, eta egia da, oraingoz, ez daukadala erronka bat horren serio hartzeko asmorik. Gauza ezberdinak probatzen nabil, 9a mailako beste bide baten saiatzen nabil, baina askoz lasaiago.

Ze garrantzi du 9a maila eskalatzeko gauza diren lagunen artean egoteak?

Beno, txikitako amets bat betetzea da, nahiz eta duela hiru urte galdetuko balidate, sekulako ez nuke pentsatuko halako mailara iritsiko nintzatekeenik. Nire egunerokoan, baina, ez du eraginik izango, hemen inor ez delako hontatik bizi. Erronka pertsonal bat bete dut, beste barik.

Xarma 9a (1999), White Zombie 8c (2005), Honky Mix 8c+ (2010), Tas-Tas 8c+/9-A (2011) eta Il Domani 9a. Hurrengoa?

Hainbat bide ditut buruan. Horietako bat da Sistematik ihes, Iruñea ondoan dagoena, eta baita Guenga (8c+). Horiekin batera, Patxi Usobiagak zabaldutako Iñi Ameriketan (9a) probatzen hasi naiz, eta oso bide polita dela uste dut. Il Domani-ren gradu berbera du, baina nire ustez hura baino zailagoa da, eta Iban Larrionek ere gauza bera esaten dit. Baina, hori uste pertsonala da. Horrekin batera, Guenga (8c+) ere igoko nuke gustura.

Nork jartzen dizkie bideei zailtasun graduak?

Lehenengoz igotzen duenak. Harek proposamen bat egiten du, bere ustez igotako bideak ze zailtasun duen esaten du, eta atzetik datozenek baieztatu egiten dute lehenengoak jarritako maila, edo beste iritzi bat duenak esan egiten du, iritzi bateratu bat lortzen den arte.

Bailarara etorrita, zelan ikusten dozu eskalada gurean?

Nik uste dut sekulako etorkizuna duen kirola dela, gazte mordoa ikusten ditudalako eskalatzen. Uste dut Josean Mulas eta beste lagun batzuk lan oso ona egiten dabiltzala, eta hor dago Debagoieneko Eskalatzaileak taldea. Eta, ikustekoa da Ibarra kiroldegiko rokodromoan zenbat neska-mutiko ibiltzen diren eskalatzen. Horrekin batera, bailara honetan hainbat lagunek duten maila azpimarratuko nuke. Esaterako, Arrasateko Mendieta anaiek duten maila izugarria da, mundu mailakoa, nahiz eta jendeak jakin ez.

Markel Mendieta 'Derailed' 8B+ blokean (Rocklands, Hegoafrika). Desnivel.com

Markel Mendietak helburu polita lortu zuen abuztuan.

Hegoafrikara joan zen abuztuan oporretan, eta Fred Nicolek duela urte asko [2000 urtean, Oliphants dawn 8b+ blokean] zabaldutako bide bat igotzea lortu zuen Martxena-k. Urte askoan inor ez da gauza izan bloke hori igotzeko, eta, asko izan dira saiatu direnak. Bada, Martxenak lortu zuen, beste mundu mailako beste eskalatzaile batekin batera [Nalle Hukkataival]. Hori pasada bat da, pasada bat. Eta noski, anaia ez da gutxiago. Ni erresistentziako eskalatzailea naiz, baina horiek indarrean oinarritzen dira, blokerako oso aproposak. Horregatik diot mundu mailako maila dutela. Eta, Bergaratik ere oso gazte onak datoz.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak