Never Surrender: "Ez dugu gizarte eredu honek jarritako urrezko dominarik nahi"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko aza. 29a, 19:26

Gaur ezkero salgai dago Never Surrender talde arrasatearraren disko berria, Iluntz eta Dat tabernetan, zortzi euroren truke. Durangoko azokan ere egongo da salgai, Maukaren standean. 'Bide zuzenetik oker' du izenburu eta hamar kantu ditu, guztiak euskaraz. Azokan bertan, abenduaren 7an, kontzertua eskainiko dute Ahotsenea gunean. Aurkezpen ofiziala, baina, abenduaren 21ean izango da Arrasateko gaztetxean. Asteon eurekin izan gara disko berriaz, iraganaz eta etorkizunaz berbetan, Arrasateko gaztetxeko musika lokaletan. Behean duzue, aurrerapen moduan, disko berriko single-a: 'Latorrizko dominak'.

Latorrizko dominak by jbereziartua

Diskoa aurrekoaren garapena dela diote: "Musika estiloari dagokionez ez dago aldaketa handirik. Hori bai, aurrekoa baino zuzenagoa da, kantuak motzagoak dira. Erritmo biziak eta azkarrak ditu. Baina, orokorrean, aurrekoaren ildotik doa: aurreko diskoa gustatu zaionari berria ere gustatuko zaio".

"Bide zuzenetik oker doazen horiei"

Andoni Iñurritegi Pottoko-k azaldu digu nondik datorren diskoaren izenburua: "Badirudi uneoro perfekzioaren eta arrakastaren bila ari garela. Beti ari gara kanpotik datozkigun eskemen araberako helmugak markatzen, gure ilusioei kasu egin beharrean. Errealitate horri erantzun bat da Latorrizko dominak kantua. Esan gura duguna da norberak bere buruari jarritako latorrizko dominak direla baliotsuak, guk ez dugu gizarte eredu honek jarritako urrezko dominarik nahi. Kanon horietan, askotan galtzailetzat jotzen zaio arrakasta lortzen ez duenari eta, horregatik, metafora moduan, jarri diogu abestiari Latorrizko dominak izenburua".

"Hamar abesti, hamar ideia"

Hitzei dagokienez, gehienak gizarteari egindako kritikak direla aitortu digute: "Aurreko diskoa pertsonalagoa izan zen, honakoak gizartea gehiago kritikatzen du. Pribilegio bat dugu esku artean, musika. Aukera dugu hamar abesti, hamar ideia, jendeari helarazteko, eta hori aprobetxatzen dugu hitzak sortzerako orduan".

Elkarrizketa osoa abenduaren 3an, asteleheneko Goiena paperean

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak