Arrasateko Harresi aretoan ikusgai izan da egunotan Lorentxo Altube arrasatearraren Euskal Herriko musika tresnen erakusketa. Eguaztenean itxi ditu ateak erakusketak, baina aurretik txalaparta tailerra izan da bertan.
Oreka TX taldeko Harkaitz Martinez de San Vicente txalapartariak eman du tailerra eta txalapartaren arlo teoriko eta praktikoa jorratu ditu saioan.
Arlo teorikoari dagokionez, Oreka TX-eko kideak azaldu du txalapartaren jatorriaz hainbat gauza esan izan direla, baina berak bat egiten duela Juan Mari Beltran musikari, ikertzaile eta irakasleak jorratzen duen ideiarekin. Arlo praktikoa ere jorratu du tailerrean eta hastapeneko ariketa batzuk egin dituzte.
Harkaitz Martinez de San Vicente Oreka TX-eko txalapartaria agertoki handietan ikustera ohituta gaude, maila profesionalean dabil txalapartari bezala, baina oso gustura izan da Arrasateko tailerrean. Azaldu digu soinu tresna bat menderatzea kosta egiten dela baina txalapartak baduela abantaila bat dela edonork hartu dezakeela makila eta egurrari emanda soinua ateratzen duela. Beraz, dio txalaparta erakargarria dela ezagutzen duten pertsonendako eta baita ezagutzen ez dutenendako ere eta bi pertsonen artean sortzen den jolasa benetan erakargarria dela.
Arrasaten interesa sortu du tailerrak eta ume, gazte zein heldu izan dira; txalapartariak batzuk, eta ikasteko grina duten beste batzuk. Bertaratu diren guztiak, baina, gustura gelditu dira tailerrarekin eta antolatzaileak ere pozik gelditu dira. Esan digute eguazten arratsaldean 50 lagunetik gora izan direla Harresi aretoan, bai tailerrean eta baita erakusketa bera ikusten ere.