Mondra Futbol Taldeak 100 urte aurtengo denboraldian

Xabier Urtzelai 2013ko urt. 11a, 07:00

Mondragon Futbol Taldeak 100 urte beteko ditu, eta zuzendaritza batzordea urteurreneko ekintzak prestatzen dabil, halako urteurren borobil bat ez delako egunero betetzen. Aurreikuspenen artean dago beteranoen arteko partidu bat jokatzea, eta baita Reala Mojategira ekartzea ere [Mondrak dagoeneko eskaria egin dio Realari, eta data zehazteko zain daude]. Horrekin batera, eskuartean dituzte 100 urte hauek batuko dituen liburu bat eta dokumental bat egiteko proiektuak ere.

Izan ere, talde txuri-morearen historia batzeko egindako ahalegina 1983koa da. Orduan Jose Letona Arrietak hartu zuen lan hori, eta gu ere Pequeña Historia del futbol en Mondragon liburuan oinarritu gara lerrook idazteko (liburu xumea, baina balio galanta duena). 1983tik aurrerako beste kontu batzuk, berriz, Mondrako parte izan diren beste arrasatear batzuekin argitu ditugu.

Mende bat atzera eginda

Letonak kontatzen du 1910 urte inguruan Arrasatera oporretan etortzen zirela Madrilgo bi anai gazte, Gonzalo eta Laureano Ortiz de Zarate Elosua [Pastora Elosuaren semeak]. Hain zuzen, anaia horiek Atletico de Madrid taldearen fundatzaileetako bi izan ziren, Madrilgo eta Bilboko beste ikasle batzuekin batera. Eta, eurak izan ziren Espainian ezagun egiten zebilen foot-ball-a Arrasatera ekarri zutenak. Herriko Plazan jokatzen zuten kirol berri horretan, eta gazte arrasatearrak ere zaletu egin ziren; hala, denak batu eta futbol talde bat osatzea erabaki zuten, Club Deportivo Mondragon (1913).

Arrasateko futbol taldearen lehen aroak hiru urtez iraun zuen (1913-1916). Etxaluze baserriaren ondoan zegoen zelaian jokatzen zuten, gaur egun San Andres auzoa moduan ezagutzen duguna [Bañez Doktorea kalean]. Halako indarra hartu zuen taldeak, Bergarako Shoting taldearen kontra Bergaran 0-0 berdindu ostean taldeari ongietorri galanta egin ziotela herrikideek Maalan, Udal Banda eta guzti. Talde hori, baina, 1916an desagertu zen, orduko langileek hasi zuten greba orokor baten ondorioz, orduko jokalari asko beste herri batzuetara joan behar izan zirelako lan bila.

Arrasateko taldearen bigarren aroa 1922an hasi zen –tartean herrian ez zen futbol zelairik egon, baina pilotalekuan herriko taldeek futbol txapelketak jokatzen zituzten. 1922an taldea sortu zuten ostera, elastiko gorriaz eta praka urdinekin, eta Maalako futbol zelaia inauguratu zuten, San Juan egunean; hala, Juan Resusta izan zen taldeko lehen presidentea. Hala, 1936ra arte lehen erregional mailan ibili ostean, gerra zibila tarteko, 1939ra arte bertan behera geratu ziren liga guztiak.

Maalako futbol zelaiaren inaugurazioa, San Juan egunean. Argazkia:Jose Letona Arrieta.

Juventud Deportiva Mondragon 1942an hasi zen Arrasateko futbolaren hirugarren aroa, Juventud Deportiva Mondragon taldea sortu zutenean. Eta, taldeak orduan hartu zuten elastiko txuri-morea, praka beltzekin. Orduan Maalako zelaian jokatzen zuten, eta egun Elkoro denda dagoen tokian zituzten aldagelak; dutxatzera, berriz, errekara joaten ziren jokalariak.

Lehenengo urte hartan Gipuzkoako Kopa irabazi zuten, Tolosa mendean hartuta. Eta baita liga ere, bi urtez jarraian. Baina, Maalako zelaitik desjabetu, eta zelai berria egiteko dirua batzen hasi ziren, hainbat ekimenen bidez (boxeo jaialdiak, zozketak, pilota jaialdiak...). Hala, 90.000 pezetatako abala sinatu zuten herriko hainbat enpresek Iturripeko zelaia egiteko [Sasoi hartan sortu zen Union Deportiva Aretxabaleta, UDA]. Eta, taldeak 1952-53 denboraldian jokatu zuen lehenengoz Hirugarren Mailan.
Urte haietan Arrasaten hiru talde egotera iritsi ziren, Juventud Deportiva, 1955ean sortu zuten Arrasate Club de Futbol, eta baita UCEA taldea ere, Union Cerrajerako aprendizen eskolakoek sortutakoa.

