Nekane San Miguel: "Orain guztion ahotan dabilena aspaldi salatu genuen, baina ia inori ez zitzaion interesatu"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko aza. 16a, 01:00

Etxe husteen kontuak bazterrak nahastu ditu eta irteerak topatu eta legea aldatze aldera, Espainiako Gobernua eta oposizioko alderdi nagusia negoziatzera behartu ditu muturreko egoerak. Epaileek ere egin dute berba. Guk ere epaile batengana jo dugu, emakumezko epaile arrasatear eta euskaldun batengana, Nekane San Miguelengana. 1976an hasi zen abokatu lanetan eta 1991 ezkero da epaile. Gaur egun, Lurralde Auzitegian, Bilbon.

Etxe huste prozesuren batean epairik ematea egokitu zaizu?

1997a ezkero Zigor Arloko Epaitegi eta Auzitegian ari naiz lanean, eta etxe huste prozesuak zibilekoak dira; hala ere, oso gertutik jarraitu dut epaile lagunen kezka, eta mina konpartitu. Gogoan dut duela urte bi inguru, epaileon arteko bilera baten azaldutakoa, gaur egungoa aurreikusten genuelako eta indarrean dagoen legediak etsipena areagotzen zigun, interpretazio gutxitarako baitago. Zehatza eta bortitza da.

Esaten da etxe desjabetzeen legea zaharkituta dagoela; duela 100 urte ingurukoa dela eta ez dela eguneratu edo gaurkotu. Hala dela uste duzu?

Bai, hala da, baina desjabetze eta etxe hustea oso gai korapilatsua da, hari-mutur asko ditu lege aldaketaren bidez bakarrik konpontzeko.

Hala ere, epaileon aldetik abusuaz ohartarazi duzue. Ez da ohikoa horrelako adierazpenak egitea, ezta?

Gure kolektiboan, beste guztietan bezala, denetik dago (gaude) eta askotan ohartarazten dugu hainbat legeren injustiziaz, baina ez du beharko lukeen oihartzunik izaten. Prentsak ozenki ez badu aireratzen zerbait, badirudi ez dela, eta orain guztion ahotan dabilena guk aspaldi salatu genuen, baina ia inori ez zitzaion interesatu orduan.

Oraingoz, bankuek edo finantza erakundeek hartutako erabakiaren arabera, muturreko egoeran daudenei desjabetzea urte bi atzeratuko ei zaie...

Bueno, ez dute ezer galtzen horrekin. Kontua atera: desjabetzear dauden etxe horietakoek ezin dute kreditua ordaindu; ezta etxetik botako dituztela aginduta ere. Etxea hustu eta zer irabazten du Bankuak etxe hutsen jabe izanik, gaur egun etxe salmenta eta prezioak dauden bezala? Badakite kreditua eman zutenean jarri zitzaien balorazioa, urrutitik ere, ez dutela lortuko gaur egun. Prozesuak kostu batzuk ditu, eta azkenean zorpetuaren bizkarrera badoaz ere, aurreratu behar du Bankuak.

Hortaz, legea aldatu beharra ikusten duzu?

Dudarik ez egin, baina hemen legeak hedabide batzuen deien arabera aldatzen dira, eta hori ez da serioa. Edozein lege aldatzeko, aurrena azterketa sakona egin beharko litzateke. Lehen esan dudan moduan, alde, arrazoi eta historia diferentea dago desjabetze bakoitzaren atzean, hasieratik: zeinek eskatu zuen kreditua? Zertarako? Zein bermerekin? Ez dugu ahaztu behar etxetik kanporatu dituzten asko eta asko edadeko jendea dela, eta ez zutela kreditua etxea ordaintzeko eskatu, seme edo alaba bati laguntzeko baino. Abalista bilakatu dira Bankuari ez ziolako nahiko berme ematen zuzenean zorpetzen zenak, ez zuelako Bankuak inolako seguritaterik kreditu horren dirua bueltan jasoko zuenik. Eta hemen kontu larriena dator: informazio falta. Zalantzarik ez dut banku eta kutxetako langileek ez dutela informazio zuzena eman esaterakoan. Badakit enplegatu horiek ere euren Zuzendaritzen presiopean direla, baina nola esplikatu ohi da kreditu hartzaileak ez badu ordaintzen, zer-nolako kopurutan sartzen den abalista? Desastre honen errudun asko dago, kontsumismo eta arinkeriaren filosofia ahaztu gabe. Nahastu ditugu bizileku duin baterako eskubidea, batetik, eta jabegoa, eta ez dugu ezarri lehena babesteko baliabide eta tresnarik.

