Noiztik erakarri dizu astronomiak?
Oso gaztetatik. Batxilergoan hasi nintzen zeruaz interesatzen eta orain erretiratuta nagoenez, askoz denbora gehiago daukat nire betiko zaletasun horri berriro ere heltzeko. Gaztetatik sortu zitzaidan ikusmin horrek zerua gutxi gorabehera ulertzera eraman nau eta behin astroak ulertzen hasten zarenean gehiago jakin gura duzu.
El cielo desde Mondragón da hitzaldiaren izenburua. Zer da, bi hitzetan, azalduko duzuna?
Planteamendu orokorra da Arrasatetik ikusten den zerua. Gero, hitzaldia lau zatitan banatuko dut. Lehenengoan, Arrasatetik –eta edozein tokitatik– ikusten diren astroen tamaina eta eurekiko dagoen distantzia aztertuko dugu; hori bai, zenbaki larregi erabili barik. Bigarren zatian, atzera egingo dugu historian, hau da, gure arbasoek zeruari nola begiratzen zioten jakingo dugu. Lehen euskal egutegien gainean ere egingo dugu berba, besteak beste. Esan beharra dago egun kontserbatzen direnak harrizkoak direla; ilargiaren araberako egutegiak dira.
Horren ostean, aurtengo abuztuan gertatu behar zen fenomeno hura, Marte ilargia bezain handi ikusiko zela ziotena, zergatik gertatu ez zen azalduko dugu.
Hiru multzo horiez gain, Arrasateko parrokian ere egingo duzu geldialdia.
Hala da. Joko bat eginez azalduko diogu entzuleari zertan datzan ikuskizun horrek. Arrasateko parrokian bertan, San Juan egunean, eguzkiaren argiak San Juan Bataiatzailea argitzen du 20:00etan puntuan –ordu ofiziala–. Eguzkiaren kokapen zehatzak ahalbidetzen du fenomeno hori, eta urtero gertatzen da. Baina ez da Arrasaten bakarrik gertatzen, beste hainbat lekutan gertatzen da, batez ere eliza erromanikoetan. Horrek erakusten digu gure arbasoek aspalditik zerura begiratzeko ohitura zutela.
Hasiera baten behintzat ez dirudi gaia ulertzeko erraza denik...
Hitzaldi modu ulerterrazean ematen saiatuko naiz. Gure artean esaten dugun moduan, letretakoak direnendako moduko hitzaldia prestatu dut, zenbaki eta ariketa matematiko larregi planteatu barik.