Gainbeherako urteak

1965-1966 denboraldian futbol bazkideek egin zuten batzar orokorrean erabaki zuten Juventud Deportiva Mondragon elkartetik irtetea, eta Mondragon Club de Futbol sortu zuten. Sasoi hartan zuzendaritza taldeko presidentea zen Jose Martinez de Ubago, Letonaren liburuak batzen duen moduan, Arrasateko kirolaren alde lan handia egin zuen gizona, eta jokalari moduan zeuden gerora entrenatzaile izan ziren Bonba, edota Juanito Arriaran moduko gazteak.

Urte txukunak izan ziren klubarendako, ez horrenbeste berdegunean taldeak txapelketa apartak egin zituelako, baina bai Sagasta, Jesus Aranbarri –Puertollanoko gola egin zuena– edota Inaxio Kortabarria moduko herriko jokalariek Realera salto egin zutelako. Baina, handik gutxira hasi zen Mondraren gainbehera, 1969an, arlo ekonomikoan eta baita kirol arloan ere krisialdia etorri zen, eta hainbat kategoria galdu zituzten; halaxe egon ziren 1976ra arte.

Ostera ere, gora

Ia hamarkada gogor baten ostean 1977-78 denboraldian herrian zeuden bi taldeak batu zituzten, Makatzena (urte batzuk lehenago sortu zutena) eta Mondragon CF, eta batuketa horrek emaitza onak eman zituen, Luis Lopez Bonba-ren aginduetara lortu zutelako azpitxapeldun geratu eta erregional preferentera igotzea.

Urte gorabeheratsuak izan ziren, kategoriari nekez eustekoak. Urte haietako gertaeren artean daude Mondrak inoiz jaso duen zigorrik handiena (Iturripen ikusleek epaile bat jipoitzeagatik, 1978an) eta baita Iñaki Herrero jokalariaren heriotza ere (Iturripeko zelaian bertan hil zen, Fuenterrabiaren kontrako partiduan).Hala, hainbat urtez Hirugarren Mailara igotzeko promozio faseetan huts egin ostean, 1982-1983 denboraldian taldea Hirugarren Mailara igo zen, Urolan 2-3 irabazi ostean –Gabarra eta guzti ekarri zituzten udaletxera.

Udaletxeko balkoian, 1983an Hirugarren mailara igo zirenean. Argazkia: Jose Letona Arrieta.

Mailaz igota, Udaletxean egindako harreran, Jose Antonio Ardantza alkatearekin.

Mondrakoak Almeneko zelaian, 1984ko irailean.

Baina, Mondrak kirol arloan izandako momenturik gozoena 1992-93 denboraldian izan zuen: Bigarren B mailarako promozioa. Iñaki Zeziaga entrenatzaile zela, Egues, Escobedo, eta Utebo futbol taldeen kontra jokatu zuten, baina ez zuten helburua bete:

1992-1993 denboraldiko Mondra Futbol Taldea, Atxabalpeko harmailetan. Goian, ezkerretik: Imanol Etxebarria, Xabi Urbina, Garro, Alberto Urretxo, Ruiz, Julian, Inaxio eta Urtzelai. Behean ezkerretik hasita: Inaxio Garro, Iker Egaña,Kepa Azkue, Asier Lopez, Jose Luis Ezkurra (presidentea), Iban Aranguren, Iñaki Zeziaga (entrenatzailea), Dieguez, Calleja, Maturana, Moreno, Txosa, Iker Balzategi, Aranburuzabala, Carrillo eta Gordobil.

Igoera fase hartan igotzerik lortu ez, eta bizpahiru denboraldiren ostean poliki-poliki gainbeheraren urteak etorri ziren, 1996an Preferentera jaitsi ziren arte, eta Erregional mailara gero (1999). Taldean aldaketa handiak izan ziren, askok utzi zuten futbola eta harrobiko jokalariak oso gazteak ziren. Hala, lau urtez erregionalean egon ostean, 2003an Josu Zubia eta David Zaitegi entrenatzaile zirela taldeak Preferentera igo zuen, gaur egunera arte.

2003ko maiatzean Preferentera buelta, Soraluzeri 2-1 irabazi ostean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak