Stop Atez Atekoa plataformak dio atez atekoa ezartzeak "hirukoiztu" egingo dituela "zaborren tratamenduak egun dituen kostuak". Oscar Gartzia plataformako bozeramaileak "kritikatu du" osokoan onartu berri diren 2013ko Arrasateko aurrekontuetan "200.000 euroko partida bat aurreikusten" dela Mankomunitaterako, "iazkoarekiko %15 handiagoa" dena.
Insistitu du atez atekoa "kostu oso handia" duen sistema dela, eta "Bilduko gobernuak ziurtatzen duen atez atekoarekin lortuko diren ingurumen onurak ez daudela frogatuta". Gartziaren ustez atez atekoa "ekonomikoki ez da bideragarria, eta Udaleko diru kutxari porrota eragingo dio". "Atez atekoak ekarri behar duen diru xahutzea salatzen dugu, ez dugun diru publikoa", gaineratu du.
Kritikatu du "ezker abertzaleak, lehenago ANV eta orain Bildu, aurreko legealditik erabakita" zuela Arrasatek atez atekoa izango zuela, "bertako bizilagunen eta gainontzeko udalbatzaren iritzia kontuan hartu barik".
Plataformatik atzera ere "erreibindikatu" dute "edukiontzi itxi eta ordenatuen eraginkortasuna, hondakinak batzeko sistemarik onena moduan", eta Arrasaterako "bosgarren edukiontzia erreklamatu" dute, "bizilagunendako indarkeria suposatzen ez duen" modelo moduan, "atez atekoa izaten ari denaren kontrara".
Udal Gobernuaren erantzuna
Stop Atez Atekoa plataformari erantzunez, Arrasateko Udal Gobernuak gogora ekarri du "ahalik eta bilketa selektibo maila altuena lortzea dela zaborraz dugun arazoari konponbidea emateko modu bakarra". Horri laguntzen azpimarratu dute "atez atekoa jarri duten herrietan %80tik gorako bilketa selektiboa lortu" dutela.
Bestalde, Mankomunitateko inbertsioei dagokienez, esan dute inbertsio horiek egin direla "zerbitzu berriak emateko: organikoaren bilketa eta hondakinen bilketa selektiboa industria, komertzio eta zerbitzuetan". Eta gehitu dute "edozein bilketa sistemarekin ere, aurtengoa bezain "garestia"" izango litzatekeela inbertsioa, "edukiontziak eta kamioiak berritzeko".
Bideragarritasun ekonomikoari dagokionez, berriz, gogora ekarri dute azterketa ekonomiko batetik "ondorioztatzen" den moduan, "Debagoienari atez atekoak fluxu ekonomiko positiboa ekarriko diola", eta galdetzen dute ea badakiten "ordaintzen ditugun tasetatik dirutza joaten dela errauskailuaren mailegua ordaintzera". "Jakin gaikako bilketa eraginkorra ez badugu egiten urtero tasa horiek izugarri garestituko zaizkigula", gaineratu dute.
Horrekin batera, jakinarazi dute "aurten Espainiako Ingurumen Ministerioak Usurbil izendatu" duela "hondakin bilketan eredugarri", eta baita ere, "Espainiako epidemiologiako institutu ofizialak" argitaratu duen ikerketan batean esaten duela "errauskailu baten inguruan bizi direnek askoz arrisku handiagoa dutela minbizia izateko".
Bukatzeko, nabarmentzen dute "bosgarren edukiontziaren sistema" ez dela "inolaz ere eraginkorra" eta atez atekoak "bermatzen" duela "etorkizun jasangarria". Eta indarkeria salaketari buruz, berriz, zera diote: "Arduraz jokatzea indarkeria bada…".