Europan nahiz munduan sektore estrategikotzat identifikatu dira energiarena, osasunarena eta teknologia garbiena eta, MUko iturrien arabera, "gure enpresa-ehuna eraldatzekotan, sektore horietan egoki kokatu beharra dugu, hazten eta balio erantsi handia izaten jarraituko duten aurreikuspena dagoelako".Gainera, titulazio horiek Eusko Jaurlaritzaren Euskadi 2020 Energia Estrategiari eta Europako Batzordearen Energy Strategy for Europe 2020ri ere erantzuten diete. Eusko Jaurlaritzaren estrategiaren helburua lehiakortasunean, hornikuntza-segurtasunean eta karbono-erabilera murriztuan geroz eta iraunkorragoa izango den energia-sistema lortzea da, eta Europako Batzordeak berotegi-efektuko gasen isuriak murriztu nahi ditu, energia berriztagarrien sorkuntza eta energia-eraginkortasuna % 20 areagotuz.Gainera, osasunari loturiko teknologia Espainiako ekonomia-eredua aldatzeko funtsezko palankatzat jo da.
Aldaketa hori burutzeko ezinbestekoa da, ordea, sektore horietan prestatutako profesionalak ere eskura izatea eta, aukera hori eta gure enpresen premia ikusirik, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak arlo horietako espezialistak trebatuko dituzten hiru ingeniaritza-titulazio berri eskainiko ditu 2012-2014 ikasturtean:Ingeniaritza Biomedikoa, Energia Ingeniaritza eta Prozesu Industrialetako Ekoteknologiako Ingeniaritza. Datorren ikasturtean abiatuko dira, guztira 120 ikasle bilduta -40 ingeniaritza bakoitzean.
Ingeniaritza biomedikoa
Etorkizunean hazkundea izango duela aurreikusten den ingeniaritza berri hori Arrasateko campusean emango da; Mondragon Healthekin batera egindako proiektua da. Ingeniaritzaren ikuspuntutik osasunaren alorrean murgildu nahi du MUk, osasunaren esparruan sortzen diren arazoak ebazteko gai izango diren pertsonak trebatzeko asmoz.
Helburua da ingeniaritzaren ezagutzak eta trebetasunak biomedikuntzaren eta osasunaren alorrean txertatzea, osasun-zientziekin batera jardunez, alor horretako teknologia, produktu, ekipamendu, prozesu eta zerbitzuak diseinatu eta garatzen laguntzeko. Horri esker, osasun-zientzien esparruan dagoen langile kualifikatuen hutsunea betetzea lortuko litzateke, arduradunen hitzetan, pertsonen osasuna hobetzen inpaktu handia duten aurrerakuntza teknologikoei erantzun egokia emanez.
Profesional berri horiek lan-merkatu zabala izango dute: diagnostikorako ekipamendua, tratamendurako eta errehabilitaziorako ekipamendua, bizi-kalitatea hobetzeko ekipamendua, eta kirol errendimendua hobetzeko ekipamendua. Gainera, ingeniaritza biomedikoko proiektuak zuzentzeko aukera ere izango dute, aukerak antzematetik hasi eta merkatuan ezarri arte.
Graduak presentziazko formatua izango du, eta 2013ko irailean jarriko da abian.
Josu Zabala eta Bixente Atxa, Ingeniaritza biomedikuari buruzko azalpenak ematen.
Beste biak Donostialdean
Gainerako bi ingeniaritzak, Energia Ingeniaritza nahiz Prozesu Industrialetako Ekoteknologiako Ingeniaritza -biak ere ekologiarekiko geroz eta sentiberagoa den gizartearekin bat datozenak- Mondragon Unibertsitateak Donostialdean duen campus berrian emango dira, ORONAk eta MONDRAGONek sustaturiko ORONA IDeO-Innovation City Poloan. Polo hori berrikuntzarako ekosistema bat da, Europan aitzindaria, eta nazioartean energia-gaien berrikuntzaren inguruko erreferentzia bihurtu nahi duena. Punta-puntako eta etorkizuneko gaiak ikertuko dira bertan, hala nola energia-eraginkortasuna, iraunkortasuna, ekoteknologia, biltegiratzea eta energia-kudeaketa.
Energia Ingeniaritza
Gradu hori presentziazkoa izango da, eta energiaren esparruan enpresen premiei erantzungo dieten gaur egungo eta etorkizuneko energia-premiak antzemateko ingeniariak prestatzeko helburua du. Ildo horretan, ikasleek sistema, prozesu eta produktuak ikertu eta diseinatuko dituzte.
Prozesu Industrialetako Ekoteknologiako Ingeniaritza
Titulazio aitzindaria da Espainian, orain arte Alemanian baino ez delako eman. Presentziazko formatua du eta produktuak sortzen direnean, ingurumenean duten inpaktua murrizteko, prozesu “berdeak” txertatuko dituzten ingeniariak sortu nahi ditu. Titulu horrek fabrikazioan, energiaren esparruan eta produktuen bizi-zikloaren optimizazioan (hau da, produktuak sorreratik bizi-amaierara arte duen ingurumen-inpaktuan) adituak izango diren profesionalak sortu nahi ditu.
Ingeniaritzako prestakuntza jasotzeaz gain, ikasleek materialen fabrikazioaren, ekoizpenaren eta energia-kontsumoaren inguruko ezagutzak ere barneratuko dituzte, batez ere energia berriztagarrien eta ingurumen-ezagutzen esparruan. Europar Batasunak datozen urteetan sektore hori bultzatu nahi du eta, beraz, profil hori duten lanpostuak sortuko dira.
Gainerako ingeniaritzak
Hiru ingeniaritza berri horiek Goi Eskola Politeknikoan dagoeneko abian diren sei ingeniaritza-graduei gehituko zaizkie.