Gai konplexuegia da, orain PP eta PSOEk bi astetan ezer konpontzeko. Berriz diot, hainbat kontu berraztertzen ez badira, hemendik gutxira okerrago egon gaitezke.

Beste kontu bat da tasa judizialena. Zela ikusten duzu?

Ba, zer esango dizut, beste desastre bat. Duela 30 urte inguru kendu ziren tasak, eta orain diote epaiketa gehiegi dagoela, jendeak oso arin eta bidegabe jotzen duela epaitegietara. Hori ez da egia. Salbuespenak salbuespen (kontu guztietan moduan), jendeak ez du epaitegira jo nahi. Nire lanbidea izan arren (alde baten edo bestean 36 urte daramat lan honetan), egunero dut gogoan oso gogorra dela prozesu baten pean izatea, edozein dela ere prozesu hori, eta beste erremediorik ez dagoenean sartzen gara epaiketa batean. Gatazkak soluziobidean jartzeko beste modu batzuk ahalbidetu beharko lirateke, abokatuei ere formazioa eta beste aukerak eskainiz. Horren ordez, jendeak abusatu egiten duela, eta prozesu kopurua murrizteko, tasak jartzea etxea teilatutik hastea da, beste behin ere. Berriz ere ganorazko azterketaren falta, eta auskalo ze borondate.

Hortaz, berriz ere aberatsentzat geldituko da justiziara jotzeko aukera?

Ez dakit, ikusi egin behar, zeren hor ere bada-eta beste gatazka bat: Ofiziozko txanda eta pobreziaz jardun ahal izateko onura dela-eta. Azken asteetan ere hedabide batzuetan azaldu dira Abokatu Kolegioen kexak. Badakizu txanda berezi bat dela pobreziaz aritzen direnentzat, zeinetan abokatuei Administrazioek ordaintzen dieten lana (exkax diote). Bada, dirudienez, ordainketa urri horiek egiteko ere arazoak sortu dira... Esango didazu!

Krisiak eragina justizian ere...

Ez egin dudarik, aipatutakoez gain, beste hainbeste eta gehiago ere, badira.

Euskara justizia arloan erabileran ere nabarmentzen da krisia?

Egia esan, ez dakit nondik hasi kontu honetan. Gaur egun Erkide Autonomoaren Epaitegietan euskaraz jardun ahal izateko baliabide asko dago. Hainbat prozesutan erabiltzen diren eredu eta inprimakiak euskaratuta daude; funtzionarioen artean, nik behintzat, euskara gehiago entzuten dut, eta azken gobernuak atzerapausoak eman dituen arren, datorrenak bidea berriz hartuko duenaren esperantzan nago. Hala ere, eskubide urraketak nabarmenak dira. Duela urte eta erdi Europaren Batzordeak aldiro egin behar duenaren txostenerako datuak ematera joan nintzen, eta adierazi nien zein nolako egoeran gauden. Azaldutako guztia (bai abokatu talde batek, bai erabiltzaileek, eta bai nik, Euskaditik epaile salatari bakarra izan nintzen arren) duela gutxi Batzordeak berak eta Kontseiluak publiko egin duen txostenean jaso zen, salatutakoa egiaztatu ondoren. Oraindik asko dago egiteko, baina batez ere euskaldunon artekoa da lana, eta alde horretatik oso kezkatuta nago, gure jarrerarekin gure hizkuntza, gure anima hondamendira eramaten ari ote garen. Duela aste batzuk Arrasaten, euskararen erabilera erreklamatzeagatik gertatu zitzaidan historia lotsagarri bezain iraingarri baten berri emateko asmoa nuen Arrasateko hedabideetan, gutun baten bidez. Gutun hori prestatuta nuen, elkar-hizketa honetarako zuen deia jaso dudanean.... Administrazioa eta Agintea salatzen dugu, baina gertukoek jarrera bortitzagoak izaten dituzte, euskararen erabilera zokora, bazterrera botatzean, hori baita eremu jakin batzuetara mugatzea erabilera, eta ez onartzea normalizazioaren lehen urratsa ekitaldi guztietan euskarak presentzia izatea dela. Normalizazio bidetik oso, oso urruti gaude, bai Administrazioan, oro har, bai eguneroko bizitzan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak