Besaide: "Epeleko ibai-ekosistemaren zati bat desagertu egin da"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urtarrilaren 28a

Besaide mendizale elkarteak "guztiona den ondasun zati baten" ingurumen kalteak izan direla jakinarazi du: "Epeleko errekaren ibai-ekosistemako zati bat desagertu egin da, baso-moztaile –matarrasa– baten ondorioz. Puntu baten, erreka bera ere moztu da, legez babesturiko jabetza publiko hidraulikoan sartu eta bertan obra-hondakina zein tubo bat sartuta". 

Besaidekoek diotenez, Arrasateko biodibertsitateari kalte handia egin zaio: "Hain zuzen ere Epelekoa da ibai-ekosistema mardul eta aberatsenetako bat. Gainera, Europako Habitat Zuzentarauaren kontra jo da, eta baita Arrasateko Udalak 2012ko urrian biodibertsitatearen alde osoko bilkuran onarturiko manifestuaren kontra ere".

Gertaeraren aurrean, honakoa adierazi gura izan dute Besaide elkartekoek:

  • Baso-moztaile edo matarrasaren eraginak eremu pribatutik publikora salto egin du. Epele errekari kalte egiterakoan, guztiona den ondasun bati kalte egin dio: ura. Uraren 1/2006 Euskal Legeak aurreikusten duenez, jarduera pribatu batek ezin du ondasun publiko bat kaltetu.
  • Uraren 2000 Europako Zuzentarauak adierazten du erreka bateko uraren kalitatea babesteko, beharrezkoa dela ur horrekin loturiko ibai-ekosistema mantentzea. Alegia, ibai-ekosistemak hainbat funtzio betetzen ditu, uraren kalitatearen mantentzean funtsezko zeregina dutenak. Gogoratu behar da Uraren 2000 Europako Zuzentaraua Uraren 1/2006 Euskal Legearen barruan sartuta dagoela, eta horrela bere kontra dihoazten jarduerak ez direla legalak.
  • Arrasateko biodibertsitateari kalte handia egin zaio. Arrasateko ibai-ekosistemak, udalerriko biodibertsitatea gehien duten guneak dira, normalean 50 landare-espezie/100 m2-tik gora, hau da udalerriko beste guneen bikoitza. Hain zuzen ere, Epelekoa da ibai-ekosistema mardul eta aberatsenetako bat. Hala, Europako Habitat Zuzentarauaren kontra jo da, eta baita ere Arrasateko Udalak 2012ko urrian biodibertsitatearen alde osoko bilkuran onarturiko manifestuaren kontra. Epele erreka ere ezaguna da aspalditik izan duen ur-kalitate onarengatik, bertan herritarrak bainatzen ziren eta bertako karramarroa (Austorpotamobius pallipes), gaur egun espezie babestua eta oso eskasa dena, bertan egon zen.
  • Gure udalerriko naturari kalte egiten badiogu, gure osasunari egiten diogu kalte. 1990eko hamarkadatik frogatuta dago eta jakina da ekosistema naturalak herritarron osasunean duten eragina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak