San Juanetarako auzo-konposta egiteko guneak martxan gura ditu Arrasateko Udalak

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urtarrilaren 22a

Arrasateko Udalak auzo-konposta bultzatu gura du herriko gune ezberdinetan. Uribarri izango da horietariko bat, eta aurreneko bilera egin dute bizilagunekin. Sistemaren nondik-norakoak azaldu dituzte, eta baita zalantzak argitu ere.

"Bi helburu ditu auto-konposta egiteak, hondakin organikoa bilketa sistematik ateratzea, eta gainera, gastuak murriztea". Hala hasi du bilera Josu Pereda Arrasateko Ingurumen zinegotziak. Jende ugari bildu da haren eta ingurumen saileko teknikarien inguruan konpostaren gaineko azalpenak entzuteko asmoz.

Konposta bera zer den azalduz jarraitu du, eta ondoren, auzo-konposta egitera animatzen direnek nola funtzionatuko luketen adierazi die bertaratutakoei: "Autogestioaren bidez izango litzateke, norberak bere etxetik eramango luke organikoa, eta konpostaren edukiontzian utzi". Halere, Udalak paper bat beteko lukeela ere gaineratu du. "Alde batetik, ikuskaritza lan bat egingo luke, modu egokian egiten dela ikusteko, esaterako. Gainera, hornitze lan bat egingo luke, hau da, etxeko materia organikoari beste materia bat gehitu behar zaio konposta egiteko orduan, eta horixe emango luke Udalak".

Konpostaren abantailak

Peredak bileran adierazi duenez, alde batetik %25eko hobaria izango lukete zabor tasan konposta egitera animatzen diren herritarrek. Baina gaineratu duenez, "atez ateko bilketa sartzen denean, organikoa botatzeko ordutegi bat egongo da, eta konposta egiten dutenek, ez lukete bete behar".

Abantaila horiez disfrutatzeko, baina, baldintza bat egongo dela gogorazi dute. "Udalak eskainiko duen ordubeteko ikastaro bat egin beharko da, derrigor".

Erabakiak hartzeke

Oraindik ere zenbait zertzelada erabaki beharko dira auzo-konpostaren inguruan. Izena ematen duten herritarren kopurua ikusi eta zein zonalde edo atarikoa diren kontuan hartuta, guneak kokatzeko toki hoberenak zeintzuk diren erabaki beharko dute. Den tokian izanik ere, Peredak esan du zonaldeko konpostagailu bakarra baino, asko jarri gurako luketela.

Herritarrak animatu gura izan dituzte aurreneko bilera honetan. "Argi utzi gura dugu, konposta egiteko prozesua ongi eginez gero, ez duela zertan gaizki usaindu behar, ez eta zabortegi bat izan behar".

Lortzen den konpostarekin zer egingo den galdetu dute Uribeko bizilagunek. "Erabiltzaileek behar izanez gero hortxe izango dute, ongarri bezala baliatzeko, esaterako. Bestela, Udalak erabiliko luke, lorategietarako-eta".

Bilera gehiago

Aurreneko bileran Uribarriko eta Eguzki dorreko bizilagunek hartu dute parte. "Aurrerago elkartuko gara erdiguneko zein ospitale inguruko bizilagunekin". Behin interesatuek izena emanda, ikastaroa egin eta martxan jarri gura dituzte hiru zonaldetako konpostagailuak: "Data bat esatearren, San Juanetarako martxan gura ditugu guztiak".

Dena den, gogoratu dute, lur sail bat eduki eta konposta egin gura dutenei ere zuzendutako deialdia dela.

Informazio gehiago edo izenematea: 943 252009 edo  agenda21@arrasate-mondragon.net

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak