Zeintzuk dira, bada, bide zuzenetik oker doazen horiek?
Badirudi uneoro perfekzioaren eta arrakastaren bila ari garela. Beti ari gara kanpotik datozkigun eskemen araberako helmugak markatzen, gure ilusioei kasu egin beharrean. Errealitate horri erantzun bat da Latorrizko dominak kantua. Esan gura duguna da norberak bere buruari jarritako latorrizko dominak direla baliotsuak, guk ez dugu gizarte eredu honek jartzen dituen urrezko dominarik nahi. Kanon horietan, askotan galtzailetzat jotzen zaio arrakasta lortzen ez duenari eta, horregatik, metafora moduan, jarri diogu abestiari Latorrizko dominak izenburua.
Nolakoa da disko berria?
Musika estiloari dagokionez ez dago aldaketa handirik. Hori bai, aurrekoa baino zuzenagoa da, kantuak motzagoak eta landuagoak dira. Erritmo biziagoak eta azkarragoak, baina orokorrean, aurrekoaren ildotik doa: azken diskoa gustatu zaionari berria ere gustatuko zaio.
Eta hitzak? Mezua aldatu al da?
Mezua berez ez da aldatu. Hamar kantu berri dira, beste gai batzuk landu daitezke edo gai horiek lantzeko ikuspuntua beste bat izan. Aurreko diskoa pertsonalagoa zen, disko berriakgizarte eredu honen kontrako kritika gehiago du. Pribilegio bat dugu esku artean, musika. Aukera dugu hamar abestiren bidez hamar ideia jendeari helarazteko, eta hori aprobetxatzen dugu hitzetan.
Musika Haritz Harreguyrekin grabatu eta nahastu. Ahotsak, berriz, lokalean grabatu dituzue. Zergatik?
Ni [Pottoko] erosoago sentitzen naiz lokalean; denbora mugarik gabe eta gustura geratu arte behin eta berriz errepikatzeko aukera izan dugu. Estudio baten presiopean zaude, ordu zehatz batzuk dituzu eta oso garesti irteten da. Finean, norbera naturalen sentitzen den ingurunea bilatu gura izan dugu. Musika Haritz Harreguyrekin grabatzea interesgarria izan zitekeela pentsatu genuen, musikalki bilakaera bat topatu guran. Ahotsak, berriz, gure habitat naturalean grabatu gura izan dugu; sei egun egin genuen lokaletik apenas irten barik gustuko emaitza lortu arte.
2002ko azaroaren 8an eman zenuten lehen kontzertua. Hamar urte batera, formazio aldaketa barik; zuen estiloan Arrasaten ez dago halako talderik. Zein da sekretua?
Hasteko, betiko lagunak garela. Orain, berriz, musikak batzen gaitu. Izan ere, taldeaz aparte oso gutxitan egoten gara. Atzeraelikadura edo feedback bat da gurea: taldeak adiskidetasuna elikatzen du eta adiskidetasuna da, finean, batuta mantentzen gaituena. Never Surrender-ek iraungo du jarraitzeko arrazoiak uzteko arrazoiek baino pisu gehiago izaten segitzen dutenera arte.
Musikalki baloratzearen gainetik, zure bizitzako hamar urte hau egiten egoteak pentsarazi egiten du: zergatik daramat hamar urte honetan sartuta?
Punk-oi! eszenan beteranoak zarenetik ezin ukatu dagoeneko. Nola ikusten dituzue belaunaldi berriak?
Talde asko daude baino gutxiago irauten dute. Era berean, errealitate bat da kontzertuetan gero eta jende gutxiago mugitzen dela. Taldeak badaude, talde onak, baina kaleko mugimendua jaitsi egin da.
Bestalde, belaunaldi aldaketa egon dadin, kasu egin behar zaie talde hasiberriei eta akaso hori da egiten ez dena.
Amaitzeko, bitxikeriarako tartea: duela oso gutxi Anoetan zuen kantu bat entzun zuten 20.000 pertsona baino gehiagok. Zergatik?
Oso sinplea da. Gontxa [Mikel Gonzalez] gure koadrilakoa da eta azken diskoko kantu bat aukeratu zuen gola sartzen zuenerako. Eta hara, gola egin zuen.